2024-02-23 15:50

Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak Legebiltzarraren webgunean daude ikusgai.

Alain Urizar Oleaga – Antigua-Luberri BHI: “Luberri sistema eragile libreak Hezkuntza legearen digitalizazioko printzipioak betetzen ditu”

Antigua-Luberri BHIko zuzendaria den Alain Urizar Oleaga izan da hitza hartzen lehena. 2023aren amaieran Eusko Legebiltzarrak onartutako Hezkuntza Legean digitalizazioari dagokionean aipatzen diren printzipioak irakurrita hasi da: “Digitalizazio etikoa eta arduratsua”, “pertsonen aukera-berdintasuna”, “pribatutasunerako duten eskubidea eta ahalduntze digitala, bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz soilik” lortu daitekeela, eta “tresna digitalen integrazio pedagogikorako esparru batean oinarrituta” egin behar dela.

Ikasleak digitalki ahalduntzeari buruz legeak dioena ere aipatu du: “Batetik, digitalizazioari lotutako erabakiak hartzeko gai izan behar dutela, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrola eta ahalmena izanez eta tresna horiekiko mendekotasun oro saihestuz, eta, bestetik, parte-hartze sozial aktiborako eta burujaberako gaituak izan behar dutela, baliabide teknologiko horiek modu etiko, inklusibo eta arduratsuan erabiliz, genero-ikuspegia txertatuz eta beren pribatutasuna eta datu pertsonalen babesa bermatuz”.

Luberri sistema eragile libre eta euskaldunak Hezkuntza legearen digitalizazioko printzipio horiek betetzen dituela esan du Urizarrek. Argudiatu du antzeko balioek bultzatu zutela 2010ean Luberri Linux sortzera garai hartan Antigua-Luberri institutuko IKT arduraduna zen Alex Gabilondo.

Hasteko, eskolan zituzten tresnak etxean ere erabili ahal izateko ikasleak Microsoft Windows eta Office erostera behartuta zeuden. Hori ez zuten zilegi ikusten Antigua-Luberri BHIn inklusioaren ikuspuntutik. Horregatik, aukera berdintasuna bermatzeko, Luberri sistema eragilea eta bere aplikazio guztiak ikasleei CD batean doan ematen hasi ziren, etxean instalatu zezaten.

Bestetik, pribatutasun ikuspegitik arduratuta zeuden, multinazionalak hezkuntzan sartzen ari zirelako eta ikasleen datuak bildu zitzaketelako. Horrez gain, hezkuntzarako propio sortutako sistema eragile bat nahi zuten, Windows erabilera orokorreko baita. Bide horretatik Luberri hezkuntzatik hezkuntzarako pentsatuta sortu zuten, pedagogia kontuan izanda.

Luberriren beste ezaugarri bat moldagarritasuna eta konfiguragarritasuna dira. Hori bat dator hezkuntza legean jasotako ahalduntzearekin. Gainera software librea da. Lehen Ubuntun oinarritua zegoen eta orain Linux Mint-en. Horri esker auditagarria, gardena eta askea da. Horiek ere legean jasotzen diren printzipioak dira.

Luberri kalitatezkoa, erabiltzeko erraza eta arina ere badela gaineratu du Irizarrek. Horretaz gain, Windowsek baino errekurtso gutxiago eskatzen dituenez, jasangarriagoa da, Microsoften sistema eragilearekin jada funtzionatzen ez duten ordenagailuen bizitza luzatzeko aukera ematen baitu.

Euskara eta bere transmisioa ere aipatzen dira Hezkuntza legean. Microsoften edo Googleren tresnak euskaratzea ez dago gure esku. Software libreko aplikazioek aldiz erraztasunak ematen dituzte itzultzeko. Horri esker Luberrin dauden tresna guztiak euskaraz daude edo euskaratzeko bidean.

Sistema eragileaz gain Antigua-Luberri institutuan bestelako software libreko tresnak ere erabiltzen dituztela gogoratu du Irizarrek: Moodle, Nextcloud… Administrazioak ikastetxeei Moodle eskaintzen diela aipatu du, baina bere ustez behar adinako bultzadarik eman gabe.

Antigua-Luberri BHIn 1000 ordenagailu inguru dituzte: 800 ikasleenak, 100 irakasleenak eta gainerakoak geletan eta abarretan daudenak. Ia guztiek Luberri sistema eragile libre eta euskalduna erabiltzen dute, abio bikoitzeko moduan instalatuta Windows-ekin batera. Irakasleen ordenagailuetako Luberri haien beharretara egokituta dago.

Ordenagailuak Windowsekin bakarrik jasotzen dituzte eta beraiek arduratzen dira Luberri gehitzeaz. Iaz 600 ordenagailu baino gehiago iritsi zitzaizkien eta guztiak egokitu behar izan zituzten. Aurten lehen mailarako ehundik gora instalazio egin beharko dituzte. Horrez gain sistema eragileak eta aplikazioak eguneratzeak ere lana ematen die. Antigua-Luberriko zuzendariak faltan botatzen du lan horiek automatikoki egiteko modua izatea.

Bestalde, Windowsekin arazo bat dagoenean Hezkuntza Sailak euskarria eskaintzen duela adierazi du, baina Luberrirekin arazo bat dagoenean ikastetxean bertan moldatu behar izaten dutela. Aipatutako lan horiek guztiak IKT arduradunak egin behar izaten dituela gogorarazi du, askotan lan orduez kanpo. Orain arte horretan sinesten zutelako eta justua zela iruditzen zitzaielako egiten zuten, baina orain legeak agintzen duena hori bera dela esanez amaitu du hitz hartzea.

Iñigo Gebara Gracenea – Hirubide BHI: “Edonork erabiltzeko modukoa da Luberri, ez dago ezagutza berezirik izan beharrik”

Irungo Hirubide BHIko irakaslea da eta digitalizazio arduraduna izan da urte askoan. Gaur egun mentore digitala da. Urteak daramatza Luberri Linux mantentzen Alex Gabilondorekin batera. Luberrin egiten duen lana batez ere ordu libreetan egiten du, proiektuan eta software librean sinesten duelako, erreminta ona dela uste duelako eta ikastetxean arazo asko ekidin dizkielako. Hala ere, salatu du askotan borroka egin behar izan dutela instalatzeko trabak gainditzeko.

Beste leku askotan hezkuntzarako prestatutako Linux banaketak administrazio publikoak sortzen dituela gogoratu du: Madril, Valentzia, Frantzia… Gurean komunitateak egiten badu ere, administrazioaren lana izan behar lukeela uste du. Gutxienez egiten duten lanari oztoporik ez jartzea gustatuko litzaioke.

2010ean Antigua-Luberri BHI-n sortutako sistema eragilea pixkanaka beste ikastetxeetara zabaldu zen: Donostiako Lauhaizeta BHI, Irungo Toki Alai BHI… Hirubiden hasieran ordenagailu zaharrak berpizteko erabili zuten, baina gero ikusi zuten aukera asko eskaintzen zituela.

Une honetan Hirubiden 300 ordenagailu inguru dituzte, ia guztiak Luberrirekin. Salbuespenak zuzendariaren eta idazkariaren gailuak dira, Hezkuntza Sailetik datozen zenbait programa ezin direlako sistema eragile librean erabili, eta estandarrak errespetatzen ez dituzten zenbait dokumentu ezin dituztelako bete bestela.

Luberri sistema eragilea Linux Minten oinarritua dago gaur egun. Bi urtetik behin Minten bertsio berria hartu eta egokitzeko lana hartzen dute. Horretaz gain, noizean behin bertsio berriak argitaratzen dituzte, esaterako akatsak zuzentzeko, programa berriak gehitzeko edo zaharkituak geratutakoak kentzeko.

Luberriko aplikazio guztiak euskaraz izateko ahalegin berezia egiten dute. Programa interesgarri bat gehitu nahi badute, baina ez badago euskaraz, beraiek edo komunitateak itzultzen du. Azken bertsioetan programak garatzen ere hasi dira, esaterako ikasleen eta irakasleen ordenagailuan ikastetxeko sarean integratzea errazteko. Guzti horri esker Luberri edonork erabiltzeko modukoa iruditzen zaio Gebarari, “ez dago ezagutza berezirik eduki beharrik”.

Luberriren bertsio berrien probak sistema eragile libre eta euskalduna erabiltzen duten ikastetxeen komunitatean egiten dituzte. Horrek balio erantsia ematen dio Luberriri Iñigo Gebararen ustez, baina hala ere batzuetan motz geratzen dela iruditzen zaio, adibidez, instalazioak egitea bezalako lan errepikakorrak egiteko laguntza eskertuko lukete.

Izan ere, hori da duten zailtasun handiena: ikasturte hasieran instalazio guztiak egin edo eguneratzea. Horrelako lanak automatizatzeko eta modu zentralizatuan lantzeko tresnak badaude, adibidez, Pasaiako Udalean eta Lezoko institutuan erabiltzen dituzte, baina ez du uste lan horiek ikastetxeen ardura izan beharko luketenik, administrazioak bere gain hartu behar lituzkeela iruditzen zaio.

Ikusten duen beste arazo bat ikasleek ordenagailuei ematen dieten erabilera ezin kontrolatua da. Zenbait ikastetxe programa pribatiboak erabiltzen ari dira horretarako, dirutza ordainduz. Hirubiden monitorizazio hori egiteko lanean ari dira, baina horretarako gailu guztietan banan-bana instalatu behar dute programa bat. Luberriren hurrengo bertsioan integratuta egongo bada ere, momentuz lan errepikakor hori eskuz egin behar dute.

Moodle edo Nextcloud bezalako software libreko beste tresna batzuk ere erabiltzen dituzte Hirubiden. Hezkuntza Saila tresna horietan oinarritutako programa pilotu batean lanean ari dela badakitela aipatu du, baina beren gain hartu zutela horiek instalatzeko eta mantentzeko lana, haien institutuan tresna horien beharra lehendik sentitu zutelako, eta baliagarriak direla iruditzen zaielako..

Xabier Moraza Erauskin – Lezo BHI: “Luberrik Windowsek baino arazo gutxiago ematen dizkigu”

Xabier Moraza Erauskin Lezoko BHIko IKT arduraduna da. DBH bakarrik eskaintzen duen ikastetxe txikia da Lezokoa eta 220 ikasle inguru dituzte. Ikasle bakoitzak ordenagailu bat erabiltzen du. Hezkuntza Sailetik ordenagailuak Microsoft Windowsekin jaso zituzten eta Morazak berak gehitu zien Luberri guztiei, abio bikoitzeko moduan. Eskolan Luberri erabiltzen dute, baina ikasleek ordenagailuan Windows ere erabilgarri daukate.

Berak zortea duela dio Morazak, instalazioak eta mantenuak egiteko berrikuntzako orduak erabil ditzakeelako, eta zuzendaritza malgua delako gaiarekin. “Software askearen alde egiteko bada, aurrera” esaten diote. Baina badaki beste ikastetxe batzuetan ez dutela Luberri instalatzen ez dutelako horretarako denborarik.

Jarraian dituzten arazo teknikoei buruz hitz egin du. Windowsek Bitlocker izeneko tresna bat du diskoa zifratzeko, eta batzuetan Windowsek eguneraketa automatiko bat egiten duenean pantaila urdin bat agertzen zaie kode bat eskatuz. Orduan ikasleek Morazarengana joan behar izaten dute arazoa konpontzeko.

Bi sistema eragileak konparatuz, Luberrik Windowsek baino arazo gutxiago ematen dizkiela dio Morazak: “Luberri sistema sinplea da eta arazoen konponketa ere sinplea izaten da”. Arazoren bat dutenean minutu gutxian konpontzen dute institutuan bertan. Windowsekin problema bat dutenean aldiz, ezin izaten dute beraiek konpondu, ez dutelako administratzaile baimenik. Arreta zerbitzura deitu behar izaten dute eta egun batzuk itxaron arazoa konpondu arte, edo ordenagailua berrezarri, horrek eskatzen duen lanarekin. Windowsen mantenua oso deserosoa da haientzat, eta ez zaie eraginkorra iruditzen.

Beste ikastetxe batzuetan Eskola 2.0ko ordenagailuak ez zituztela erabiltzen kontatu du Morazak, Windowsekin oso motel zebiltzalako eta sistema ez zelako kargatzen. Lezon aldiz Luberrirekin ondo funtzionatzen zuten, eraginkorragoa delako. Gainera tresna bat erabiltzen zuten gailu guztietan Luberri instalatzea automatizatzeko. Ordenagailu berrietan aldiz ez dute lortu automatizaziorako tresna horrek funtzionatzea. Arazoa konpontzeko administrazioaren babesa eta laguntza eskertuko lituzke.

Aurten DBHko lehen mailan Luberri bakarrik erabiltzeko proba egin dute eta ikasleak oso gustura daudela dio Lezoko IKT arduradunak. Lehen hezkuntzan Windows erabiltzen dutenez, haientzat sistema berria den arren, segituan moldatzen direla gaineratu du, gaur egun Linux oso erraza eta intuitiboa delako.

Euskararen gaiari dagokionez, Jaurlaritzak ematen dien Windowsak hala moduzko itzulpena duela iruditzen zaio Morazari, zati batzuk gaztelaniaz, besteak euskaraz baititu. Ez zaio txukuna iruditzen. Luberri sistema eragilea eta ekartzen dituen aplikazioak aldiz euskaraz daude. Abantaila handia iruditzen zaio hori.

Hezkuntza Sailetik Luberri edo beste Linux banaketak ez erabiltzea gomendatzeko bidalitako zirkularrean aipatutako arazoen konponbideak ere aipatu nahi izan ditu Morazak. Batetik, Linuxen ere, Windowsen bezala, aplikazioen eguneraketak automatizatu daitezkeela adierazi du. Bestetik, Linuxerako ere monitorizaziorako tresnak badaudela gogorarazi du, gainera libreak direla gehituz. Tresnen bateragarritasunarekin ere ez du arazorik ikusten.

Hausnarketa batekin amaitu du bere hitzartzea: “Luberri erabiltzeak hezkuntzan software librea erabiltzea normalizatzeko lehen pausoa izan behar luke. Hezkuntza publikoa familia guztien eskura dagoen bezala, erabilitako softwareak ere hala egon behar luke”.

Artikuluaren argazki nagusia: Eusko Legebiltzarra

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gure bi jakintza nagusiak TEKNOLOGIA eta KOMUNIKAZIOA erabilita, zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest! Ametzagaiña taldea osatzen dugu ARGIA, Antza eta Adurrekin batera.