Azkarate Garbi plataformak hondakin guneaz jarrera garbi adierazteko eskatu dio alkateari

  • "Denen adostasunik ezean", hondakinak kudeatzeko plantarik ez dela egingo adierazi zuen Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak apirilaren 17an. Auzotarren plataformak erantzun dio egunotan garbi geratu dela herrian adostasunik ez dagoela, eta, horrenbestez, bertan behera uzteko proiektua.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko apirilaren 20an - 07:22

Azkoitiko Maxixatzen hedabideak landu du albistea:

Azkoitian hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gunea egiteko proiektuak kezka eragin du herrian, eta hainbat eragilek eta herritarrek egindako presioaren ondorioz, Javier Zubizarreta alkateak ohar bat kaleratu zuen apirilaren 17an. Han zioenez, besteak beste, "denen adostasunik ez bada, ez da obra hondakinen birziklapen plantarik eraikiko". Azkarate Garbi auzotarrak plataformako kideek "jarrera aldaketa" ikusi dute Zubizarretaren adierazpen horietan, eta berri ontzat jo dute hori, baina uste dute alkatearen esanak "zuhurtziaz" hartu beharra daudela, "orain arteko ekintzek eta kontraesanez betetako adierazpenak beste helburu bat" zutelako.

Azkarate Garbi auzotarrak plataformako kideen arabera, "udalaren lana herritarren interesak denfendatzea eta ongizatea bermatzea da", eta garbi daukate horrelako gune bat jartzeak "onurak beharrean kalteak" ekarriko lituzkeela. "Gure etorkizuna dago jokoan, gure ingurunea, osasuna eta bizi kalitatea. Beraz, eskatutako bilera egitea onartu bada ere, alkateari posizionamendu eta jarrera garbi bat har dezan eskatu nahi diogu".

Auzotarren plataformako kideen irudiko, "garbi ikusi da herrian adostasun osorik ez dagoela" Azkaraten eraiki nahi duten gunearen inguruan. Hori horrela, "alkateak eta haren alderdiak proiektua bertan behera gelditzen dela publikoki adieraz dezaten nahi dugu". Hori gertatzen ez den bitartean, borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute auzotarrek.

Bukatzeko, auzotarren plaformako kideek eskerrak eman dizkiete herritarrek osatzen duten Azkarate Garbi plataformako kideei eta gainontzeko herritarrei, alkatearen jarrera aldaketa ez zatekeelako posible izango haien laguntzarik gabe. "Egunero herri osoan entzun dira lapiko-jotzeak, eta horrek garbi erakusten du Azkoitiko gainerako herritarrek ere Azkarate garbi nahi dutela, hondakinik gabe".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Gipuzkoan
2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-08-01 | Jon Torner Zabala
Ibilbideak (IV)
Beloki: Han goitik hautsa ikusten da

Zumarragan badugu eraikin-multzo bat herriguneak besteko zabalera duena ia, Arcelor Mittal-en fabrika zaharra, industriak gurean izan duen garrantzia geroz eta urriagoaren erakusgarri. Hura itxi eta gutxira, 2021eko urrian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen,... [+]


Zumarragan erraustegi bat jartzeko asmoa salatu dute

Plastic Energy enpresak Zumarragan hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazioa jartzeko asmoa "kezka handiz" ikusten du Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak. Azpimarratu du pirolisiak osasunarentzat kaltegarriak diren kutsatzaile kimikoak askatzen dituela,... [+]


Zubietako erraustegiaren egoera Europako Parlamentura eramango du Ezker Anitzak

Errauste plantaren transformadorea matxuratu ondoren, Zubietan hondakinak energiarik sortu gabe erretzen ari direla salatu du GuraSOS elkarteak. Ezker Anitza-IUren aburuz, horrek erakusten du Gipuzkoako Ingurumen Gunea “bluf” bat dela eta Europako Parlamentura... [+]


Eguneraketa berriak daude