Ogro operazioaren urtemugan, Iñaki Segurola ‘Ogrue’ hil eta bi urte eta erdi baino gehiagora, emari handiko pentsalariaren hurbilekoek segurola.eus webgunea aurkeztu dute Azpeitian, buru-beroki koloredunak jantzita. Segurolaren ondarea eskueran ipinita, transmisio lana bultzatzea dute xede. Ikusgai dago, bideoz, ordu erdi pasatxoko ekitaldia.
“Ez gara komando bat, ez dugu gaurko egunez atentaturik egiteko asmorik, baina alde egin zigun ogro bati, gaur, opari moduan, webgune hau bidali nahi diogu”. Hitz horiekin eta bertaraturikoei zein proiektuan parte harturikoei eskerrak emanez ekin dio ekitaldiari Garbiñe Larreak, Iñaki Segurola Ogrue-ren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962-2022) “andrezurtzak”. Joan den larunbatean, abenduaren 20an aurkeztu dute propio, ETAk Madrilen egindako Ogro Operazioaren urteurrena zelako –frankismoko presidente Carrero Blanco hil zuten lehergailu bidez, 1973ko abenduan–; eta Azpeitiko azokan egin dute ekitaldia, Segurolak baitzioen bere generoak ez zuela batere balio, baizik eta benetan balio duen generoa baserritarrek saltzen dutena dela.
Segurola hil eta aste gutxitara, Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta irakaslearen mezua jaso zuen Larreak. Goikoetxeak zioen “ondare handia” utzi zuela Segurolak, oso sakabanatuta zegoela, eta merezi zuela dena webgune batean biltzeak, transmisio lana egiteko, eta nerabe ikasleekin erabiliko zuela. Gauzak hala, duela urtebeteko Durangoko Azokan hasi zen Larrea hurbileko jendea tentatzen, lanerako nor zegoen prest galdetzen, webgunerako eduki bilketan lanean jartzeko. Dozena bat lagun bildu, lanak banatu, eta halaxe ikusi du argia segurola.eus artefaktuak.
Kategorizazioak garrantzi berezia du Segurolaren ondarean. “Aurkibidea” ataleko gaiek eta hitz gakoek ematen dituzte klabeak guztiari forma hartzen joateko: Segurolak zer pentsatzen zuen euskaraz, hiztegigintzaz, futbolaz, zezenketez, punkaz, atez ateko zabor bilketaz, lotsaz, heriotzaz, zoriontasunaz...
Bilketa lana ez da makala izan. Hiru hamarkadaz hiztegigintzan aritu zen beharrean, hala nola Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian. Euskaltzain urgazle zen 1991tik. Literatur arloan ere egin zituen ekarpenak, tartean lau liburu argitaratuta –Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania, 2005); Nere gorringotik (Alberdania, 2008); Arrazoia ez dago edukitzerik (Alberdania, 2012); Sed quia sua (Erein, 2020); Koiteretzia (Alberdania, 2021)–, eta hil osterako utzitako bosgarrena, Ganorexia (Alberdania, 2022). Hiztegi propioa zerabilen Segurolak, bai bere idatzietan eta bai Euskadi Irratiko sermoietan zein Uztarria-n egiten zituen kolaborazioetan, eta hitz horiek denak “Ogrotarikoa” deitutako atalean biltzeko ahalegina egin dute, ondare zinez handia baita, bereizgarria oso. Horrez gainera, 150 saiotik gora egin zituzten ia hamar urtetan Kontrako Eztarrixe irrati librean, Hankak lurrin “umore kabroiko” podcastean, Segurolak eta hainbat lagunek. ARGIA Saria jaso zuen podcastak 2020an; ikusi hemen jendea barrezka jarri zuen Segurolaren hitzartzea. Botere guztia biribilguneei irratsaioa ere egin zuten, Urretxu-Zumarragako KKinzona irrati librean; denboran laburragoa izan zen hura.
Handik eta hemendik jasotakoa deskargatu egin dute, estekak edonoiz desagertu baitaitezke, eta guzti-guztia, horregatik, segurola.eus webgunera igo eta bertan jaso dute. Alberdania argitaletxeak, esaterako, libre eta doan ipini ditu Segurolaren liburuak. Dena dela, guztia katalogatzeko, oraindik gutxienez beste urtebete beharko dutela aurreikusi dute egileek.
Webgunearen lanketan aritu dira ondoko lagun hauek: Xabier Arenaza Mamo, Idoia Bengoetxea, Ander Bolibar Boli, Amets Etxaide, Etxahun Galparsoro, Andoni Imaz, Garbiñe Larrea, Kepa Matxain, Beñat Muguruza eta Josu Isaias Villanueva Isuo. Konplizeak ere izan dituzte, materialak eskueran ipini dituztenak: Arantxa Iturbe, Jon Artano eta Patziku Perurena, esaterako. Perurenarekin, kasurako, korrespondentzia interesgarri bat izan zuen Segurolak, eta hori ere irakurgai ipini dute. Webgunearen garapenean eta diseinuan, bestalde, Iametzako Asier Etxeberria, Nerea Vega eta Irene Cormenzana aritu dira.
Aipaturiko hainbat lagunek hartu dute parte Azpeitian egindako aurkezpen-ekitaldian. Horiek bideoan ikusgai, Larrearen hasierako aurkezpenarekin batera.