Askapenarekin, salbuespen egoera iraunkorraren kontra

  • Askapenaren aurkako epaiketa laster hasiko dela-eta, eskubide zibil eta politikoen aldeko Eleak mugimenduak egungo egoerari buruzko bere irakurketa plazaratu du iritzi artikulu baten bitartez.


2015eko urriaren 10an - 20:29

Urriaren 19an hasiko da Askapena talde internazionalista, Askapeña konpartsa, bidezko merkataritzarako Elkartruke elkartea eta Unai, Walter, Dabid, Aritz eta Gabiren kontrako epaiketa. Berriz ere urtetako espetxe-zigorra eskatzen dute teorian aitortzen diren eskubideak betetzeagatik; berriz ere erakunde politiko, sozial eta kulturalak legez kanporatzeko mehatxuak. Eta ikasturte politikoa hasi besterik ez da egin. Beharbada, hauxe da une egokia eskubide zibil eta politikoen aldeko begiradatik ikuspegi orokor bat eskaintzeko.

Hasi berri dugun ikasturtean, Madrilek epaiketa andana abiaraziko du (frantsesen lankidetza ezin baliotsuagoarekin), dela Batasunan edo Ekinen militatzeaz akusatutako pertsonen kontra, dela preso edo erbestean dauden herrikideei modu batera edo bestera babesa emateko herri bazkariak edo pregoiak antolatu dituzten alkate edo herritarren kontra, dela txioen bidez beren iritzia adierazten duten pertsonen kontra. Baita berariaz sortutako mendeku-sententziak, berriki Santiago Arrospideri jarritakoa, kasurako.

Ez gara esateaz nekatuko: Madrileko salbuespenezko epaitegi eta legeek ideia eta ekintza legitimoak epaitzen eta zigortzen dituzte prozesuaren berme gutxienekoak ere errespetatu gabe. Auzitegi horietan eta zuzenbidearen kontrako lege horien arabera ez litzateke ez inor, ez ustezko ezein delitu –ezta norberak gaitzesgarrientzat duen hori– epaitu beharko. Sinpleki, ez dira zilegi.

Espainiako Audientzia Nazionala eta Terrorismoaren kontrako Legea indargabetzeko eskatu dute hala gure herriko eragile sozial eta politikoek, nola zenbait udaletxek, Eusko Jaurlaritzak eta oinarrizko eskubideen aldeko hainbat nazioarteko erakundek. ETAk jardun armatua bukatu zuenetik, Auzitegi Goreneko eta Audientzia Nazionaleko epaile batzuek ere antzera mintzatu dira. Duela aste gutxi EAEko Fiskaltzak bide bera hartu zuen, urteko memorian “terrorismo”ko delituak tokian tokiko auzitegietan epai zitezen proposatzen baitzuen. Oraindik ere urriegiak izan arren, ongi etorriak dira jarrera berri horiek guztiak.

Nolanahi den, ez dirudi hurbil daudenik indargabetze horiek. Aitzitik, etxera begira, zer egoeratan leudeke gure eskubide zibil eta politikoak Estatuko salbuespenezko legeak eta auzitegiak desagertuz gero? Ikus dezagun zer izanen genukeen. Erkidegoetako polizia biziki militarizatuak eta errepresio-joera handikoak –Herritarren Segurtasun Legearekin, tresneria osagarriaz lagunduta, gainera–; udaltzainak, aipatu poliziaren kutsu handiarekin, hiriburuetan, behintzat; segurtasun pribaturako polizia, eskumen gehiago eta zapaltzaileagoak dituztenak; udal-ordenantzak, espazio publikoa herritarrei ukatzeko; bermerik gabeko epaitegiak, Zigor Kode berria bitan pentsatu gabe beteko dutenak –aipatu Kodeak protesta sozialaren eta pobreziaren kriminalizazioan sakondu arren–; salbuespen politika sinetsita duten ordezkari politikoak; kriminalizazioa bere egiten duten komunikabideak… Ez dira kontzeptu abstraktu hutsak. Hemendik gutxira, gasteiztar gazte batzuk epaituko dituzte agintaritzaren aurkako atentatuaz akusatuta, 2014ko martxoaren 3an eserialdi bat egiteagatik; duela zenbait aste, bideo-grabazio argi baten ondorioz, epaitegiak gezurra nahita esateaz zigortu zuen ertzain bat –eraso bat egozteko helburua zuen gezurrak, zeinak espetxe-zigorra ere eragin zezakeen–, eta, hala ere, Barne Sailburuak publikoki babestu du ertzain hori; Donostiako udaltzainak Segurtasun Legeaz baliatu dira Kortxoenea gaztetxearen eraispena grabatzea debekatzeko –noren eta Espainiako Barne Ministroaren asmo errepresiboetatik harago eginez, hark adierazia baita Legeak ez dituela grabazioak debekatzen–Kasurako.

Hamarkadak daramatzagu geroz eta gogorragoak izan diren salbuespenezko politikak eta horiek dakartzaten beldurra jasaten, eta biek ala biek gure jendartea blaitu dute pixkana-pixkana, contradictio in terminis den “salbuespen-iraunkor” hori naturaltasunez onartzen duen errepresio-kultura bat sortzeraino. Salbuespen iraunkorreko kultura horretatik soilik uler daiteke teorian “anomalia” hori justifikatzen zuen arrazoia –indarkeria politiko ez-instituzionala– desagertu eta hiru urtera horren arkitektura judizial-politikoaren zutabe bakar bat ere eraitsi ez izana. Are gehiago, denbora honetan guztian salbuespenezko egoera hori elikatu egin da, horretarako baliabide ugari sortuz: besteak beste, Zigor Kodearen hamaikagarren erreforma, Herritarren Segurtasunerako eta Segurtasun Pribatuko legeak, Indarkeriazko Erradikalizatzearen kontra Borrokatzeko Plan Estrategiko Nazionala (inork ba al du horren berri?) eta Istiluen aurkako Polizia Autonomikoen gorakada.

Hauts bihurtu behar ditugu bai eraikin sendo hori, bai oinarrian duen kultura politikoa. Gure eskubide zibil eta politikoak berreskuratu behar ditugu, baita disidentziarako eskubidea ere. Egindako bidegabekerien ondorioak ahal den neurrian arintzeko, eta bidegabekeria gehiago saihesteko. Etorkizunean disidentzia eta herri borroka hain garesti ez ordaintzeko. Bidegabekeria sozialei aurre egin eta bestelako errealitateak sortzeko tresnak gure esku izateko.

Fronte askotako erronka da. Fronte horietako bat, ezbairik gabe, haien legez kanpoko borroka-molde bidezkoak direla-eta legeak bidegabeki zapaldutako pertsona edo kolektibo oro babestea da.

Gabi, Dabid, Aritz, Unai eta Walterren alde. Askapena, Askapeña eta Elkartrukeren alde. Elkartasunez, eta geure mesedetan. Urriaren 12an, Iruñera.

Garazi Arrula Ruiz eta Daniel Gonzalez Alonso, Eleak Mugimenduko kideak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


Eguneraketa berriak daude