Ur hornitzaile publikoak biltzen dituen AEOPAS elkarte espainiarrak ur horniketaren eta saneamenduaren alorreko hainbat enpresa publikoren pribatizatze arriskua neurtu du. Adierazi dutenez, Espainiako Estatuan hiru enpresa daude arrisku altuan, horietako bi Euskal Herrikoak: AMVISA arabarra, eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa.
Hiru adierazle aztertu dituzte ikerlana egiteko: arrisku ekonomikoa, arrisku instituzionala eta gardentasuna. Behin betiko emaitza osatzeko, %40ko balioa eman diote lehenbizikoari eta %30ekoa gainontzeko biei. Ikerlana osorik ikus daiteke hemen (gaztelaniaz).
Pribatizatze arriskua 0 eta 5 bitarteko eskalan aurkeztu dute. Hiru ur hornitzaile ageri dira 3tik gorako tartean, horien artean Euskal Herriko bi: AMVISA arabarra (3,18) eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (3,05). Bi horien pribatizatze arriskua altutzat jo dute AEOPASeko ordezkariek.
Jaime Morell elkarteko idazkari nagusiak esan du enpresa horien “kudeaketa-adierazleak kontrolatuko dituen erakunde baten” premia dagoela. Hala, enpresak behartuta egongo lirateke datuak behar bezalako maiztasunez publikoki aurkeztera.
Arrisku faktoreak
Esan bezala, hiru arlo behatu dituzte azterketa osatzeko: instituzionala, ekonomikoa eta gardentasunari dagokiona. Lehenengoan, aztertutako erakundeen arduradunek pribatizatzearen alde egindako adierazpen publikoak hartu dituzte kontuan, hala nola merkaturatze-prozesuak, alegia, enpresa horiek lortutako irabaziak zerbitzu publikoa eskaintzearekin zerikusia ez duten helburuetarako erabiltzen ote dituzten.
Halaber, enpresa horietako bakoitzean zenbat erakunde dauden ordezkatuta behatu dute. Zenbat eta erakunde gehiago, txikiagotzat jo dute pribatizatze arriskua.
Arlo ekonomikoan, langile kopurua, errentagarritasuna, zorpetzea eta hornitutako herritar kopurua neurtu dituzte besteak beste. Zorpetzea handia eta langile asko izateak pribatizatze arriskua apaltze dutela adierazi dute. Aldiz, arriskua hazi egiten da mozkinak eta zerbitzua jasotzen duten biztanle kopurua handiak badira.
Gardentasunari dagokionez, enpresaren osaketari buruzko informazioa, informazio ekonomikoa eta kontratu eta esleipenak publiko egiten diren aztertu dute, baita parte hartze publiko maila ere.
Ondorioa, esandakoa: AMVISA eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa pribatizatze arrisku altuan leudeke. Aztertutako Euskal Herriko beste enpresa, Arabako Errioxako Urkidetza, rankingaren erdian dago: 5etik 2,5. Hori bai, gardentasunaren alorrean emaitza txarrenak lortu ditu (3,83).
Pribatizatze arriskua norainoko mehatxu bihur litekeen, datozen hauteskundeen emaitzaren araberakoa izango da hein batean, AEOPASeko Luis Babianok ARGIAri adierazi dionez.