Atxiloketak astelehenean burutu ziren, eta asteartean eman zen hauen berri. G7ko goi bilera burutu bitartean jendarmeen kontra eraso bat egiteko asmoa zeukatela argudiatuz atxilotu dituzte.
Bost atxilotuak Frantziako puntu ezberdinetan atxilotu zituzten, Paris eta Indre-et-Loiren kasu. Biarritzeko jendarmeriari ostatu emango zion hotel bati su emateko asmoa zutela argudiatuz eraman zituzten atxilo. Atxilotuetako batek jendarmeen kantonamendu baten kontra eraso egitera dei egin omen zuen Facebook sare sozialaren bidez, eta mezu horrek ikerketapean jarri zituen.
La Hainek emandako informazioaren arabera, kasua Tours Grégoire Dulin fiskalaren eskuetan dago, Frantziako Barne Ministerioko ministro izandako Gérard Collomb eta Christophe Castaner-en aholkulari ohia izandakoa.
Atxiloketez gain kanporaketak ere ematen ari dira. La Hainek atxiloketen berri emanez argitaratutako albistean jakitera ematen duenez, orain astebete RDL irratian lan egiten duen jatorri alemaniarreko kazetari bat “prebentiboki” kanporatu zuten Frantziatik, G7ko goi bilera amaitu arte itzultzea debekatuz.
Autoan zioala, Krimenaren Aurkako Brigadaren patruila batek kontrol batean geldiarazi zuen Cote d’Or-en. Atxilotu egin zuten eta “erresidentzia eskubidea ziurtatzeko” zaintzapean jarri; hogeita bi ordu kanporatze zelda batean eman ostean, berriz, atxilotuak G7arekin zeukan lotura argitu omen zuten. Abuztuaren 9an Kehl-eko mugara eraman zuten herrialdetik kanporatua izan zedin, abuztuaren 29ra arte Frantziara itzultzeko debekua ezarriz.