Berririk ez ala bai?

  • EAJren emaitzak, inkestetan gutxi gorabehera aurreikusita bazeuden ere, sorpresa handia izan dira niretzat. Nola da posible krisian gobernatu duen alderdi batek oraindik botoak irabaztea?


2016ko irailaren 26an - 15:54

Lau urte igaro dira Eusko Legebiltzarra azken aldiz berritu zenetik. Gauza asko gertatu dira denbora honetan. Baina denak aipatzea ezinezkoa izanik, norberak ekarriko ditu hausnarketara. Gainera, zein gertaera sozialak edo politikoak izan duen eraginik handiena gure bizitzengan eta giro politikoan adostuko ez dugunez, ez ditut izendatuko.

Baina argi dago elementu objektibo zehatzak badaudela: EAJren kolore bakarreko Gobernua PSE-EEren sostenguz; Ezker abertzale tradizionalaren birmoldatze ETAren indarkeriaren desagerpenaren ostean eta Udal eta Espainiako hauteskundeetan jasandako porroten ondorioz; Podemos alderdi berriaren sorrera arrakastatsua, bai Estatuan, baita Euskadi eta Nafarroan ere eta bere koalizioa beste alderdi batzuekin; Espainiako alderdi nagusien arteko ezintasuna gobernua osatzeko…

Hauek guztiak –eta norberak gehitu nahi diona, noski– dira baldintza objektiboak, gaurko egoera diseinatu eta herritarron erabakiengan eragina dutenak. Eta hau guztia azaldu da igandean, Eusko Legebiltzarra hautatzeko burutu diren hauteskundeetan eta azalduko da, horren ondorioz, Lehendakaria izendatzeko unean.

Emaitzak, beti bezala, argiak izan dira: EAJk erraz irabazi du eta, gainera, gobernatu ahal izango du nahi duen alderdiarekin – edo bakarrik -, edozeinekin gehiengo absolutua bermatuta duelako; EH Bilduk berreskuratu du azken hauteskundeetan galdutako bigarren postua eta, nola ez, horrekin batera, presentzia politiko ukaezina; Elkarrekin Podemos indarrez sartu da Legebiltzarrean eta, nahiz eta euren itxaropenetatik urrun gelditu, espazio interesgarria beteko du; PSEren deriba nabarmentzen ari da eta bere tokia gero eta txikiagoa da, ezkerretik eta eskuinetik botoak galtzen ari delako; PPren emaitzek PSEren parean jartzen dute eta hori, badirudi, momentuz, nahikoa dela bere itxura mantentzeko.

Baina nola ulertu emaitza hauek? Bada, ez da horren erraza.

EAJren emaitzak, inkestetan gutxi gorabehera aurreikusita bazeuden ere, sorpresa handia izan dira niretzat. Nola da posible krisian gobernatu duen alderdi batek oraindik botoak irabaztea? Nola ulertu EAJren arrakasta subiranotasunaren aldeko erronka egin zuenean, Ibarretxeren garaian, eta orain, erronka garbirik gabe arlo horretan, egonkortasuna eta seguritatea aginduz, emaitza bezain arrakastatsu ateratzea? Benetan, ikertzeko moduko fenomeno politikoa.

EH Bilduren emaitzak ere onak izan dira. Berreskuratzen ari da bere espazio politikoa eta bere diskurtsoa sendotzen eta egonkortzen. Zalantzarik gabe, Podemosen presentzia eta bere mehatxu politikoa suspergarriak izan dira espazioa mantentzeko behar zen norabidea finkatzerakoan. Bestalde, “normaltasun demokratikoa” aipatu denean, ohi den moduan, hauteskundeetaz mintzatzerakoan, argi dago Arnaldo Otegiren bazterketa ez dela izan, ez normala, ezta demokratikoa ere. Baina horrek erraztu dio alderdi honi indar, pertsona eta diskurtso berriak azaltzea, bere irudia eta espazioa zabalduz.

Podemosen emaitzek, aldiz, beren diskurtsoa egokitzera behartuko dute, Euskadin eskatzen den politika egitera eta osatu duten koalizioa argitzera eta bertako indar guztiei behar zuten protagonismoa ematera. Denbora nahikoa dute, aukerarik ez zaie faltako eta ezta talentu handiko pertsonarik ere.

PSEren egoera okertzen ari da; Euskadiko politikan eraginik izateko aukerarik gabe gelditzen ari da – nahiz eta, beharbada, Gobernuan sartu–, bere eskaintza politikoak nortasunik ez duelako eta Espainiaren menpe argi eta garbi azaltzen delako.

PPri buruz, zaila da ezer esatea. Parrokia mantentzen ari dira eta hori, gaur egun, ez da txantxetakoa.

Eta nolako panorama zabalduko da?.

Estatuan, inork kontrakorik espero bazuen ere, argi zegoen Euskadiko hauteskundeetako emaitzek ez zutela balioko ezer “desblokeatzeko”, zorionez. Ezer aldatuko bada PSOEren barne egoera izango da eta, hortik aurrera, auskalo.

Hemen, aldiz, argi dago Iñigo Urkullu izango dela lehendakari berria eta gobernua osa ahal izango duela bakarrik, horrela nahi izanez gero. Ez dut ikusten aukera seriorik oposizio egonkorra eta eraginkorra egiteko aukerarik beste alderdien artean – PP kontuan hartu gabe–, oso gai zehatzetan ez bada. Horregatik, lasai goberna dezake bakarrik. Baina posible da, noski, lehen egunetik gehiengo absolutua eduki nahi izatea, PSEren eskutik, oposizio talde bat ezabatuz. Ez dakidana da PSEri hau komeniko zaion: epe laburrean, seguruenik bai, karguek eta eragin politiko zuzenak duten lilura ikusita, baina ez epe ertainean eta luzean, non bere nortasuna gero eta lausoagoa izango den.    

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude