EAEko estatutu berriaren beherapenen legealdia dator

  • Astearte honetan ekin dio Eusko Jaurlaritzak ikasturte berriari, ohikoa denez Donostiako Miramar Jauregian. Legealdia bere bide erdian denean, une honetako puntu garrantzitsuenetakoa 2019ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuena da. Honekin batera, erronkarik handiena estatutu berria adostea izango da.

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldearen bilera bat. (Arg.: Eusko Legebiltzarra)

2018ko abuztuaren 28an - 10:42

Orain arteko aurrekontuak PPren sostenguarekin atera ditu, EAJk Madrilen PPrenak babestearen truke, baina ikusi beharko da PP Madrilgo gobernutik kanporatua izan ondoren, honek zer jarrera hartuko duen. EAJk dagoeneko azaldu du lehenbizi PPren sostengua bilatuko duela eta bestela saiatuko dela EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin.

Estatutu berria

Legealdiko beste une beroetakoa izango da EAEren autonomia estatutu berria; oraingoz EAJren eta EH Bilduren akordioarekin bakarrik onartu dira estatutuaren oinarriak eta ikasturte honetan artikuluen idazketa egingo du aditu talde batek. Printzipio horietan EAEren erabaki eskubidea eta Espainiarekiko harreman parekidea onartzen dira, besteak beste.

Jeltzaleek proiektua abiarazi zutenean, helburua Gernikako Estatutuak lortutako sostengua handitzea zela adierazi zuten eta PSE eraman zuten bide horretara. Orain, ordea, PSEk ez ditu adostutako oinarriak onartzen Espainiako legedia gainditzen dutelako. Teorian erabaki eskubidearen aldekoa den Elkarrekin Podemosek ere aukera galdutzat jotzen du, onartutako hasierako testua soberanistegia delako. PPren jarrera aurkakoa da legealdiaren hasieratik eta bere ordezkariek etengabe azpimarratu dute estatutu berria ETAk nahi zuen moduan egiten ari dela.

Eduki beherapenak

Kurtso politikoari begira, EAJk argi esan du EH Bilduren eta EAJren akordioa ez dela nahiko Madrilera joateko, nahiz eta bi alderdien artean Legebiltzarreko ordezkaritzaren %61,3 duten. 2016-2020 legealdi honetako hauteskundeetako partehartzea, esaterako, %60koa izan zen, eta Estatutua bozkatzeko erreferendumean %58koa –horietatik %90 baiezkoa–. Jeltzaleak, beraz, adierazten ari dira beroarenak kendu beharko zaizkiola EAJk eta EH Bilduk onartutako testuari.

Aitor Esteban diputatu jeltzaleak esan berri duenez, gainera, EH Bildu izan zen EAJren jarreretara hurbildu zena azken akordioan, eta badirudi horrekin nahiko argi adierazten ari dela hurrengo doitze saioetan ere horrela beharko duela, ez dagoela PSE eta Elkarrekin Podemos erakartzeko beste modurik. Lehenago edo geroago, beraz, pentsatzekoa da estatutu berriaren oinarrietatik kendu egingo direla Espainiako legediarekin talka ekarri dezaketen osagaiak.

Gernikako Estatutua da Espainiako Estatuan inolako erreformarik izan ez duen estatutu bakarra. Onartu zenetik lau hamarkadara oraindik 37 eskumen jaso gabe ditu, horien artean gizarte segurantzarena. Teorian, kurtso politiko honetan Estatutu berriari buruzkoak finitu beharko lirateke, 2020an erreferenduma egiteko. EAJk aurreko legealdirako agindu zuen kontsulta, baina kontsentsurik ezean honetarako utzi zuen eta hala jaso zuen bere hauteskunde programan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarra
Software librea erabiltzen duten ikastetxeek beraien esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]


Whatsapp-a ez da izango EAEko hezkuntzako oposizioetan akreditazioa lortzeko bide bakarra

Eztabaida eragin zuen 2023ko urriaren 21ko EAEko irakasleen oposizioetara sartzeko Whatsapp bidez jasotako QR kodea erabili beharrak. Azkenean, akreditazioa webgune baten bidez eskuratzeko aukera ere eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hemendik aurrera... [+]


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea adostu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk

EAJ, EH Bildu eta PSE-ren babesarekin atera da aurrera. Erregai fosilen desinbertsiorako plan bat gauzatu beharko du Jaurlaritzak. Helburu nagusia 2050rako EAEn karbono emisioak zerora murriztea da.


2024-02-08 | ARGIA
Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren legeaz:
"Hiru alderdi politiko hauek hazkunde ekonomikoa lehenetsi dute klima larrialdiaren aurrean"

Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea egin du Eusko Legebiltzarraren atarian, barruan Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Legea onartzen zuten bitartean. Sare horren hitzetan, "EAJ-PNV, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da, agerian utziz hiru alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude