Bereziki ordezko irakasleen eremuan errektoretzat ezarritako murrizketak salatu dituzte. Irakasleen artean grebaren jarraipena %85ekoa izan da, sindikatuen esanetan. Urriaren 25eko sektore publikoko grebari atxikimendua adierazi diote ere.
EHUko errektoretza-taldeak irakasle eta ikertzaileen “egoera prekarioa iraultzeko” neurriak hartzea eskatu dute EHko Prekarioen Koordinadorako kideek. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan LAB, CCOO, ELA eta Steilas sindikatuek lan baldintza “kaskarrak” salatu dituzte.
LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa indarrean sartu zenean areagotu dira murrizketak, sindikatuen arabera: “Larritze hau bajengatiko ordezkapenen betetzean Eva Ferreira buru duen errektoretza-taldeak egindako interpretazio murriztailearen ondorioz eman da”. Salatu dute kontratazio berrietako ordezkoek gehienez ere 800 euroko soldata izan ohi dutela.
Sindikatuen arabera, parte hartzea %85aren inguruan kokatu da irakasleria osoa aintzat hartuta. Era berean, nabarmendu dute “datua are eta handiagoa” dela ordezko irakasleen kolektiboan.
Ordezkoen prekaritatea
Greba deialdia egiteko arrazoia ordezkapenak egiteko baldintzak direla azpimarratu dute. “Lan zama handitzeaz” gain, aldi baterako ikertzaileei eta ikasleei ikerketa seiurtekoak ukatzea, akordioak deuseztatzea eta burokrazia handitzea salatu dute. “Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura, eta lan baldintza duinekin”, adierazi dute. Halaber, EHUko langileei urriaren 25eko sektore publikoko grebarako deialdia egin diete sindikatuetako kideek.