Bi aste igaro arren Zubietako erraustegi azpitik pasatzen den Arkaitzerreka oso kutsatuta agertu zenetik, ez dute inolako informaziorik eman Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK), Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak edota Ura agentziak. "Zubietako Erraustegiak zerekin eta zenbat kutsatzen gaitu?", galdetu dute Errausketaren Aurkako Mugimenduko (EAM) kideek, kutsaduraren analitikaren datuak eskuetan, prentsara igorritako oharrean.
Usurbilgo Udalak eta EAM-ek Arkaitzerrekan jaso eta laborategira bidalitako ur kutsatuaren analisien emaitzak jakin dira egunotan.
"Urgentziazko analisi horiek erakutsi dute, alde batetik, Arkaitzerrekan 2022an aurkitutako kutsadura handiagoa dela 2020ko maiatzean aurkitu zena baino. Orduan zientoka arrain eta aingira azaldu ziren hilda bertan. Oraingoan horrelako argazkirik ez da ikusi, ziurrenik erreka geroztik “erreta” dagoelako arrainik gabe, baina laborategiko analisiek erakutsi dute oraingoan are kutsadura handiagoa dagoela Arkaitzerrekan".
Zehazki, kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa) ezohiko maila altuak aurkitu dira analisietan. Horrez gain, gutxienez hiru metal astunen kontzentrazioak askoz handiagoak dira ur edangarriak eraman ditzakeen gehieneko maila baino: Arkaitzerrekan kobreak bikoiztu egiten du urak edateko modukoa izateko behar duen maila eta nikelaren kasuan lau aldiz biderkatzen du hori.
EAM-etik gogor salatu dute Zubietako erraustegiaren martxa eta kutsaduren inguruan agintariek ezarri duten isiltasuna. "Erraustegia proiektu hutsa zenean herri mugimendutik iragarri genuena, tamalez jada gertatzen ari da: hiri hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, istripuak, suteak, erreka kutsatzeak, eta abar", diote.
Gipuzkoako herritarrek –tartean erraustegia ate ondoan sufritzen dutenek– jasotzen dituzten albiste bakarrak herri mugimenduko boluntarioek lortutakoak direla salatu dute. "Agintariak, halakoak ez gertatzeko neurriak eta kontrolak ez jartzeaz gainera, mutu gelditzen dira, edo aukera daukaten aldi oro, herritarron osasunaren aurretik, enpresa pribatuen interesak babestera mugatzen dira. Herritarrok babesik gabe gaude Gipuzkoan eta EAEn agintzen duen erregimenaren aurrean. Erregimena, bai, zeren eta Gipuzkoan eta EAEn pertsona, alderdi, enpresa eta talde berdinak dira legeak egiten dituztenak, legeak aplikatu behar dituztenak, legeen urraketak pertsegitu behar eta pertsegitzen ez dituztenak eta herritarrei hori guztia gardentasunez azaldu beharrean beren hedabide publiko eta pribatuetatik sistematikoki ezkutatzen diotenak".
Guzti horregatik EAM-etik herritarrei eskatu diete adi egoteko, etsipenean ez erortzeko eta mobilizatzen jarraitzeko "gure eta gure ondorengoen osasunaren, bizi duinaren, enpleguen eta etorkizunaren alde".
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Zubietako planta ondoan dagoen errekako urarekin hazitako barazkiak "oparitu" nahi izan dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei, toki horretan izandako isuri kutsagarriak argitu daitezela eskatzeko.
GuraSOSek jakinarazi duenez, duela bi asteko kutsaduraren harira, Guardia Zibileko Sepronako agenteak Arkaitzerrekan izan dira uztailaren 19an, errekaren ingurua ikertzen. 2020an ehunka arrain hil zituen erraustegiko isuriaren auzian, delitu ekologikoa egin zuten ikertzeko... [+]
Zubietako erraustegi azpitik ateratzen den hodi bat Arkaitzerreka kutsatzen ari zela ohartarazi zuen herritar batek uztailaren 13an. Usurbilgo Udalak errekaren laginak hartu zituen eta behin-behineko emaitzak eman ditu orain: ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan,... [+]
Larunbat beroan, eguerdian, dozenaka lagun bildu dira Zubietako Plazan, azken egunotan Arkaitzerreka errekan izandako kutsaduraren harira Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta. Komunikatu zorrotza irakurri dute, agintarien azalpen falta salatuz, eta zuzenean Gipuzkoako... [+]
Hainbat bideotan bildu du ARGIAk erreka garbi iristen dela erraustegira eta ondoren zikina eta okre kolorearekin irteten dela. Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbat eguerdirako protesta deitu du.