Alemaniako manifestazio xenofoboak, neonazientzat inflexio puntua?

  • Milaka neonazik zeharkatu dituzte Alemaniako Chemnitz hiriko kaleak astelehenean, “etorkinak kanpora” eta “Alemania alemaniarrentzat” oihukatuz. Guztira hemezortzi pertsona zauritu dituzte, asteburuan 35 urteko gizon bat hil ondoren piztu diren eraso xenofoboetan. Siriar gazte bat eta beste irakiar bat atxilotu ditu poliziak hilketa leporatuta.


2018ko abuztuaren 29an - 11:35
Manifestazio neonazia astelehen honetan Chemnitz-en (Alemania), Karl Marxen estatuaren ondoan.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Manifestazioan zehar naziek behin eta berriz erabili dute Alemanian debekatuta dagoen Hitlerren agurra. Horregatik, hamar pertsona ikertzen ari da polizia.

“III Weg” talde neonaziak hartu zuen parte protestan, “kultura aniztasunak hil egiten du. Etorkinen terrorea geldi dezagun” zioten pankartekin.

Gertaerek II. Mundu Gerra aurreko juduen jazarpena oroitarazi zioten Raphael Thelen Der Spiegel astekariko berri emaileari.

Angela Merkel Alemaniako Kantzilerrak eraso xenofoboak salatu ditu, zuzenbidezko estatu batean horrelakoek ez dutela lekurik gaineratuz.

Saxoniako eskualdeko presidente Michael Kretschmerrek (Merkelen CDU alderdi kontserbadoreko kidea) ere azken egunetako erasoak gaitzetsi ditu.

Liskarrei aurre egiteko plangintza egokia ez egiteagatik, Merkelen barne ministroak eta poliziek kritikak jaso dituzte. Kritikei erantzunez, Horst Seehofer Barne ministroak adierazi du hirian polizia gehiago jarriko dituela, datozen orduetan ere manifestazioak egongo direlako.

Focus astekariari iturri polizialek esandakoaren arabera, asteazken arratsalderako manifestazioa deitu du talde ultraeskuindar batek eta ostegunean ere mobilizazioa egingo da "pro Chemnitz" talde xenofoboak antolatuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
2025eko urriaren 29
Faxismoaz

Eguneraketa berriak daude