Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo beren burua eskuinetik kanpo kokatzen duten herritarrekin konektatzeko gaitasuna. Galdera are gehiago uzten dituzte airean: PP ari al da horiek sustatzen? Mobilizazioak sakondu eta zabaltzeko arriskua dago? Euskal jendartea oro har eskuinerantz bultzatu dezakeen mugimendu baten aurrean al gaude? Ezkerrak ba al du erreminta diskurtsibo eta praktiko egokirik borroka honetarako?
Mobilizazioen bultzatzaileen anonimotasuna da lehenbiziko kointzidentzia bat, komunikatzeko bideak ezberdinak izanagatik ere. Gasteizko Errota auzoko atarietan sinatu gabeko kartel batzuk jarri zituzten urri hasieran, auzokideak hilaren 8rako kontzentrazio batera deituta, “delinkuentzia eta lonjen okupazioa” hizpide hartuta eta Delinkuentziarik gabeko auzo seguru baten alde lelopean. Astebete beranduago kontzentraziotik manifestaziora pasa zen deialdia eta ordutik asteartero ari dira egiten, deialdiz deialdi auzokide gehiagoren parte hartzearekin (azken asteartekoan 300 inguru). Donostiako Egian gertatutakoa ezagunagoa da, oihartzun handiagoa hartu baitu. Lo que no te cuentan de Donosti (LQNCD) izeneko Telegram talde eta Instagram kontu anonimoetatik deitu zuten kontzentrazioa urriaren 22an, eta astelehenero mobilizatuko direla jakinarazi dute.
Tankera horretako adierazpen arrazistak izan dira aurretik ere, urrunago joan gabe urri hasieran Trintxerpen, baina Egiako eta Errotako gertaerek jauzi kualitatibo bikoitza konpartitzen dute: batetik, mobilizazio iraunkorra planteatu dute; bestetik, herritarren arteko konfrontazioa bilatu dute. Egian, Kaleko Afari Solidarioak kalen bizi diren herritarrei janaria banatzen dien ordu eta toki berean deitu dituzte kontzentrazio batzuk. Gasteizko Errotan, gazte arrazializatuek okupatu dituzten bi lonjen paretik egiten du bidea manifestazioak. Bietan izan dira liskarrak eta tentsioak.
Egiako eta Errotako gertaerek jauzi kualitatibo bikoitza konpartitzen dute: batetik, mobilizazio iraunkorra planteatu dute; bestetik, herritarren arteko konfrontazioa bilatu dute
Zein da PPren papera?
Donostian, udaleko PPko hiru zinegotziek hartu dute parte orain arteko bi mobilizazioetan, eta liskarrak izan ziren lehenbiziko hartan “hainbat tentsio unetan parte hartu zuten Jorge Mota eta Vanesa Vélez zinegotziek, bertan zeuden KASeko jarraitzaileei alde egiteko eskatuz, eta une batzuetan, irainduz”, Irutxuloko Hitzako Xalba Rámirezek jaso zuenez. LQNCD PPri zuzenean loturiko kontua ote da? Ez du erantzun borobilik eman mugimenduaren Instagram eta Telegram kanalak aztertu dituen Ramírezek Segurtasuna ala eskuin mutur berriaren amua? erreportajean. LQNCDren jarraitzaile gehienak “alderdiekin bat egiten ez duten” herritarrak direla dio, baina baita ere mugimendua eta PP elkar elikatzen dutela, hainbat adibide emanda: Instagram kontuak PPren kanpainako hainbat bideo partekatu ditu 2022tik hona, edo, “nik ez dut uste profil hori asaldatzailea denik, egiten dutena da Donostian gertatzen diren gauza asko frogatu, sare sozialen bidez”, babestu zuen mugimendua Borja Corominas udaleko PPko zinegotzi eta bozeramaileak.
Errotan, alderdi bereko Gasteizko Udaleko zinegotzi batzuk ere gerturatu izan dira mobilizazioetara (baita Voxeko aldundiko ordezkaria ere). “Auzoko bizilagunen artean tentsioa, gatazkak eta botoa bilatzeko helburua” izatea leporatu die alderdi horiei Errota Zaharra auzo elkarteak. “Errotako manifestazioek Vox eta PPrekin lotura dute”, argitaratu zuen Gasteizberri hedabide digitalak urriaren 23an. ARGIAk jakin duenez, Errotako mobilizazioaren sustatzaileetako bat PPko Gasteizko Udaleko bi ordezkarirekin bildu zen protestak hasi berritan. Horietako batek, gainera, Gasteizko udal politikaz haragoko funtzioak betetzen ditu alderdian, itxura guztien arabera (eta legez kanpoko negozioak egiten ditu lonjen okupazioaren aurkako ekintzaileak, marka da gero, higiezinen sektorean).
