EITBk aitortu du iktusaren kontrako telemaratoian jasotako 146.410 euro kanpaina pagatzeko gastatu zirela

  • Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko EITBren Kontrol Batzordean hitz egin zuen astelehen honetan Elkarrekin Podemosek eskatuta. Iaztik argitu gabe dagoen gai bati buruzko azalpenak eman ditu: zer gertatu zen 2017an iktusaren aurkako EITB Maratoian bildutako diruarekin?


2019ko martxoaren 13an - 18:09
Maite Iturbe, EITBren Kontrol Batzordean.

Iazko irailean eman zuen albistea Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak: EITB Maratoian herritarrek iktusaren kontra jarri zuten diruaren zati bat, 100.000 euro baino gehiago, ez zela kausa horretara bideratuko, maratoia egiteak dauzkan gastuak ordaintzera baizik.

Sei hilabete geroago eman ditu auziaren inguruko azalpenak Maite Iturbek Eusko Legebiltzarrean. EITB Maratoiaren filosofia eta kanpaina horren barruan egiten diren lanak xehetasunez deskribatu ondoren, 2017ko kanpainaren kasuan EITBk eta BIOEF erakundeak zer hitzartu zuten azaldu du.

EAEko osasun sisteman berrikuntza sustatzeko fundazioa da BIOEF eta erakunde horrek jaso behar zuen, EITBk iktusaren kontrako kanpaina publiko egitean iragarri zuenez, herritarren poltsikoetatik jasotako diru guztia. Eta halaxe egin zuen, Iturbek esplikatu duenez: 2017ko abenduan 10 egunez egindako diru-bilketan 433.803,39 euro jaso ziren eta, horrez gain, EITBko zuzendari nagusiak zehaztu ez duen banku-erakunde batek 3.800 euroko ekarpena egin zuen.

Diru horiek denak BIOEFek jaso zituen, “garbi utzi nahi dut hori”, adierazi zuen Iturbek asteleheneko agerraldian.

146.000 euro baino gehiago kanpaina ordaintzeko

Baina diru hori sartzearekin batera, EITBk BIOEFi ere kobraketa bat egin zion: Iturbek azaldutakoaren arabera, bi erakundeek maratoia antolatzeko sinatutako hitzarmenean zehazten da, jasotako dirua 242.000 eurotik gorakoa baldin bada, horietatik 121.000 euroko kopuru finkoa EITBk jaso behar duela kanpaina-gastuengatik. Kopuru horri gehitu behar zaio %21eko BEZ zerga ere.

Iturbe, asteleheneko agerraldian, kobraketa hori justifikatzeko datuak ematen ahalegindu zen: bere esanetan, EITB taldeko hedabideetan kanpainak izan dituen espazio publizitarioen balio ekonomikoa 700.000 eurotik gorakoa da eta EITBko langileek maratoiari eskainitako lan-orduen balioa berriz 18.000 eurotik gorakoa.

Ekoiztetxe baten zerbitzua kontratatzen du EITBk aipatutako telemaratoia egiteko eta hark kobratu zuen aipatutako kopurua Iturbek azaldu duenez. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Aranak galdetu zion ea ezin den halako kanpainarik antolatu irrati-telebista publikoaren berezko baliabideekin. Iturbek ezetz erantzun zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EITB
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Eguneraketa berriak daude