[Bilbo] Seigarrena

  • Gaurkoa seigarren greba orokorra dela esanez hasi du Sonia Gonzalezek (LAB) Bilboko manifestazioaren osteko agerraldia.


2013ko maiatzaren 30ean - 07:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
8.000 lagun inguru bildu dira Bilboko manifestazioan. (Argazkia: Unai Brea)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ez du zehaztu noiztik, baina denok dakigu denbora tarte laburrean izan direla sei greba orokor horiek. Eta, bai, ez dira eguneroko kontua, baina halakoen kronikagile lana hartzen duen kazetariak garatzen ditu, oharkabean, errutina batzuk. Eta sentsazio ezagunak datozkio gogora bere lana beteko duen hirira iristean.

Gaur, betiko moduan, Indautxuko kaleetan zebiltzan grebalarientzat tabako gabe gelditzea arazo etikoa izango zen, baina ez logistikoa. Pikete eta manifestazioak zeuden lekura nindoala, grebaren aurka egotea ohore kontu bihurtu duten ehunka herritarren –eta lanera mehatxupean joan diren beste askoren– aire bera arnasten nuela, déjà vu sentsazio hori eduki dut: banekien zer aurkituko nuen, eta horixe aurkitu dut. Eta neure buruari galdetu behar izan diot ea ez ote den, hein handi batean, botereak induzitutako sentipena (greba orokor gehiegi dago leloaren bitartez).  

Azkenik iritsi naiz, bai, pikete eta manifestazioak zeuden lekura. Azken hiru, lau, bost, sei... grebetako mobilizazio plan bera, aurrekoetako parte-hartzaile kopuru bertsua –gaur behintzat ausartuko naiz zifra bat ematen: manifestazio nagusian, 8.000 lagun inguru–, baina aldaketa nabarmen bi. Aspaldiko partez, ELA eta LABeko idazkari nagusiak beste hiri batean egon dira. Eta bestetik, krisia hasi zenetik erreforma edo neurri konkretu batek protagonismoa ez duen lehenbiziko greba orokorra da (buruz ari naiz). EAEn aldatu dena, batez ere –ez da horren gaineko aipamenik falta izan–, Lakuako maizterra da.

Bestea, aldatu baino, okertu egin da. Egoera luzatzen ari delako egin dut nik gaur greba, langabetu kopuruak gora segitzen duelako eta ez dirudielako jaisten hasiko denik, irailean gaizki zeuden asko egoera dramatikoan daudelako orain, eta gehiago izango direlako datorren irailean... Hiru astero greba orokor bat egiteko arrazoiak daudelako egiten ditugu zazpi hilero. 

Burutazio horietan galduta, Sonia Gonzalezen agerraldiari arreta eskaintzea ahaztu zait. Azken esaldietako bat harrapatu diot sikiera: esan du krisiaren ostean geratuko den eredu soziala dagoela jokoan, esan nahi baita langileek protagonismoa eta erabakitzeko ahalmena eskuratzearren borrokatu beharko dutela, aldaketa prozesu hau ematen den bitartean. Krisiak amaiera izango duela uste du behintzat, eta hori bada zerbait.


Irakurri gehiago: Bilbo Euskal Herria Bizkaia
Bilbo kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.