Argi dago PP mobilizazioak eta konfrontazioa sustatzen ari dela, publikoki egin dute. Baina, izan daiteke harago joan eta itzaletik antolatzen ere aritzea?
Argi dago PP mobilizazioak eta konfrontazioa sustatzen ari dela, publikoki egin dute. Baina, izan daiteke harago joan eta itzaletik antolatzen ere aritzea? Horrela izatekotan, aurrera begirako estrategia orokor eta iraunkor batean aurrean egon gaitezke? Erantzuna baiezkoa izan daitekeela esaten digute aurreko datuek, baina gaur gaurkoz ezin da ziurtatu. Edonola, erabateko logika politikoa luke. PPk bi karta nagusi jokatzen ditu Espainiako Estatuan, ETA eta inseguritatea-migrazioa-delinkuentzia. Euskal Herrian, lehena produktu iraungia da; bigarrena, gaur gaurkoz dagoen ghettotik irteteko potentzialitate handiko karta dela ikusten ari gara.
Bien bitartean, Donostian zein Gasteizen elkarrekin gobernatzen duten PSE-EAJ koalizioak ustezko arerioaren markoa elikatzen jarraitzen du, irtenbidea Polizian eta delinkuentziaren aurreko “irmotasunean” kokatuz. Espektro politiko instituzionalak eskuinera egiten jarraitzen du: PP Voxen posizio teorikoan, EAJ eta PSE PPrenean, eta ezkerreragoko alderdiak, oro har, isilegi. Baina eskuinerako lerratze hori ez da alderdi politikoen kontua soilik.
Arrazistak bai, eskuin muturrekoak ez
Gertatzen ari denarekin asaldatuta dauden Errotako hainbat auzokide eta lagunekin solasaldiak izan ditut azken asteotan, auzoko eragile sozialetan dabiltzanak gehienak, baita Egia eta Donostiako batzuekin ere. Antzeko egoerak marrazten dituzte: mobilizazio arrazista horietara hurbildu diren herritar gehienak ez dira eskuin muturrekoak, askok eskuinarekin ere ez dute beren burua identifikatuko ziurrenik (Donostiakoak ukitu ultragoa duela ematen duen arren); mobilizazioez harago, taberna, komertzio edo lagun arteko solasaldietan komentario arrazista eta punitibo bortitzak ugaritu dira, baita ezkerreko jendearen artean ere. Zer gertatzen ari da? Gauza asko.
Egia da fokuan jarri dituzten gazte arrazializatuetako batzuk, batzuk, lapurretak egin dituztela, inoiz biolentoak ere (tartean nire lagun zenbaiti), eta liskarrak izan dituztela kaleetan, gehienetan haien artekoak (ezin direnak deslotu bizi duten miseria materialetik, dituzten iragan gogorretatik eta etorkizun ezatik, Poliziaren eskutik pairatzen dituzten etengabeko bortizkeriatik, jendartetik jasotzen duten mespretxutik, kalean eta inongo sare sozialik gabe bizitzeak sortzen dituzten osasun mental edota droga kontsumo arazoetatik). Baina ez Errota ez Egia ez dira oihana, eta inseguritatea sortu zezaketen gatazkak eta bizikidetza arazoak asko dira gure auzoetan: polizia gehiegikeria, etxegabetzeak, familia barneko biolentzia, biolentzia matxista... Horiek ez dute tamainako asaldurarik sortzen, ordea. Zergatik gazte arrazializatuek bai?
Mobilizazio arrazista horietara hurbildu diren herritar gehienak ez dira eskuin muturrekoak, askok eskuinarekin ere ez dute beren burua identifikatuko ziurrenik
Batetik, gure jendartean matxismoa nola arrazakeria zeharkakoa da, guztiongan egiten du habia handiagoa edo txikiagoa. Horregatik, besteak beste, delituak edo liskarrak sortzen dituena zuri gutar bat bada, “pertsona” da egilea eta erantzulea; aldiz, arrazializatu bestea bada egilea, ezaugarri kolektiboarekin izendatzen dugu (kasu honetan eta arrazakeria mailaren arabera, putomoroa, moroa, musulmana, magrebtarra...). Bestetik, zenbait hedabidek eta sare sozialetako kontuk aspaldi abiatu zuten kanpaina egunerokoa: etengabe jartzen dute fokua delitu eta gatazka horietan, inseguritatea, beldurra eta arrazakeria elikatzen dituen modu sentsazionalista batean (Araban, El Correoren lana eta eragina erabakigarria da zentzu horretan, eta kontatzen didatenaren arabera Gipuzkoako kasuan baita El Diario Vasco eta telebista kate gehienena). Berdin egiten dute eskuin eta eskuin mutur politikoek. Finean, eskuina bere lana egiten ari da. Eta ezkerra?
