Donostiako ostalaritzak hondakinik ez duela bereizten erakutsi dute erraustegiaren aurkako militanteek

  • Donostiako alde zaharrean ostalariek beren zaborrak lagatzen dituzten edukiontzietako bat aztertu dute ekintza publikoan Donostia Bizirik eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko militanteek. Edukiontzian utzitakoen %97 birziklagarria zela demostratu dute beste behin ere eta egoki sailkatuta bilduz gero berrerabili edo birziklatzeko modukoak zirela.

Herritarren aurrean aztertu eta erakutsi dute ustezko zaborretako gehiena bereizi gabe botatako hondakin berrerabilgarri eta birziklagarriak zirela. (Argazkia: Donostia Bizirik)

2021eko uztailaren 12an - 19:40
Azken eguneraketa: 10:21

Larunbatean, uztailak 10, Donostia Bizirik eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak ekintza pedagogikoa burutu zuen Gipuzkoako hiriburuko alde zaharreko Sarriegi plazan: inguruko ostatu eta hotelek beren hondakinak uzten dituzten edukiontzietako bat zabaldu eta herritarren aurrean aztertu barnean zeramatzan gaiak. Errefusentzako edukiontzi grisa zabaldurik, teorian bederen han ez zuen egon behar ezer berrerabili edo birziklagarririk. Alabaina, edukiontziak sabelean zeramatzan ustezko zabor gehienak hondakin aprobetxagarriak suertatu ziren, inguruko ostalariek batere bereizi barik bertan boteak.

Ekintzaileek 64,8 kilo zabor nahasi atera kontainerretik eta zein bere izaeraren arabera bereizi zituzten eta pilatutako frakzio bakoitza pisatu. Azkenean, errefusa baizik egon behar ez zuen edukiontziko 64,8 kilo 'zaborrak' benetan honela zeuden osatuta: %57 papera eta kartoia (37 kilo), %25 organikoa (16,3 kilo), %14 ontzi arinak (9,2 kilo), soilik %2,77 benetako errefusa (1,8 kilo) eta %0.8 "bestelakoak" atalekoak (0,5 kilo). Hots: zabor nahasientzako den edukiontziak zeramatzan hondakinen %97 berrerabilgarri edo birziklagarria zela eta 64,8 kilotatik benetan bertan egon behar zuten errefusak zirela 1,8 kilo.

"Zer interes dago urtea joan eta urtea etorri Donostiak egoera honetan jarraitzeko?", salatu dute ekintzaileek. (Argazkia: Donostia Bizirik)

“Donostiako udalak badu honen berri eta lehendik ez bazuen orain badu", aurpegiratu zieten udal agintariei ekologistek. "Zeren zain egon behar da egoera tamalgarri honi konponbidea emateko? Gipuzkoako herri gehienetan pausoak eman dira, ereduak oso hurbil dauzkagu. Zer interes dago urtea joan eta urtea etorri egoera honetan jarraitzeko?”.

Gipuzkoan hondakinen berrerabiltze, konpostatze eta birziklatze tasa txarrenak dauzkan Donostia, aldi berean, bi erraustegiren jabe da bere udal eremuan: Zubietako erraustegia eta Añorgako Cementos Rezola porlan-fabrika.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude