Uztailaren 19an Tolosako Aldaba auzoan elkartu dira 10 kolektibotako laborariak, "Amalurraren defentsan baserria bizirik" aldarriaren pean. EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren irakurketa kritikoa egin dute honi alegazioa jartzeko epearen azken egunetan eta ohartarazi dute hurrengo hamarkadetan lur emankorra ezinbesteko izango dela elikadura bermatzeko: "Hamarkada honen bukaerarako aurreikusita dago baserritarren %60k erretiro hartzea, Euskal Herrian. Nork hartu nahiko du erreleboa zentral berriztagarrien mehatxua gainean izanda? Horri guztiari gehitu behar zaio petrolioaren gabeziarekin bukatu egingo dela kanpotik janaria ekartzea. Ezinbestean, baserritar gehiago behar ditugu eta geratzen zaizkigun lurrak babestu. Ezin dugu hektarea bakar bat ere galdu". Nekazari-lurrak industrializatzearen aurkako elkarretaratze hau Aldaba Zar baserrian egin dute, elkartasunez: izan ere, proiektu honen erreleboa gauzatzen ari dira baina bertan 12 hektareako zentral fotovoltaikoa jartzeko asmoa du Jaurlaritzak.
Aldaba Zar baserrian elkartu dira kolektibo hauetako kide diren baserritarrak: Egurra ta kandela Baserritarren ekintza, EHko, Biolur, Bionekazaritza, EHNE Gipuzkoa, UAGA, EHNE Bizkaia, Etxalde, Landarlan eta Naturkon.
Energia berriztagarrien proiektuak mendi eta lur emankorretan egitea aurreikusten du EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (aurrerantzean EEBB LPS siglekin laburtuko dugu), eta lur horietan bizi diren baserritarrek bizi duten mehatxu egoera azaldu dute: "Hemengo baserritarrok ere hasi gara kapitalismo energetikoaren hatsa sentitzen garondoan". EEBB LPS 2023ko maiatzaren 10ean publiko egin zenetik, dokumentua "maiz aletu" dutela azaldu dute: "Mapetan ezin asmatu hartzen zituen baratzeak edo larreak gureak ote ziren; batzuetan irudia lausoegia zelako, beste batzuetan malkoek bihotza babestea erabaki zutelako".
Jaurlaritza helburutzat jartzen duen energia kopurua "aldatzen" joan dela salatu dute: "Ikasi dugu 2016tik bazegoela 2030erako Euskadiko Energia Estrategia, eta ezarritako helburua zela 1.440MW instalatzea –3.454GWh ekoizteko esperantzarekin–. Ikasi dugu zenbakiak aldakorrak direla. EEBB LPSren aurrerapen-dokumentuan 2030erako aurreikusten zuten 6.480MW instalatzea – 11.599GWh ekoizteko esperantzaz–. Hau da, Energia Estrategian azaltzen zenaren hirukoitza. Hasierako Dokumentu Estrategikoan, aldiz, 10.338GWh ekoiztea. Eta, halere, LPSko hainbat ataletan, ateak irekita uzten dizkiote energiaren ekoizpena handitzeari".
Laborariek adierazi dute LPSaren helburua ez dela herritarren beharrak asetzea, baizik, enpresa pribatuek "negozio egitea": "Halaxe dio LPSak: helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta. Atera ahal den ondorio bakarra da herriak eta lurrak nahi dituztela sustatzaile pribatu horiek negozio egiten jarraitzeko: hemen zentralak instalatuz eta energia urrutira garraiatuz". Ondorioz, bertan bizi diren landa-eremuko biztanle eta langile diren baserritarrek "etorkizun ezin beltzagoa" dutela ohartarazi dute: "LPSak Jada martxan dauden nekazari- edo abeltzain-proiektuak zalantzan jartzen ditu, egun erabiltzen dituen lurrak proiektu energetikoak instalatzeko erreserbatu nahi direlako. Kalkuluak atera ditugu eta 13.700 hektarea dira, gutxi gorabehera".
"Kontsumo energetikoarekin itsutzeko" arriskuaz ohartarazi dute: "Bitartean, krisi ekosozial bete-betean, ez dago pentsatuta zer jango dugun hemen etorkizunean. Ez dakigu nola gauzatuko duten EAEn Europako Baserritik mahaira estrategia, lurra eta baserritarrak faltako baitira nekazari-lurrak industrializatzen jarraituz gero. Hamarkada honen bukaerarako aurreikusita dago baserritarren %60k erretiro hartzea, Euskal Herrian. Horri guztiari gehitu behar zaio petrolioaren gabeziarekin bukatu egingo dela kanpotik janaria ekartzea. Etorkizunik izango bada, bertako ekoizpen agroekologikoan oinarritu beharko dugu, eta bide laburreko kontsumora pasatu".