Ezkerraren ahulezia
Aurrez aipatutako hitz egindako pertsona horiek bat egiten dute honetan ere: ezkerra eta herrigintza oso ahul daude eremu honetan, beren diskurtsoek eta proposamenek ia ez dute konektatzen inseguritatea eta beldurra sentitzen duten auzokide horiekin, ez dira gai izaten ari eskuin politiko eta mediatikoak ezarri duen marko ultra arrakalatzeko, erreminta teoriko eta praktikoak falta dira. Zorionez, erantzunak egon badaude: KASek afariak ematen jarraitzen du, Donostiako manifestazioa jendetsua izan zen, Gasteizko hamar auzo elkartek manifestazio arrazisten aurka egin eta konponbide “sozial” eta “integralak” eskatu dituzte, norabide berean adierazi dira Donostiako zenbait auzo elkarte ere, LQNCDren aurkako mobilizazio antifaxista deitu dute... Txalotzekoa eta ezinbestekoa da horien guztien eta beste askoren lana. Baina ez da nahikoa deriba arrazista eta autoritarioa gelditzeko.
“Gizarte ereduaren eta instituzioen arduraren diskurtsoarekin joaten gara auzokideengana eta ukitu ere ez ditugu egiten, ‘bazatoz zure onkeriekin’...” azaldu zidan auzo elkarte bateko kide batek
“Markoa ezartzea lortu dute, eta marko horretan ezin dugu irabazi”, adierazi dit egunotan kezkaz ordezkari politiko batek. “Gizarte ereduaren eta instituzioen arduraren diskurtsoarekin joaten gara auzokideengana eta ukitu ere ez ditugu egiten, ‘bazatoz zure onkeriekin’...”, azaldu zidan auzo elkarte bateko kide batek. Berdin dio zenbateraino diren beldurrak ‘errealak’, zenbateraino ‘sortuak’: egon badaude, politikoki eragiten dute, eta horiei ere erantzun beharra dago, tarteka behintzat lokatzetan sartzea eskatzen duena. Herritarren kezka eta beldurrekin konektatzeko, egungo markoan jokatu beharraz aritu zitzaidan aipatu auzokidea: Delitugileak ordain dezala? Bai, baina justizia konpontzailearen logikan; segurtasuna? Denok bizi nahi dugu seguru, ez diezaiogun oparitu hitza eskuinari, berrezaugarritu dezagun... Egungo markoan ere jokatu, baina beste batzuk elikatuta aldi berean. Eta, batez ere, gatazka interesatu eta mobilizazio arrazistak piztu aurretik lan egin, auzokideekin eta geure buru, lagun eta inguru ustez ez arrazistekin ere, mobilizazio gehiago piztu ez daitezen eta egiten dutenean posizio hobeagotik egiteko aurre.
Asteotan Egian eta Errotan bizitzen ari garena azaltzen duten faktoreak errepikatu eta sakondu egingo dira hurrengo urteotan, ez gara horretan bereziak, gutxienez Mendebalde mailako fenomenoa da. Eskuinetik eta goitik zer asmo duten argi dago, ikusten ari gara jada; ezkerretik eta behetik zer egingo dugu? Asmatzea gako erabakigarrietakoa izango da, erabakitzeko hurrengo urteotan faxismorantz egiten jarraituko dugun, edo sakoneko eraldaketei atea zabalduko diegun.
Armadoreak salatu zuen hamasei arrantzaletik hamabi matxinatu egin zirela, eta Guardia Zibilak artatu eta gero, Asturiasen egon da amarratuta. Asteazken goizaldean heldu da Getariako portura.
Irailaren 21eko goizaldean, herritar bat labankadaz hil zuten Bilboko Solokoetxen. Hurrengo egunetan luze jorratu zuen gertaera El Correo egunkariak. “Matxetez” egindako borroka baten ondorio izan zen heriotza aurrenik; labankada bakar baten ondorio gero. Bi talderen... [+]
Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]
Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek... [+]
Europan eta munduan arrazakeria gora doa, eta Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu. Egun, herritarrak eta jendarteak eskuin muturraren baloreak bere egiteko bide nagusietakoa da arrazakeria. Arazoaren larritasunari tamaina hartzen saiatu gara, eta aztertu ditugu zenbait... [+]
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]
Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]
Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]