“Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari”

  • 20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.


2024ko abenduaren 18an - 09:26
Azken eguneraketa: 2024-12-20 10:49
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Ez nekien nor neukan zain; nora nindoan, ez eta zertara nindoan ere", gogoratu du Albertok Mutrikutik, bere arrebaren etxetik. Bisita laburra izango da, etxera bueltatuko da aurki. "Etxea", diosku 75 urteko gizonak, hemendik 8.000 kilometrora du, Amerikako Estatu Batuetako Idaho estatuan.

Duela 55 urte, 1969an, Albertok bi urteko soldaduska amaitu berria zuen Cadizen (Espainia). Etxean bueltan, herriko kontserba-etxe batean lortu zuen lana. Alberto, baina, ez zen erraz asetzen den horietakoa. "Koinatu bat neukan, Pete. Idahon bizi zen, artzain lanetan. Ameriketara joan behar nuela esaten zidan beti, han zeudela aukerak", gogoratu du. "Berak lortu bazuen, zergatik ez nuen nik lortuko?".  

Hiru hilabetetara, lan eskaera bat bideratu ostean, AEBetako Bilboko kontsulatuan zegoen Alberto. "Hasiera batean, helmuga Kalifornia izango zela esan ziguten; gero Utah, eta nola edo hala, Idahoko estatu hotzean amaitu genuen, gure izenak kartoi zati batean idatzita, lepotik zintzilik. Gogorra izango zela, besterik ez nekien".

"Ausarten lurraldea"

Frankismotik ihesi AEBetara egin zuten milaka euskaldunetako bat zen Alberto. Gehienak Idaho, Oregon, Nevada, Utah, Washington, Montana, Wyoming eta Colorado estatuetan kokatu ziren.

"Hasieran, euskaldunez betetako etxe batera eraman ninduten. Batzuek 50 urte zeramatzaten bertan, eta bazirudien bizitzak eraman zituela aurretik. Kezkagarria eta beldurgarria iruditu zitzaidan: nire antzeko arrazoiez etorritako horiek hala ikustea, gauza bera egiten behin eta berriz…", dio Albertok, kopeta zimurtuz.

Neguko egun pare bat igaro zituen etxe hartan, norbaitek hirira arropa erostera eraman zuen arte. Hasiera batean, Kaliforniako estatu berora bidaiatzea zuen helburu. Idahora iristean, kamiseta-motz pare bat eta jertse fin bat besterik ez zuen.

Taldea oinez abiatu zen handik, zaldi, txakur eta gurdiekin batera. Albertori pistola bat eta zaldi bat eman zizkioten: "Bederatzi hilabete barru ikusiko zaitugu, esan zidaten irribarretsu. Une hartan ez nekien ez tiro egiten, ez eta zaldi gainean ibiltzen…".

Hainbat lekutan lan egin ondoren, familia estatubatuar batentzat egitea egokitu zitzaion Gooding herrian, Idahon. Neguan, ardiak eta artzainak errantxoan geratzen ziren, baina udaberria heltzearekin bat, bidaia hasten zuten. Artzain talde txikiak batetik bestera mugitzen ziren. Hiru aste eman zitzaketen larre batean, hurrengora mugitu aurretik. Horrela berriz ere negua iritsi arte.

Sarritan, Albertok 2.000 ardi inguruko artaldeak gobernatu behar zituen, mendian gora eta bailaran behera, hurrengo kokalekuan lankide batekin topo egiten zuen arte. Hamar egun baino gehiagoko bidaia izan ohi zen hura, bakardadean, bere zakur eta zaldiarekin.

"Kanpin-dendetan egiten nuen lo, lurrean beti. Kriskitin-sugeak ohikoak ziren, eta ez dira maskota oso jatorrak egia esan... Koioteak ziren beste arazo handia. Ardiei eraso egiten zieten; galdutako ardi bakoitzaren kostua nire soldatatik kentzen zidaten hilabete amaieran", gogoratu du Albertok.

Hartzekin ere egiten zuten topo artzainek. Behin, dio Albertok, jada hurbil zutela ohartu ziren haren presentziaz bera eta lankidea. "Hartz bat dagoela ez al dek ikusten?", bota zion Albertok bere lagunari. Baina izoztuta geratu zen hura, arnasa hartu ezinik. Ikarak jota, animaliak eraso egin zuen, eta orduantxe eman zion tiroa Albertok. Zorionez kopetan jo zuen, eta segituan hil zen. "Mirari hutsa izan zen hura", dio mutrikuarrak, eskuak buruan dituela.

Egun bakoitzak erronka berriak zekartzan. Janaria, arropa, gutunak eta bestelakoak, esaterako, bi astean behin helarazten zizkioten: kamioiez, batzuetan, edo gurdiz, bai eta helikopteroz ere.   

Noizean behin, egunkari bat iristen zen. Hura bilakatu zen, hain zuzen, ingelesa ikasteko Albertoren tresna bakarra. Hizkuntza ikastea funtsezkoa zelakoan zegoen. Dioenez, artzain gehienak elkarri euskaraz bakarrik hitz egiten zioten. "Ezin nuen ulertu zergatik ez zioten ingelesari eusten. Nik argi neukan ez nintzela inoiz handik aterako ikasi ezean".

Bakardadea etsai

Nolanahi, bakardadea zen etsairik handiena. "Sei lagun galdu nituen, sei!", gogoratu du Albertok, hitzez nahiz atzamarrez. "Beren buruaz beste egin zuten. Batek bala zauri bat zuen buruan; beste batek ibai batera bota zuen bere burua...".

