Argilan-Esk plataformak borondate politiko falta jo du pobreziarekin amaitzea eragozten duen arrazoi nagusitzat

  • Diru sarrerak bermatu eta jendarte inklusiorako EAJ eta PSEk aurkezturiko Lege Proposamenak ez duela ez pobreziarekin, ez bazterketarekin, ezta Lanbideren tratu txarrekin amaituko adierazi dute plataformako kideek.


2018ko maiatzaren 17an - 11:58

Iragan apirilaren 27an aurkeztu zuten EAJ eta PSEek diru sarrerak bermatu eta jendarte inklusiorako Lege Proposamena. Argilan-Esk plataformak asteazkenean eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, proposamenak ez dio erantzuten urteetan zehar eskatu duten Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren errotiko erreformari, eta horrek DsBEaren gabeziek bere horretan jarraitzea ekarriko duela salatu dute. Are gehiago, plataformako kideen arabera, Lege Proposamenak pobrezia gehiago ekarriko du.

Etxebizitza bakoitzeko bizikidetza unitate bakarra onartzea, DsBEren murrizketak, DsBEa Lanbideen Arteko Gutxieneko Soldatatik (LaGS) behin betiko bereiztea, eta pertsona jasotzaileei Lanbidek ezartzen dizkien kontrola eta jazarpena mantendu eta areagotzeak gabezia moduan identifikatu dituzten pobrezia, bazterketa eta Lanbideren tratu txarrak areagotu egingo direla azaldu dute.  Lege Proposamenak zenbait bizikidetza unitateri (hiru pertsona baino gehiagokoak edo gurasobakarrak direnei) onurak ekarriko dizkion arren, honek ez du eragotziko askoz gehiago izatea kaltetuta aterako direnen kopurua.

Lege Proposamenak jendartearen beharrizanei erantzuten ez diela eta gabeziak bere horretan dirautela kontutan hartuta, Argilan-Esk plataformak pobreziarekin amaitzeko egin beharreko zenbait aldaketa zerrendatu ditu: DsBE eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria jaso ahal izateko erroldatuta egon beharreko denboraldia urte batera jaistea, elkarrekin bizi diren pertsona guztien biziraupenaren beharrak bermatuz DsBE eta EPO jasotzeko eskubidearen indibidualizazioan urratsak ematea, edota huts burokratiko txikiak egin dituztenak prestazioen galerekin zigortzeari uztea, besteak beste.

Mobilizatzera deia

Plataformak jakinarazi du datorren ekainaren 5ean DsBEren gaineko asanblada informatiboa egingo dutela Bilboko La Bolsa eraikinean, eta bertatik jendartea gonbidatuko dute murrizketen aurrean mobilizatzera.

Adierazi dute, baita ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatuta “eskubide sozialen aldeko” sinadura bilketa bati ekingo diotela laster. Ekimenak “bere mugak dituela” jakin arren interesgarritzat jo dute berau babestea, Eusko Legebiltzarrean onartua izanez gero Euskal Herriko jendartearentzako aurrerapauso handia litzatekeela baiteritzote.

“Jendarte bezala pobreziarekin amaitzeko eskubide eta aukera dugu eta Eusko Legebiltzarra posible egiteko betekizuna, egungo DsBE/EPO/GLL legeen erreformari ekinez, aditzera ematen ari garen hobekuntzak onartuz; exijitu ditzagun kaleetan”, mobilizatzeko gonbidapena luzatu diote jendarteari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: DSBE
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren araudi berriak "isilpean" murrizketak dakartzala salatu dute

ESK sindikatuaren Argilan plataformak, Berri Otxoak plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarriko diote DSBEaren araudi berriari, prestaziorako sarbidea mugatu eta "eskubide gehiago murriztuko" dituelako euren esanetan.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Ertzaintza egunero miaketak egiten ari da prestazio ekonomikoak eskatu dituen jendearen etxeetan

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza: “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako,... [+]


Eguneraketa berriak daude