Etorkizunean "ezinbestean" baserritar gehiago beharko ditugula azaldu dute: "Daudenak zaindu behar ditugu eta berriei bideak ireki, gerora elika gaitzaten. Eta geratzen zaizkigun lurrak babestu; hori egin ezean, gureak egin du. Ezin dugu hektarea bakar bat ere galdu. Orain (ere) lurra defenditzea tokatzen zaigu".
Aldaba Zarren elkartzeko motiboa azaldu dute: "Gaur hemen bizi duten egoera bihar beste baserritar askori gertatuko zaio".
Aldaba Zar hainbat bizitzatako baserri ilara bat da, eta egun 15-20 lagun bizi dira bertan. Ahuntz gazta eta ogia modu ekologikoan egiten dituzte bizitza batekoek aspaldidanik; Tolosako zein Ordiziako azokatik izango du haien berri herritar askok. Orain bi familia gaztek hartu dute ogia eta gazta ekologikoan egiteko erreleboa. Beste bizitza batera duela bi urte etorri zen familia bat erle, baso jangarri eta baratze proiektua lantzera.
Ogia egiteko bertako garia aldatzeko lur sailean eta ahuntzak larratzen dituzten lekuan 3-4 hektareako zentral fotovoltaikoa jartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Ondoko magalean, berriz, Isastegi sagardotegiak sagasti ekologikoa jartzeko duen proiektu pilotuaren lurretan, 7-8 hektareako zentral fotovoltaikoa aurreikusten du LPSak. Bi kasuetan, erreleboa eman duten proiektuen etorkizuna mehatxatzen dute eguzki zentral hauek: "Hemen ditugun lurrik onenak dira" adierazi dute.
Aldaba Zarreko kideek azpimarratu dute bizirik dagoen komunitatea dela eta bertako bioaniztasunak balio handia duela: EAEko, Espainiako eta Europako katalogo zein zuzentarauen arabera galtzeko arriskuan diren 20 hegazti eta ugaztu bizi dira bertan. Gehitu dute Jaurlaritza hau egiteko ez dela modu gardena erabiltzen ari: LPS hau publiko egin duela udal hauteskunde kanpainaren erdian, eta udal berriak osatzeko prozesuak ere baldintzatu egin duela alegazioak aurkezteko aukera. Eta horrez guztiaz gain, Aldaba Zarreko kideek ez dutela haien lurrean zentrala egiteko asmoaz inolako informaziorik jaso.
Hemen irakurri daiteke 10 elkartetako baserritarrek publiko egin duten duten adierazpena osorik:
Krisi energetikoa eta baserriaren krisia
Ziurgabetasuna bidelagun bilakatu zaigu laborarioi, itzal. Bere presentzia faktore askok ziurtatzen digute, eta aspaldikoak ziren horiei –lur eskasia, errelebo falta...– mamu berriak –eta ez hain berriak– azaldu zaizkigu: klima aldaketa eta horren aitzakian datorkigun kolonialismo energetikoa. Txanpon bereko bi aldeak dira: sistema kapitalista.
Ezinezkoa da mugarik gabeko hazkundea, eta, halere, mugarik ez balego bezala, errezeta bera aplikatu nahi du kapitalak. Eta orain ere, planeta suntsitu dutenak, lehenaz gain, aberastuko dira.
Hegoaldeko herrialdeetako nekazarien larritasuna gertuago bizi dugu Hego Euskal Herrian. Testuinguru bakoitzak ezartzen dituen ezberdintasunekin, hemengo baserritarrok ere hasi gara kapitalismo energetikoaren hatsa sentitzen garondoan, eta batzuk hasi maletei hautsa kentzen.
Nekazaritzarako egokiak ziren lurren arpilatzea ez da berria. Garai batean, industrializazioak. Gero, eraikuntzaren burbuila. Azpiegitura handiek ere janaria sortzeko aproposak ziren lurrak ere nahi. Mozorroz mozorro, batzuen diru-gosea eta espekulazioa egon dira presente, beti. Pixkanakako lur-desjabetze horrek eremu zailagoetara ekarri gaitu baserritarrak, inork nahi ez zituen lurretara. Ohitu egin gara isolaturik edo industrialdez inguratuta bizitzera. Garapen eredu honek ongitxo adierazi digu tokirik ez dugula jendarte moderno honetan, ez bada hiriko grisari kolore zipriztin batzuk emateko.
