Balenciaga ontziolako langileek eta erosle berriak akordioa lortu dute

  • Langileen onespena falta zen Zumaiako enpresa Abu Dhabi Ports inbertsio talde arabiarrari saltzeko. Lan baldintzen inguruko negoziazio “gogorren” ostean, soldatak %5 jaistea, horiek hiru urtez izoztea, eta 59 kontratu subrogatzea adostu dute. Langile batzordeak eta erakundeek “positiboki” baloratu dute akordio berria.

EHBildu

2025eko abenduaren 22an - 10:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Akordioa lortu dute Balenciaga ontziolako langileek eta erosle berriak, hilabete askotako ziurgabetasunaren ondoren, eta langileek enpleguari jarraipena eman ahal izango diote. Sokatiran ibili dira bi aldeak, batez ere langileen lan baldintzak tarteko, eta azkenik, larunbatean, talde inbertitzailearen azken proposamena onartzea adostu dute langileek bileran: langileen soldatak %5 jaistea, horiek hiru urtez izoztea, eta 59 kontratu subrogatzea. Zazpi langile geratuko dira kanpoan: errelebo kontratudunak eta erretiroa hartzeko adinean daudenak. Ituna 2028ra arte egongo da indarrean, eta sari sistema bat ere negoziatuko dute. 

Langile batzordeko presidenteak positiboki baloratu du akordioa: “Enpresa aktibatuko dugu, hori zen helburuetako bat, eta langileak zoriondu egin behar ditugu egin duten ahaleginagatik”. Zumaiako Udalak ere balioan jarri du akordioa, “negoziazio luze eta zail baten ondoren Astilleros Balenciagaren jardunari jarraipena emateko aukera zabaldu duelako”. Eusko Jaurlaritzak ere “oso positibotzat” jo du akordioa.

Hartzekodunen lehiaketatik akordiora

Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago iazko abendutik, eta langileak soldatarik gabe aurtengo ekainetik, aldi baterako enplegu erregulazioa amaitu zitzaienean. “Lan egin nahi dugu, egonkortasuna nahi dugu, gure bizitzan duinki aurrera egitea ahalbidetzen digun proiektua nahi dugu”, adierazi zuten langileek.

Enpresaren biziraupena argudiatuta, azaroaren 30ean sinatu zuen salmenta protokoloa Eusko Jaurlaritzak Abu Dhabi Ports inbertsio talde arabiarrarekin, 11,2 milioi euroren truke. Salmenta gauzatzeko, baina, langileen onespena behar zen. Abenduaren 11n, langileek salatu zuten erosle berriak lan baldintzak okertuko zituela: zazpi kaleratze eta soldataren %25eko jaitsiera, “kasu batzuetan %50 artekoa” proposatu zuen Abu Dhabi Ports-ek. Akordio berrian soldata jaitsiera nabarmen apaltzea lortu dute, Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenean jasotzen diren oinarrizko soldatetara gerturatzeko. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Eguneraketa berriak daude