Emakumeen bazterketa ekarri zuen Donostiako danborrada Sansebastianetara pasatzeak


2019ko urtarrilaren 18an - 09:51
Urketarien irudi bat / Argazkia: Gero Axular Kultur Taldea
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

1836an dago danborrararen sorburua. Inauterietan danborrada bat konpartsa gisa irten zen, eta ezin uka osperik izan zuenik. Urte gutxien buruan Sansebastian eguneko ospakizunaren parte bilakatu zen. Dena den, bilakaera horrek emakumeen bazterketa ekarri zuen. Danborrada inauterietako konpartsa zen garaian emakumeez osatutako konpartsak zeuden eta San Sebastian egunera pasatu zenean, emakumeei protagonismoa mugatu zieten: kantinera eta banderari rolak bakarrik eman zizkieten. Emakumezkoen parte hartzaile kopurua oso txikia zen, eta parte hartzen zutenek, danborradan ez zuten danborrik jotzen.

Ia protagonismorik ez duela 40 urte arte

1970. hamarkadan, danborradaren festak ospea irabazi zuen Espainiako Estatuan, eta garai bertsuan hasi ziren emakumeak danborra jotzen ateratzeko eskaerak egiten. Kresala Elkarteak egin zuen lehen talde mistoa, 1980an. Urte hartan emakumeek soldadu jantzia eraman zuten. Berdintasunaren aurka zeudenek bultzatuta, istiluak izan ziren egun hartan. Hirian eztabaida piztu zen, ea emakumeek parte hartu zezaketen danborradan.

1981ean, emakumeek haien parte hartzea ikusgarriago egiteko, urketariaren figura proposatu zuten. Urketariak, izatez, ur bila joandako etxekoandre eta neskameak dira, eta danborradan ikuspegi historiko eta koherente bat izan zezakeela argudiatu zuten. Proposamena onartu eta eztabaida baretu zen.

Orduz geroztik, emakumeek hainbat rol izan dituzte elkarteen arabera. Zenbaitetan militar zein sukaldariz jantzita ateratzen dira, eta beste batzuetan emakumezkoek lehen erabilitako jantziak berreskuratu dira. Hala ere, gehien ikusten dena urketariarena da.

Emakumeak onartzen ez dituzten elkarteak

Urtarrilak 20an 147 danborrada irtengo dira kalera Donostian; gehienak talde mistoak. Bederatzi dira gaur egun ere emakumeak baztertzen dituzten elkarteak. Gainera, emakumeei danborradako erabakiguneetan parte hartzen uzten ez dieten elkarteak daude, baita bazkide izaten edo sukaldera sartzen uzten ez dituztenak ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matxismoa
Eguneraketa berriak daude