Hurrengo olatua gainean dugu: trantsizio energetikoa. Mendez mende, baserritarrek eutsi egin dioten arren, egun, eustea zaila da, guk ez baitakigu olatu horietan surf egiten; bestela ere, itsaskirrietan, nahiko lan. Ohitu ginen bazterretan bizitzera, zerbitzu publiko gutxiagorekin eta etxeko gastuak gure produktuen prezioen neurrira doitzera; auzolana gure bizitzak mantentzeko ezinbesteko sarea dugu. Eta orain?
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) 2023ko maiatzaren 10ean publiko egin zenetik, dokumentua maiz aletu dugu. Mapetan ezin asmatu hartzen zituen baratzeak edo larreak gureak ote ziren; batzuetan irudia lausoegia zelako, beste batzuetan malkoek bihotza babestea erabaki zutelako.
Maiatzetik hona, baserriko lanaz gain, sortu diren taldeetako herrikideekin batera, ekin genion LPSari alegazioak prestatzeari, herritar xumeek ekin ahal dioten moduan. Nahiz eta oztopoz beteriko bidea izan, asko ikasi dugu. Ikasi dugu 2016tik bazegoela 2030erako Euskadiko Energia Estrategia, eta ezarritako helburua zela 1.440MW instalatzea –3.454GWh ekoizteko esperantzarekin–. Ikasi dugu zenbakiak aldakorrak direla. EEBB LPSren aurrerapen-dokumentuan 2030erako aurreikusten zuten 6.480MW instalatzea – 11.599GWh ekoizteko esperantzaz–. Hau da, Energia Estrategian azaltzen zenaren hirukoitza. Hasierako Dokumentu Estrategikoan, aldiz, 10.338GWh ekoiztea. Eta, halere, LPSko hainbat ataletan, ateak irekita uzten dizkiote energiaren ekoizpena handitzeari.
Ikasi dugu EEBB LPSaren helburua dela eskala handiko –30MW edo gehiago– zentral eoliko eta fotovoltaikoetarako lur-eremuak izendatzea. Tamainari erreparatuz gero, aintzat hartzen ditu bost aerosorgailu edo gehiagoko instalazioak –aerosorgailu bakoitzeko bat eta bost hektarea bitartean, sarbide eta guzti–. Fotovoltaikoei dagokienez, 10 hektarea edo gehiagoko lur-eremuak Araban, eta bost ha edo gehiagoko sailak, Gipuzkoan eta Bizkaian. LPSan, 50MW baino gehiagoko zentralak instalatzeko eremuak ere izendatzen ditu, horien ardura Madrilek duen arren. Plangintzatik kanpo geratzen dira 30MW baino txikiagoko instalazioak.
Orotara, tamaina guztietako zentralak izango ditugu: handiak, handiagoak eta erraldoiak. EEBB LPSaren dokumentuan, besteen artean, hauek irakurri ditugu: “Helburua da sustatzaileek gaur egun dituzten ziurgabetasunak murriztea eta ekimen pribatuaren interesa pizteko segurtasun juridikoa areagotzea”. “Zehaztutako kokalekuak energia elektrikoa sortzeko instalaziorako dira, helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta”.
Atera ahal den ondorio bakarra da herriak eta lurrak nahi dituztela sustatzaile pribatu horiek negozio egiten jarraitzeko: hemen zentralak instalatuz eta energia urrutira garraiatuz. Haiei begirako plangintza dela. LPSk landa-eremuaz dio: “Energia berriztagarriak motor ekonomiko garrantzitsua dira, biztanleria finkatzen eta lurraldea egituratzen laguntzen baitute”. Hori idatzi duenak burbuila energetikoan interesak dituzten enpresen publirreportajez gain beste ezer irakurri ote du?
Baserritarroi, eta landa-eremuko biztanleoi, aurrean zabaltzen zaigun etorkizuna ezin beltzagoa da. Jada martxan dauden nekazari- edo abeltzain-proiektuak zalantzan jartzen ditu, LPS dokumentuan egun erabiltzen dituen lurrak proiektu energetikoak instalatzeko erreserbatu nahi direlako –13.700 hektarea gutxi gorabehera–. Baserri baten erreleboa hartzeko prozesuan sartu nahiko lukeenak –edo horretan dabilenak– zer ziurtasun maila izan dezake? Nola eskuratuko dituzte lurrak, hala eta guztiz ere instalatu nahi dituzten gazteek, lur-jabeek badakite enpresa elektrikoek diru gehiago aginduko dietela?