Lagun bati dibortzioa eskatu zion emazteak. Alberto bera lasaitzen saiatu arren, gizonak bere buruaz beste egin zuen hurrengo egunean, tiro batez. "Inoiz ezagutu nuen gizonik zoriontsuena zen hura,  hain irribarretsu beti…". Sei hamarkada igaro arren, emozioak gaindi egiten dio oraindik.

Herrimina ere aipatu du. Nekez egiten omen zion aurre. "Etxea ere urruti neukan, ez nekien zer gertatzen zen han. Gutun gutxi iristen ziren, hilean behin asko jota. Gertuko norbait galduz gero, hainbat aste pasa behar ziren jakin ahal izateko", gogoratu du.

Urte batzuk geroago, Albertok artzaintza utzi zuen, eta Gooding-eko posta-bulegoan hasi zen lanean. Ondoren, aseguru agente gisa lan egin zuen. Azkenean, aurrezkiak bilduta, bere inbertsio-enpresa propioa sortu zuen. Horretaz ere harro dago oso.

Euskal ondarea

Estatu Batuetan korrespontsala izandako Urtzi Urrutikoetxeak euskal diasporaren berri ere eman du. Telefonoz dioskunez, euskal komunitatea ez da ezaguna herrialdeko ekialdean; bai, ordea, erdialde eta mendebaldeko estatuetan, Idahon batez ere. "Euskaldunen lanerako prestutasunak eta erresistentziak arrasto iraunkorra utzi du bertan", dio kazetariak.

"Handik atera dira, besteak beste, David Bieter, Boiseko alkate euskal-amerikarra, edota Pete Cenarrusa, Idahoko legebiltzarrean bost hamarkadatan aritu zena", gogoratu du Urrutikoetxeak.

38 euskal etxe baino gehiago daude Estatu Batuetan, gehienak mendebaldeko eskualdeetan. Boiseko Euskal Museoa eta Euskal Etxeak bezalako kultur ekimenek ondarea zaintzea dute helburu. Laugarren belaunaldiko Euskal amerikarra dugu Annie Gavica. Museoko zuzendari exekutiboa eta hezkuntza programetan aditua ere bada Boiseko Basque Cultural Center-ren.

"Gaur egun euskaldunak ondo integratuta daude komunitatean, lanetik erretiratuta, eta euren ondorenak eremu askotan lanean dihardutela", diosku Gavicak. "Hona migratu zutenek lan handia egin zuten beren seme-alabek, bilobek eta harantzagokoek nahi zuten guztia lortzeko aukera izan zezaten", gaineratu du.

Albertok Euskal Etxe horietako batean ezagutu zuen bere bigarren emaztea. Bikoteak bi seme-alaba izan zituen, Sole eta Sebi. Artzain ohiak berebiziko garrantzia izan zuen irabazi asmorik gabeko "The Trailing of the Sheep" jaialdiaren sorreran. Udazkenero ospatzen da, Idahon, eta euskal artzainen tradizioak ekartzen ditu gogora. Gaur egun, 30 urte dituen Solek bere aitaren ondareari eusten dio, Idahoko Ardi Zaintzaileen Elkarteko zuzendari gisa, eta jaialdietan parte hartuz.

Sei hamarkada igaro dira Albertok Amerikara jo zuenetik. "Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe. Ahal nuen hobekien egin nuen, eta hori da bizitzan egin daitekeen guztia. Ez dut inoiz atzera begiratu", berretsi du "amerikar-euskaldun harro"-ak. Hala dio berak.

"Amerikak aukerak eman zizkidan; Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Migrazioei buruzko jarrerak gurean

Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]


2025-07-23 | Axier Lopez
Merkantzia

Migrazio krisia deitzen diote neoliberalismoaren ondorio ankerrenetako bati. Ultraeskuinaren agendaren lehen puntuetako bat da langile klaseko migratzaileen aurkako neurri sorta. Baina faxismo berrituaren lorpenik handiena da gainerako indar politikoek bere egitea haien agenda... [+]


Europako Batasuneko herrialde gehienek bat egiten dute migratzaileak deportatzeko neurriak gogortzearekin

Migratzaileak deportatzeko neurriez mintzatzeko, EB Europako Batasuna osatzen duten 27 estatuetako Barne eta Migrazio ministroak bildu dira asteartean, Kopenhagen. Ondorioztatu dute EBko herrialde gehienek babesten dutela etorkinak deportatzeko neurriak gogortzea... [+]


Baionako eguneko harrera zentroa itxi dute higiene baldintza txarrak direla eta

Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute. 


Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak

Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]


2025-07-15 | Gedar
50 bat gazte afrikar kale-egoeran daude Donostian, asilo-eskaeren erantzunaren zain

 Frantziako Estatutik kanporatu zituzten, asilo-eskaerak Espainiako Estatuan egin behar zituztela esanez. Asteak daramatzate zain Donostiako Amara auzoan. 


Mugak Zabalduz karabana Irundik abiatu da pertsona migratzaileek pairatzen duten biolentzia salatzeko

Euskal Herritik eta Kataluniatik abiatu da aurtengo Mugak Zabalduz karabana. Calaisko itsasartea, Frantziako Estatuan du helmuga, giza eskubideak bermatzea eta berehalako erregularizazioa eskatzen ditu besteak beste.


2025-07-02 | ARGIA
Nahel Merzouk tiroz hil zuen Florien M. polizia Euskal Herrira lekualdatu dute

17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.


Nekropolitiken politika

"Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte, eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan". Mikel San Sebastian Aita Mari erreskate ontziko kidearen... [+]


Eguneraketa berriak daude