Bilbo Zaharrean jazotako beste indarkeria polizial kasu bat salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean

  • Auzotarrek salatu dutenez, urriaren 15ean lau pertsonak indarkeria poliziala pairatu zuten. Gertakariak salatuko dituzte ostegunean, 19:00etan, Bilbo Zaharreko plazan.

Abusu polizialak salatzeko mobilizazio bat, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

2020ko urriaren 22an - 12:50
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urriaren 15ean Bilbo Zaharreko zenbait auzokidek poliziaren partetik indarkeria jasan zutela salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ostegunean Bilbo Zaharreko plazan, 19:00etan.

Auzokideek helarazitako ohar batean gertakizunen nondik norakoak azaldu dituzte, eta bertan zehazten denez, urriaren 15eko ostegunez jazo zen indarkeria polizial kasua. Gauerdi aldera bi herritar “bortizkeriaz” atxilotuak izan zirela eta beste biri mozal legea aplikatu zietela irakur daiteke bertan.

Zenbait hedabidetan gertakariaz eman den informazioa ez da zuzena, idatzian azpimarratzen denez. Horietan ematen den bertsioaren arabera, polizia osasuna bermatzeko esku-hartzea egiten ari zela, zenbait herritar poliziarengana gerturatu zen, horien egitekoa oztopatuz eta agenteei eraso eginez. “Bizi ditugun garaietarako aitzakia ona; baina ez zen ez osasun esku-hartzea oztopatu, ezta agenterik erasotu”, dio idatziak.

Gertakizuna bestelakoz azaldu dute auzotarrek: auzokide bat poliziaren partetik indarkeriazkoa eta iraingarria zen tratua jasotzen ari zela oharturik, hainbat auzotarrek gertatzen ari zena bideoz grabatzeari ekin zioten. “Hori izan zen agenteak haserrarazi zituena, zuzenean bi auzokide atxilotuz”, azaldu dute. Atxilotuetako bati irain matxistak egin zizkiotela ere salatu dute.

Erasoa gertaera isolatu bat izatetik urruti dagoela azpimarratu dute, “larriki militarizatuta” dauden Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoetan jazotzen diren gehiegikeria polizialen zerrendan pasarte bat gehiago izanik. Zehaztu dute, gainera, poliziaren partetik ematen diren eraso horiek motibazio arrazistak, matxistak eta klasistak izan ohi dituztela, besteren artean.

Errelaitate horren eta eraso konkretu honen aurrean, mobilizatzera eta auzokideen artean elkartasuna saretzera deitu dute: “Botere gehiegikeri guztiak salatzeko deia egiten dugu. Egunero jasaten dugun militarizazioarekin amaitzeko, auzokideen arteko zaintza eta babesa bultzatu behar dugu. Poliziaren gehiegikeriaren aurrean, auzo elkartasuna”.

 


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.