Baionako suprefetak Hendaiako Ikastolaren eraikina Herriko Etxeak egitea ilegaltzat jo du, Falloux legean oinarrituta. Erabakia kritikatzeko manifestazioa egingo da bihar, Baionan, 15:00etan.
Ez da lehenengo aldia suprefetak Seaskako ikastolen aurka egiten duela. Falloux legeak dioenez, herriko etxeek ezin diete, ez lur, ez eraikin, ez diru laguntzarik eskaini eskola pribatuei. Legea egikaritzea gehienetan lozorroan egoten bada ere, tartean behin suprefeten batek hautsak harrotzen ditu. Seaskak sarri esan du lege hori ikastolei aplikatzeak ez duela zentzurik, ikastolek euskara hutsean irakasten duten neurrian, zerbitzu publikoa eskaintzen dutelako. Ikastolei herriko etxeen laguntza kenduz gero, haien biziraupena arriskuan litzateke, eta murgiltze eredua desagertu egingo litzateke. Ipar Euskal Herriko haurrek euskara hutsean ikasteko aukera bakarra galduko lukete.
Hendaiako Gure Ikastolak, biharko manifestazioa deitze aldera, gaur 16:45ean martxa zaratatsua antolatu du, Gure Ikastolatik atera eta Errepublika plazara. 17:30ean bilduko dira plazan.
Biharko manifestazioa 15:00etan hasiko da Gaskoinen plazatik, suprefetaren erabakia babesten duen Alderdi Sozialistaren egoitzatik, eta suprefeturan bukatuko da.
Sentitu, pentsatu, ekin... Hendaiako ikastolarekin! bideoa
Hendaiako ikastolaren afera dela eta, ikastolari beren sostengua erakutsi eta egoeraren larritasuna salatuz Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek bideo bat prestatu dute. Bideo hori Amets Arzallus bertsolari eta Hendaiako ikastolako ikaslearekin batera egin dute.