Bizkaiko Osakidetzako ospitale nagusietan Larrialdi zerbitzuen “kolapsoa” salatu dute sindikatuek

  • Osakidetzako sindikatuek (ELA, LAB, UGT, CCOO, SATSE, SAE, ESK, USO) adierazi dute bigarren egunez “kolapso egoeran” daudela Bizkaiko erietxe publikoetako Larrialdiak. Besteak beste Gurutzeta, Basurtu, Galdakao eta Santa Marinako ospitaleetako egoera oso larritzat jo dute, “ohe kopurua ez baita nahikoa”.


2017ko urtarrilaren 3an - 17:37
Sindikatuen protesta Osakidetzan baliabide gehiago eskatzeko, 2015ean (Arg.: Unai Brea)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Egoera kaotiko samarra deskribatu dute sindikatuek: gaixoak pasabideetan eta Larrialdien inguruetan pilatuta ohe baten zain, senideak lurrean atseden hartzen, langileak alde batetik bestera arineketan, zaintzaileak ohatila eta gurpildun aulki bila nonahi…

Basurtuko enpresa-batzordearen esanetan, astearteko goizeko 8:00etan 41 pertsona zeuden Larrialdietan ospitalera sartzeko ohe baten zain, eta eguerdian oraindik korridoreetan ziren batzuk mediku baten arretaren zain.

Beste horrenbeste gertatu da Gurutzetan ESK, SATSE, ELA, UGT, CCOO eta LABen esanetan. 24 lagun pasabideetan zaindu behar izan dituztela jakinarazi dute sindikatuok. Egoerak dagoeneko bi egun dirauela salatu dute, eta neurririk hartu ezean okerra egingo duela ohartarazi. “Hau ez da kasualitatea”, esan du ELAk prentsa ohar baten bidez, “behin eta berriro errepikatu da Osakidetzari behar adinako baliabideak emateko borondate politiko falta dela eta”.

ELA-Osakidetzako arduradun Pello Igeregik ARGIAri azaldu dionez, Gabon sasoian ordezkapenik ez egitea erabaki du Osakidetzak, eta horrek ospitaleetan ohe erabilgarri kopurua jaistea ekarri du, artatzeko langile nahikorik ez litzatekeelako egongo.

Bestalde, Lehen Arretako zerbitzuan mediku gutxiegi aritzeak ospitaleetako egoerarekin zerikusi zuzena du ELAren iritziz: “Atzeraezinezko kontsultekin betetzen dira agendak, eta gaixo kronikoei eta beste batzuei urtarril erdirako ematen zaizkie hitzorduak”. Horietako askok Larrialdietara jotzen dutela azaldu du sindikatuak.

Ospitaleetako zuzendaritzek alarma faltsua eragitea leporatu diete sindikatuei

Gurutzetako eta Basurtuko erietxeetako zuzendaritzek esan dute egunotako zerbitzua beti bezain profesionaltasun eta kalitate handiz artatu dituztela, gripa dela-eta gaixo kopurua nabarmen handitu arren.

Basurtuko zuzendaritzak “arduragabekeria” leporatu die sindikatuei, eskaera handitzen den garaian mesfidantza sortu eta Osakidetzaren irudi ona zikintzeagatik. Gurutzetak, berriz, esan du egunotako gaixo kopuru handiari behar bezala aurre egiteko neurriak hartuta dituztela jada. Erietxeko arduradunen esanetan, abian ipini dute “ospitale barruko koordinazioa, benetako beharren arabera oheak irekitzeko”, eitb.eus-ek jaso duenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.