Bularreko minbizia, markak “aberasteko” tresna

  • Teta y teta elkartearen analisiaren arabera, ikerketara bideratzen den diruaren inguruko datuak “urriak” dira eta “gardentasuna falta” da. Miren Cuerdo, Izan Iñurriko elkarteko kidea, kritiko aritu da ‘pinkwashing’-az.

Donostian egindako mobilizazioa. Izan Iñurri

2025eko abenduaren 12an - 06:37
Azken eguneraketa: 10:54
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Emakumeenganako begirada aldatzea du helburu Teta y teta elkarteak. Proiektu asko dituzte esku artean, horien artean Pinkwhasing-aren behatokia. Horren bidez, urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira sortzen diren kanpainak aztertu dituzte. Elkarteak salatu du datuak “urriak” direla eta “gardentasuna falta” dela. Minbiziaren akonpainamendu eta formazio feminista eta eraldatzailea eskaintzen ditu Izan Iñurri elkarteak. Miren Cuerdok, elkarteko kideak, datuen inguruan gogoetatu du: “Argi geratu da bularreko minbizia, eta berriz ere, batez ere, emakumeei lotutako minbizi bat, erabiltzen dutela kontsumoa bultzatzeko eta markak aberasteko”.

Saiatzen dira jendea sentsibilizatzen eta horrelako kanpainen arriskuez ohartarazten: “Jendearen solidaritatearekin eta intentzio onarekin jolasten dute. Jendeak uste du ekarpena ikerketari edo minbizia pasatzen ari den jendeari egiten diola, baina benetan markari egiten dio”. Cuerdok kontatu duenez, ez dute behar beste baliabide horrelako kanpainen atzean dauden estrategiak behatzeko, baina beharrezkoa ikusten dute Teta y teta bezalako elkarteek egindako lana zabaltzea. “Ileko plantxa batzuek ehun euro gehiago balio dituztenean arrosa kolorekoak izateagatik, baina hortik soilik bi euro doazenean ikerketara, hor dagoen marjina guztia nork eramaten du? Markak”.

Beste marka eta kanpaina askoren artean, Emakumearen lasterketa aztertu du Teta y Tetak. Besteak beste Madrilen, Bartzelonan eta Gasteizen antolatzen duten lasterketa bat da, eta helburuen artean, bertan lortutako diruaren parte bat bularreko minbizira bideratzea da. Teta y tetak eskuratutako datuen arabera, 2024an, osotara 100.000 emakumek parte hartu zuten lasterketan. Elkarteak lortutako dirutik, soilik 80.000 euro eman zizkioten Bularreko Minbiziren Espainiako Elkarteari. Halere, datuak ez dira guztiz zehatzak, informazio gutxi dagoelako. Cuerdo oraindik harritu egiten da horrelako datuak ikustean: “Argi ikusten da lasterketan parte hartzen duten emakumeek laguntzeko egiten dutela. Bidegabea iruditzen zait jendearen borondatearekin jolastea”.

Makillajea, azalerako eta ilerako produktuak, perfumeak eta beste sortzen ditu Estée Lauder enpresak. 2019an, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen erakundeak txosten bat argitaratu zuen zeinetan gomendatzen zuen Mac Ruby Woo ezpainetakoa ez erabiltzea substantzia kantzerigenoak zituelako. Mac marka Estée Lauder enpresaren barruan dago. Urtez urte asko dira enpresa horri lotuta agertu diren salaketak. 2022an, paktu bat sinatu zuen, esanez toxiko guztiak ezabatzeko konpromisoa hartuko zuela. Baina 2024an enpresa beraren kontrako salaketak agertu ziren berriro ere. Enpresak dio hogeita hamar urte daramatzatela bularreko minbiziaren kontra borrokan. Teta y tetak horren inguruko datu gehiago eman ditu sareetan. “Pinkwhasing-a egiten duten marka ia gehienak kaltegarriak dira minbizia daukaten pertsonentzat”, salatu du Cuerdok.

