Eraso sexisten aurkako protokoloan ez du aldaketarik egingo Enrique Mayak

  • Navarra Sumak eraso sexisten aurkako protokoloa aldatu zuela eta sanferminetako erasoen aurkako kanpaina aldebakarrez erabaki zuela salatu zuten iragan astean Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak. Emakumeen Kontseiluak gobernu taldeari egindako eskakizunen aurrean, protokoloa zegoen bezala utziko du Mayak. Ikusteke dago Sanferminetako kanpainarekin zer gertatuko den.

Argazkia: Euskalerria Irratia

2022ko maiatzaren 26an - 12:24

Pasa den astean, asteazkenean, Iruñeko Udalarekin elkarbanatu izan duten emakumeen aurkako indarkeriaren aholkularitza taldetik atera zirela jakinarazi zuten Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak. Arrazoia: udal gobernuak sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu izana, eta sanferminetako egin ohi den kanpaina mugimendu feministaren "adostasunik gabe" onartu izana.

Harrabotsa sortu zuen gertakariak, eta astelehenean Emakumeen Kontseiluak gobernu taldeari exijitu zion sanferminetako eraso sexisten aurkako protokoloa eta kanpaina osorik mantentzeko. Azkenean, Enrique Maya alkateak atzera egin du eta erasoen aurkako protokoloa bere horretan mantenduko du, Iruñeko EH Bilduko zinegotzi Eva Arangurenek ostegunean jakinarazi duenez. Koalizioak prentsaurrekoa egin du Navarra Suma egiten ari den jaien kudeaketaren gainean hitza hartzeko.

Arangurenek emandako azalpenen arabera, astelehenean ezohiko bilera egin zuen Emakumeen Kontseiluak Iruñeko Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren eskariz. Bileran lau puntu adostu zituzten, horietako bat izanik protokoloa zegoen bezala mantentzea, udal gobernuak egin nahi zizkion aldaketak aplikatu gabe. Eskakizun horren aurrean protokoloa 2016an adostu bezala utzi du Mayak, "bere aldaketa proposamenari dagokionez atzera egitera behartua ikusi delako", Arangurenen hitzetan.

Protokoloaren auzia itxita, orain ikusteke dago zer gertatuko den sanferminetako eraso sexisten aurkako kanpainarekin. Navarra Sumak aldaketak egin zizkion horri ere, feministek salatu zutenez. Baina Arangurenek jakinarazi du María García Barberena Navarra Sumaren zinegotziak balizko aldaketari ateak ireki dizkion adierazpenak egin dituela, esanez oraindik materiala bidali gabe dagoela eta aldaketak egiteko sasoiz dabiltzala. Kanpainari buruzko erabakiak itxi gabe daude oraindik, beraz, aukeretako bat da hor ere atzera egitea Navarra Sumak, edo ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sanferminak
Diego Yllanesi ukatu egin diote haren inguruko albisteak ezabatzea

Nagore Laffagen hilketaren harira, Diego Yllanesek ahaztua izateko eskubidea aldarrikatu du. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskaerari uko egin, eta erabaki du informazio eta adierazpen askatasuna gailentzen zaizkiola.

 


2023-07-11 | Ilargi Manzanares
SOS Nafarroak 11.000 dei baino gehiago jaso ditu Sanferminetako lehen bost egunetan

Uztailaren 6tik 10era bitarte 11.261 dei erantzun dituzte SOS Nafarroaren 112 zenbakian. Besteak beste, entzierroaren osasun azpiegitura koordinatzen da zerbitzuaren egoitzatik.


Hamaika gizon atxilotu dituzte Sanferminetan, sexu erasoak egotzita

Sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Iruñerriko Mugimendu Feministak astelehenean 21:00etan Gaztelu Plazan. Cristina Ibarrola alkateak dio "sexu erasoak kenduta" festak lasaitasunez ospatzen ari direla.


Eguneraketa berriak daude