Euskararen Pizkundea hizpide den testuinguruan, Aldatu Gidoia Euskararen Alde herri mugimenduak salatu du EITBren ETB On plataforma berriak euskarazko edukiak bigarren mailan utzi dituela, gaztelaniazko eskaintza nagusituz eta Primeran plataformaren bideragarritasuna zalantzan jarriz.
Euskararen Pizkundea gurean gai nagusi bilakatu den egunotan, Aldatu Gidoia Euskararen Alde herri mugimenduak salatu du EITBren ETB On plataforma berriak euskarari bizkarra ematen diola. Izan ere, adierazi dutenez, plataforma elebidun berrian gaztelaniazko eskaintza “oso nagusia” da, eta “oso posizio txarrean eta aurrera egiteko ia aukerarik gabe” utzi dute euskarazko Primeran plataforma. Modu horretan, “zalantzan jartzen da Primeran-en bideragarritasuna”, eta EITBko buruak “horren oso jakitun” direla gaineratu dute. Hain zuzen, EITBk euskara erdigunean jar dezan abiatu zuten Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpaina orain dela pare bat urte, eta EITBn euskararen aurkako erabakiak salatzen dabiltza ordutik.
Denboran atzera eginda, ETB2 katea sortu zen garaiak gogorarazi dituzte. Ordutik, EITBren “aurrekontuaren eta promozioaren zatirik handiena” gaztelaniazko edukiek hartu izan dutela salatu dute, eta ondorioz, “euskaldunek gaztelaniazko programetara jotzea naturalizatu" dutela. Azpimarratu dute hori linguistikaren ikuspegitik kaltegarria dela “euskara bezalako hizkuntza minorizatuarentzat eta euskaldunona bezalako hiztun-komunitate gutxituarentzat”. Ohartarazi dute, oraingoan, ETB On plataformarekin “antzekoa” gertatuko dela.
Egoera konkretuari, politika publiko zehatzak
Aldatu Gidoiak haserrea partekatzeaz gain, euskarari gune hegemonikoak emateko soluzio zehatzak exijitu dizkio EITBri. Euren esanetan, “pizkundea sortzeko eta hizkuntza biziberritzeko, politika-publiko jakinak behar dira, neurri zehatzak: behar-beharrezkoa da euskararentzat gune hegemonikoak artikulatzea”. Gaineratu dute, halako gunerik gabe, euskarak ez duela “belaunaldi askotan biziraungo”.
Amaitzeko, adierazi dute nekatuta daudela “EITBko arduradunen aitzakiez, euskarazko edukiak kontsumitzen ez direla entzuteaz, eta horren ardura euskaldunon gain jartzeaz”. Izan ere, euren arabera, zerbitzu publikoa de heinean, “EITBren obligazioa da” euskarari eta euskarazko edukiei lehentasuna ematea. Gainera, salatu dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunek “ezin dituztela ETB On plataformako eduki asko eta asko ikusi”, eta modu horretan Euskal Telebistari “sistematikoki euskal herritarren zati bati bizkarra ematea” egotzi diete. Hori guztiagatik, Aldatu Gidoiak EITBko arduradunei “hartu beharreko neurriak hartzeko” eta “egoera berehala zuzentzeko” eskatu die.