Deus gutxi, ikerketarako

Horrelako kanpainen bidez lortzen den dirua “oso urria” dela gaineratu, eta Ausoniaren kanpainak kritikatu ditu: “Ausonia ez da soilik minbiziarekin aberastu. Ausoniak hogei eta hogeita hamar urte bitarteko eta kanon guztietan sartzen diren emakumeekin kanpainak egin ditu. Ile luzearekin denak, super argalak eta zapia buruan. Hori kaka bat da”. Kontatu du ere horrelako kanpainekin emakumeak “infantilizatu” eta borroka soziala alde batera geratzen dela: “Sortzen dute iruditegi sozial bat zeinetan dena zentratzen den itxuran. Esaten digute garrantzitsuena dela kremak ematea, ilea edo ileordea zaintzea, eta horrek presio ikaragarria sortzen du. Horrek ere eragina izan dezake jendeak prozesuan akonpainatzean izan dezakeen jarrera desegokietan”. Salatu du desinformazio “handia” egoten dela prozesuetan.

Izan Iñurrik aurten 71.000 euro bideratu ditu ikerketara. Hortik 21.000 Biogipuzkoara, bularreko minbizi metastasikoa ikertzeko, eta 50.000 Biobizkaiara, CARs NK terapia baten ikerketara

Teta y teta elkarteak “Pack 1 = ikerketarako minutu 1” dioen Ausoniaren promozio kanpaina ere aztertu du. Ausoniaren webgunean diote konpresa pack bakoitzeko 0,06 euro ematen dituztela. Horren arabera, ikerketa minutu batek 0,06 euro balio ditu. Hortaz, zortzi orduk 28,8 euro eta hogei egunek 547 euro. Teta y teta elkartearen arabera, ikertzaile baten soldata hilabetero 574 eurokoa litzateke. Webgunean Ausoniak dio hemezortzi urtetan hiru milioi euro lortu dituztela, baina ez dakite zenbat eman eta irabazi duten. “Soilik dakigu markek guk jakitea nahi dutena, ez dago inoiz datu garbirik”, esan du Cuerdok. Alabaina, elkartearen presioari esker, marka batzuk datu argiagoak ematen hasi dira.

Cuerdoren ustez ikerketaren mundua “oso ezezaguna” da eta “asko” ezkutatzen da. Mundu hori ezagutuz gero, Ausoniaren eta antzeko kanpainen inguruan kritikotasuna handitu daitekeela dio: “Ez dakigu Osakidetzak ez duela ikertzaileentzako plaza publikorik, ez dakigu ikertzaileak lau urteko beken eta diru pribatuaren menpe ibiltzen direla. Oso zaila da baliabide gutxirekin lan egitea, eta ikerketako profesionalak hor daude benetan sinisten dutelako”. Gaineratu du ikertzea “premiazkoa” dela.

Izan Iñurrik aurten 71.000 euro bideratu ditu ikerketara. Hortik 21.000 Biogipuzkoara, bularreko minbizi metastasiko lerro baterako, eta 50.000 Biobizkaiara, CARs NK terapia baten ikerketara: “50.000 horiek goiz batean joan zaizkie. Analisi batek igual 5.000 euro balio ditu. Zenbaki horietan jarri behar gara Ez da bakarrik soldata prekarioa daukatela, ikerketaren kostua oso handia da. Orduan, hemen zeozer gertatzen ari da emakumearen lasterketak 80.000 euro horiek ematen dituenean, eta gu, Iñurri izanda, dagoeneko horretara iritsi bagara”. Marka bateko edo besteko produktu bat erostea baino, zuzenean benetan norberak nahi duen elkarte, erakunde edo proiektuari dirua ematea eraginkorragoa dela nabarmendu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Minbizia
2024ko abuztuaren 28
Olatz Mercader, Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima
"Euskal kulturaren mundua erabat isilik gelditu da"

Eguneraketa berriak daude