Babes ugari jaso ditu Sareren larunbateko manifestazioak

  • EAJ, EH Bildu eta Ahal dugu alderdi politikoek eta ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT sindikatuek babestu dute deialdia, besteak beste. Sarek herritarrei eskatu die mobilizatzeko, espetxe politikaren aldaketa “sendotzeko”.

Sareren aurreko manifestazioa bat, Donostian: Argazkia: sare.eus

2021eko urriaren 22an - 09:43
Azken eguneraketa: 11:48
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Larunbateko manifestazioren harira egindako azken agerraldian, Sareko bozeramileek ETAk borroka armatua baztertu zuenetik hamar urte bete direla gogoratu zuten, orduan zabaldutako aukera “erdizka” probestu dela azpimarratuz: “Uste baitugu inork ez zuela espero, hamar urte hauek igaro ondoren, jada desagertuta dagoen erakunde horretako kide izan ziren euskal presoak oraindik ere bizi duten eskubideen urraketaren aurrean konponbide justurik gabe egotea”. Sareren esanetan ematen ari dira pausoak presoen eskubideen errespetuaren alorrean, baina salbuespen politikak eta legediak indarrean jarraitzen dute, eta horiek indargabetzea ezinbestekoa da: “Duela hamar urte esan izan baligute gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan egongo zela, haien etxeetatik batez beste 250 eta 600 km arteko distantziara, ez genukeen sinetsiko”. Eskubideen errespetua lortzeko kaleko mobilizazioa ezinbestekoa dela adierazi dute Sareren bozeramaileek.

Babes askotarikoak

Azken egunetan larunbateko deialdiak jaso duen babesa iragarri du Sarek sare sozialetan. Alderdi politikoen artetik EAJ, EH Bildu eta Ahal duguk babestu dute mobilizazioa; sindikatuen artetik ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT eta CGTk; eta Hitz eta Hitz, Etxerat, Bake Bidea, Egiari zor eta Paz Con Dignidad eragile sozialek. Horrez gain, Kataluniako ordezkaritza batek hartuko du parte manifestazioan. Donostian izango dira besteak beste Carme Forcadell, Oriol Junqueras eta Josep Rull. Manifestazioa amaieran, Gatibu taldeak kontzertu labura emango duela iragarri du Sarek.


Euskal preso politikoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.