Aro berria ekarri du pantailara Irati Gorostidi zinemagileak, eta a ze aro berri. 1970eko azken urteetan dago kokatua Aro Berria Gorostidiren lan berria, New Directors sailean lehiatzen dena. Azken urte horiek, Francisco Franco diktadorea hil eta demokraziara trantsiziokoak, nahasiak izan ziren Hego Euskal Herrian, hori ezagun du euskal herritarrak. 40 urteko errepresioaren ostean, ideologia, mugimendu, askatasun eta joera askoren loratzea izan ziren urte horiek, eta, hain zuzen ere, hortxe dago kokatuta pelikula.
Donostia industrial bat da filmaren hasierako kokalekua. Langile mugimendua borborka dablien garai batean, grebak ugaritzen ari dira, eta Gorostidiren lau protagonistak greba bultzatzen ari diren lau langile dira. Hitzarmena negoziatzen ari diren bitartean, asanblada jendetsuak antolatzen dituzte deskantsu tarteetan, eta denetariko iritziak plazaratzen dituzte. Asanblada horietako batean, sortu berri diren sindikatuek patronalarekin negoziatutako hitzarmenaren alde egiten dute, eta langileriaren “gehiengoaren” ordezkari direnez, hitzarmen berria onartzen dute. Pelikulako protagonistek beren desadostasuna adierazten dute eta, garaiaren adierazgarri, hiritik alde eta komunitate espiritual batera joatea erabakitzen dute.
Pelikularen gorputza komunitate horretan lantzen da. Eszena bereziki ausartak planteatu ditu Gorostidik: gorputz biluziak luze grabatu ditu, gorputzen arteko harremanei atentzio berezia eman die. Eszena luze eta geldoak dira aipatutakoak, elkarrizketarik eta bestelako azalpenik gabekoak; besterik barik, gorputzen dantza moduko bat antzezten dute, esplorazioa. Hasiera batean, ikusleak deseroso sentiarazi baditzake ere, pelikula amaitu eta denbora batera aztertuta, bere zentzua hartzen dute; are, zentzua ematen diote pelikula osoari.
Izan ere, askapen momentu bat kontatzen du pelikulak, eta askapen hori da korporala baina baita mugimendu eta ideia aldekoa ere. Eztabaida oso interesgarriak plazaratzen dituzte pertsonaiek, garaiaren adierazgarri. Sexualitatearen askapena da gai nagusietako bat, baita ere, feminismoaren arlotik, gizonekiko harreman sexualetan nola jokatu, penetrazioari zein leku eman eta beste. Abortuaren gaia ere pil-pilean dago, komunitateko emakumeen artean feminismoaren garaikur nagusia da berau: baina sortzen dira elkarrizketak, emakumeen artean, abortuaren “progresismoa” zalantzan jartzen dutenak, eta bizitzaren garrantzia erdigunean jartzen dutenak.
Langile gatazka, sindikatuen “erreformismoa”, gizarte kapitalistaren asimilazioa... guzti horiek sakon lantzen dira, eta baita, horren guztiaren ondorioz, gizontasun ereduak ere. Zeren, oso aske eta oso berdinzale dira, baina gizonak beti gizon, eta gizonen ahotsak beti du pisu handiagoa. Azken hori ere era sotilean lantzen du Gorostidik, fin.
Ez da edonori gomendatzeko moduko pelikula, aipatu eszenek deseroso sentiarazi baitezakete publiko orokorra; baina bada garaiko kronika oso osatu bat, interesgarria. Gainera, pisu handiagoa hartzen du jakitean komunitate hori benetan existitu zela, eta Gorostidiren gurasoak bertako parte izan zirela. Zuzendariak erakusketa bat ere antolatu du Tabakaleran, Arcoíris 82, pelikula osatzen duena: sinbiosi moduko bat ageri da aktoreen eta pertsonaien artean, eta, osotasuna ematen dio, pentsatzeraino aktoreak bertan izan zirela, Arco Íris komunitatean, 70eko urteetan.