Ba al zenekien hainbat zuhaitzek ekainean galtzen dituztela hostoak?

  • Urteko egunik luzeenak ditugu, eta aldaketa handiak heltzen dira, ikuskizun, nahi dituenarentzak. Egun-argiak, luzatu eta luzatu ari denak, laburtu eta laburtzeari ekingo dio. Horrek negua ekarriko du landareen gogamenera. Neguan hostorik galtzen ez dutela iruditzen zaizkigun zuhaitz horiek orain berrituko dute hostajea.


2020ko ekainaren 11n - 07:50
Pinu luma, hostoa edo orria.

Zer gertatzen da aipagarri landareetan ekainean? Galdera hori egingo balizute zer erantzungo zenuke? Goi medietako ekosistemetan bilakaerak beste neurri batzuk ditu, baina beheko lurraldeetan, hego edo eki, udaberriko puria joan da. Lorealdien eta hosto-janzteen une gorenak igaro dira, eta badirudi hurrengo urrats aipagarria, bantatzeko modukoa, udazkena izango dela; fruituak bildu eta hostajeen kolore aldaketa eta erorketa ikusiko dugun aroa.

    Ba ekainak badu bere korapiloa landareen sasoi berriaren harian. Urteko egunik luzeenak ditugu, eta aldaketa handiak heltzen dira, ikuskizun, nahi dituenarentzak. Egun-argiak, luzatu eta luzatu ari denak, laburtu eta laburtzeari ekingo dio. Horrek negua ekarriko du landareen gogamenera. Di-da lausotuko dira udaberriko olgetak eta ospakuntzak. Eta gogamenak, bakoitzarenak berea aginduko dio landare bakoitzari eta gauza asko gertatuko da. Izan ere, izan eta izen asko du ekainak: udaila, errearoa, arramaiatza, ereiaro, bagila, jorraila, garagarila, maiatza berri...

    Hostoa galduko dute zuhaitz eta zuhaixka ugarik. Bai, gezurra badirudi ere, hostoa galtzeko sasoia izango da. Berez neguan hostorik galtzen ez dutela iruditzen zaizkigun horiek orain berrituko dute hostajea. Sugeak azala edo hegaztiak luma bezala, zaharra botatzerako azpitik hosto berriak badatoz. Ereinotz edo erramu (Laurus nobilis), magnolia lore-handi (Magnolia grandiflora), gurbitz (Arbutus unedo), arte (Quercus ilex) eta artelatz (Quercus suber), mimosa (Acacia dealbata), gorosti (Ilex aquifolium), garrazki, palmondo eta konifero gehienak orain ari dira hostajea aldatzen. Ez hostaje guztia; gehienetan hostoa bi edo hiru urte bizi ohi da, eta, beraz, hosto batzuk eroriko dira. Hosto ihar mordoska pilatzen da landarearen azpian, eta, hori ikusita, erabat soilduko ote zaion beldur, izutzen denik ere bada. “Hostorik ez dute galtzen, eta nola liteke?”, diote. Bai, galtzen dute eta lasai, hostoberritzea da landarea ondo eta indarrean bizi den zantzu onena.

    Hosto zaharra bezala, gainean alferrik duten edozein zati ere orain botako dute. Izerdialdi berriak eragindako hazkundeak bultzatuta adar mutur iharrak orain ikusiko dituzu landarepean. Nik etxeko atarian ikusi dut keyaki edo Japoniako zelkoba esaten zaionarekin (Zelkova serrata). Zaharrak bota eta euriak izerdia puztera laguntzen badu, bigarren kimualdia ere ematen du zenbait landarek, hosto berriko adarren muturretan hosto berriagoak: haritz kandudun (Quercus robur), lizar (Fraxinus excelsior), astigarrak (Acer spp.) eta abar.

    Egun-argiaren luzatzetik laburtzerako koska hau loratzeko baliatzen dutenak ere badira. Orain loratu eta udazkenerako fruituak eta haziak pronto ugalketarako. Gaztainondoa (Castanea sativa), luisa-belarra (Lippia citriodora) eta magnolia lore-handia dira horietako hiru. Orain loratzen diren horiek lore usaintsuak izan ohi dituzte. Bista txarra baduzu ere, sudurrak eramango zaitu beraiengana.

    Ekaineko loraldietan aurten badugu bitxikeria bat, egundo ikusi gabekoa: sagarrondo (Malus domestica) batzuk loretan. Ez bat eta ez bi, dezente baina. Sekula ikusi gabekoa eta sagarrondoaren loraldiari buruzko esaera ezagunenak jasotzen ez duena: “Martxokoa ez balitz hobea, apirilekoa urrea eta maiatzekoa ezer ez baino hobea”. Ekainekoa ere erantsi beharko diogu aurten; eta hemendik atzerako urteetan ere erabilgarri izango dugula ez izan zalantzarik. Klima aldaketaren eragin garbia. Nire proposamena: “Eta ekainekoa azkena”, inola ere behar ez dena, alegia. Ea ba, bota zeurea!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koniferoak
Konbentzimendu osoz

Aspaldian ez naiz boto-emaile ziurra. Halako batean, konbentzimenduak erabaki zuen hagin baten itzalean esertzea, eta bizitzak aurrera eraman ninduen, bazterrik bazter, urruti. Harrezkero hura ez da osoa, eta ni alderrai nabil.


2019-04-03 | ARGIA
Pinuen gaitzak 95.000 hektarea kutsatu ditu dagoeneko EAEn

35.000 hektarea pinudi oso kaltetuta eta beste 60.000 hektarea gaitzak eraginda daude dagoeneko EAEn, arbolak akabatzen ari den onddoak kutsatuta. Gaitz honek kalteturiko lurrazala bikoiztu egin da azken hilabeteotan, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako... [+]


2019-03-04 | Naturkon
"Oxido kuprosoarekin 1.050 hektareatan tratamendu esperimentala egiteko asmoa dute"

Madrilek ez du baimenik eman aire bidez Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzeko. Hala ere, Jaurlaritzaren esanetan, aurrerantzean baimena emateko aukera ez omen du baztertzen, baldin eta tratamendua eraginkorra dela eta ingurumen kalteak onargarriak... [+]


2019-02-26 | ARGIA
"XXI mendeko Euskal Herriko basogintzaren erronkak": bideoz ikus daiteke Villabonako eztabaida

Pinuaren gaixotasunaren krisiak eraginda batik bat Bizkaia eta Gipuzkoan basogintzaren inguruan berotu den eztabaida argitze aldera, Alkartasuna fundazioak (Eusko Alkartasuna) Amasa-Villabonan mahai baten inguruan bildu zituen aferaz iritzi ezberdin eta kualifikatuak dituzten... [+]


Ingurumen delituengatik inputatutako enpresa bat darabilte administrazioek egurgintza sektorea formatzen

Egurra ekoizteko eredu intentsiboaren krisi larriaren aurrean, igaro den abenduan Eusko Jaurlaritzak baso jabeentzako formazio teknikoko saio bat antolatu zuen, hizlari gisa Bosques 2000 enpresako ordezkariak erabiliz. Hitzaldi tekniko hau HAZI enpresa publikoak antolatu zuen,... [+]


Eguneraketa berriak daude