Eta bitartean, kontsumo energetikoarekin itsututa, krisi ekosozial bete-betean, ez dago pentsatuta zer jango dugun hemen etorkizunean. Europako “Baserritik mahaira” estrategia gauzatzeko lurra eta baserritarrak faltako dira nekazari-lurrak industrializatzen jarraituz gero. Antza, hamarkada honen bukaerarako aurreikusita dago baserritarren %60k erretiro hartzea, Euskal Herrian. Horri guztiari gehitu behar zaio petrolioaren gabeziarekin bukatu egingo dela kanpotik janaria ekartzea. Etorkizunik izango bada, bertako ekoizpen agroekologikoan oinarritu beharko dugu, eta bide laburreko kontsumora pasatu.
Horrek esan nahi du, ezinbestean, baserritar gehiago behar ditugula, daudenak zaindu eta berriei bideak ireki, gerora elika gaitzaten. Eta geratzen zaizkigun lurrak babestu; hori egin ezean, gureak egin du. Ezin dugu hektarea bakar bat ere galdu.
Orain (ere) lurra defenditzea tokatzen zaigu.
Sinatzaileak: Egurra ta kandela Baserritarren ekintza, EHKo, Biolur, Bionekazaritza, EHNE Gipuzkoa, UAGA, EHNE Bizkaia, Etxalde, Landarlan, Naturkon.
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Erdialdeko Amerikan izan da ARGIA uztailean, meatzaritza metalikoko megaproiektuek sortzen dituzten kaltean bertatik bertara ezagutzen. Guatemala eta Honduraseko meatzeak bisitatu ditu, eta El Salvadorren ere izan da, bertako egoera politikoaren berri jasotzen: herrialdean... [+]
Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]
Araba eta Nafarroa zeharkatu behar zituzten goi-tentsioko bi linea elektrikoren proiektuak ez dira gauzatuko. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Aragoiko Tueste herrian Forestaliak egin behar zituen lau poligono eolikoen proiektuak artxibatu ditu.
A zer zortea gurea! Inork nahi ez duen edozein industria-proiekturentzako puntu bero gogokoena gara gu! Ezkerraldea eta Meatzaldea, beti prest beste leku batzuetan gogaitzen duen guztia beso zabalik hartzeko. Petronor? Ederto. Lindane-hobi bat? Aurrera. Dorre elektrikoak gure... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.
1994an altxatu zituzten lehen haize errotak Nafarroan, Erreniegako parke eolikoan, Iruñetik gertu. Segidan etorri ziren beste asko: Arizko parkea Leitzan eta Berueten, Izkokoa Irunberri inguruan, Oibarkoa, Cabanillasko Serralta parkea... ‘Haizearen aitzindari’... [+]
Manuel Casal Lodeiro (Barakaldo, 1970) informatikaria eta gai energetiko eta ekosozialen inguruko aktibista eta dibulgatzailea da. Besteak beste, 15/15/15 aldizkari eleanitza eta Galiziako Instituto Resiliencia koordinatzen ditu, eta Véspera de Nada por unha Galiza sen... [+]
Halabeharrez, ugariak eta askotarikoak dira Euskal Herrian energia berriztagarrien neurrigabeko zabalpenaren aurka antolatutako mugimendu, plataforma eta elkarteak, gehien-gehienak lurraren defentsan diharduten kolektibo sozial eta politikoetatik sortuak. Urriagoak izanagatik,... [+]
Desinformazioak eta pentsamendu likidoak den-dena hartzen duten garaiak bizi ditugu; garai aproposak beren benetako izatearen disimuluaren arituentzat. Garai aproposak jendea engainatzeko eta Kodizia Jainkosa gurtzen jarraitzeko; jazartzen gaituen Solariaren garaia omen... [+]
Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.
Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01). Hemen... [+]
Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]
Nahiz eta jakina izan inkestak ez direla errealitatearen isla zehatza, interesgarria da bistadizo bat ematea, beti eskaintzen baitigute gai zehatzekiko tenperatura sozialaren arrastoren bat. Are garrantzitsuagoak dira, gai zehatzetan sartuegiak edo katramilatuak egoteagatik,... [+]