Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

  • Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


2024ko apirilaren 11n - 11:17
Angel Egañaren gorpuzkiak Valladoliden. / Argazkia: Aiaraldea.

Igande honetan Angel Egaña eusko gudariaren eta Frankismoak eraildako beste 198 errepresaliaturen omenezko ekitaldia egingo dute Valladolideko El Carmen hilerrian, 12:00etan. Helburua da guztiak oroitzea eta han dagoen memorialean ehorztea.

Baina Angel Egañaren gorpuzkiak bere herrira itzuliko dira. Horretarako joko du Valladolidera Arrankudiaga-Zolloko udal ordezkaritza zabal batek, alkateak barne, Egañaren familiarekin. Gudariaren gorpuzkiak jasoko dituzte egun horretan eta Arrankudiaga-Zollon apirilaren 28an egingo diote omenaldi publikoa.

Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkarteak azken urteetan egindako lana goraipatu du Udalak. Horri esker Frankismoaren errepresaliatuen hainbat hobi komun ireki dituzte eta, gainera, eraildakoak identifikatu dituzte, Egaña tartean. Hori baino lehen, 2021ean omendu zuten Valladoliden bertan eta bere herrian urrian izan zen aitortza.

Angel Egañaren biografia

Angel Egañaren bizitzaren berri eman dute Arrankudiaga-Zolloko Udalak berak zabaldutako prentsa oharrean.

Egaña 1914ko otsailaren 22an jaio zen Arrankudiagan eta, 1935-1936ko erroldan, ama alarguna eta hiru neba-arrebekin batera bizi zen Otsantzar auzoko baserrian.

Estatu kolpe faxistaren aurrean, 1936an euskal milizian sartu zen Padura batailoiko Landarraga konpainian, teniente-graduarekin. Padura Batailoia Landarraga, Basauri, Ondarreta, Iberlanda eta metrailadoreen konpainietako 300 gudarik osatzen zuten eta hainbat frontetan hartu zuen parte: Elgeta, Ubidea, Gorbea, Durango, Amurrio eta abar.

Baina, 1937ko martxoaren 31an eta apirilaren 1ean Gorbeia mendian izan ziren borrokek ondorio oso larriak izan zituzten gerora Angel Egañarentzat. Garaiko kronikek diotenez, Gorbeia ingurua euskal gudarien eskuetan zegoela, martxoaren 31ko gauean tropa faxisten IV. Brigadako erreketeen Virgen Blanca tertzioak, gau iluna eta lainoa baliatuta, Gorbeiako Gurutzea hartu zuen ustekabean eta bandera faxista eta erreketea jarri zituzten bertan.

Apirilaren 1eko goizean Padura Batailoiko gudariek berriro eskuratu zuten Gorbeiako Gurutzea eta bandera faxista eta erreketea kendu zizkien etsaiei. Borrokaldi horretan alde bietako hildakoak izan ziren eta, faxisten aldekoen artean, Valladolideko barrutiko zalditeriako kapitan bat zendu zen.

Erreketeen ofizial baten heriotzagatik mendeku hartu zuten Angel Egañaren kontra eta fusilatu zuten Valladoliden

Bilbo kolpisten eskuetan erori zenean, 1937ko ekainean, Padura Batailoia desegin zen eta konpainia desberdinetan gelditzen ziren gudariak III. Dibisioko 156. Brigadara batu ziren II. Batailoia izenarekin. Santander alderantz erretiratu ziren eta abuztuaren 23rako  Santoñan zeuden. Armada golpistak atxilotu eta C-50/37 Auzian epaitu zuten Egaña irailaren 25ean. 12 urte eta egun baterako presoaldira zigortu zuten, 24 milizianorekin batera.

Baina 1937ko azaroaren 4an Valladolideko “Cocheras de Tranvías” presondegira eraman zuten arrankudiagarra, 10. Epaitegi Militarrak 1477/1937 sumarioa berriro aztertu zuelako eta Gerra Kontseiluan epaitu nahi zutelako. Teniente-gradua izanik, Gorbeiako borrokan hildako kapitan faxistaren heriotzaren ardura leporatu zioten Angel Egañari eta heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Argi ikusten da ofizial golpistaren heriotzaren mendeku gordina izan zela Egañaren aurkako epaia.

1938ko ekainaren 1ean jakinarazi zioten epaia irmoa zela eta ekainaren 2an, 6:30ean, fusilatu zuten exekuzioetarako erabiltzen zuten Graveras de San Isidro lekuan. Ondoren, Valladolideko udal hilerriko 7. hobi komunean ehortzi zuten.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Olaia Beroiz: "Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da"

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Eguneraketa berriak daude