Alfonso Alonso PPren aldaketaren abangoardian?

  • Alderdi Popularrak aurpegi berriak behar ditu, eta horretarako “herritarrekin enpatia sortzen duten buruzagien” bila dabil. Rajoyk Soraya Sáenz de Santamaría eta Dolores de Cospedalen indarra gutxitu nahi omen du, eta horretarako Alfonso Alonso Osasun ministroari indar gehiago emango lioke.


2015eko ekainaren 17an - 12:31
PPren porrotaren ostean Alfonso Alonso izango da Alderdi Popularraren aurpegi berrietako bat (Argazkia: El Pais)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Estatuan 2011ko udal hauteskundeekin alderatuz gero, azken bozetan 2,5 milioi boto galdu ditu PPk. Egoera horri aurre egiteko Alfonso Alonso ei da aurpegi berria, El País egunkariaren arabera. Gasteizko alkate izan zen garaian –1999tik 2007ra– erakutsitako jarrera "zentrista, dialogatzailea eta atsegina" izan zela dio hedabide madrildarrak. Baina zer dio politikari arabarraren egiazko curriculumak?

Alfonso Alonso alkate izandako garaian, ustez hainbat ustelkeri kasutan nahasita ibili zen. Estatuko Kontu Auzitegiak 500.000 euroko fidantza ezarri zien PPko udal gobernuko 9 zinegotziri, ustez 2007an bulego batzuen alokairuan egindako iruzurraren ondorioz. Alonso Arabako hiriburuko alkate zen eta Maroto Ogasun zinegotzia.

Prozesu judiziala 2013an udaleko oposizioak egindako ikerketa baten ondorioz hasi zen. Garaiko udal gobernuak 6 milioi euro inguru xahutu zituela ondorioztatu zen, eta diru horren barnean, besteak beste, eraiki ez ziren Gasteizko auditorioaren eta zezen plazaren proiektuetan xahututako 2,6 milioi daude.

Horrez gain, 2007. urtean Alaveseko kirol klubeko presidentea zen Gonzalo Antónekin 20 urteko alokairu blindatua sinatu zuen. Egun, lokalaren prezioa erreala halako 4 ordaintzen ari da Udala, eta kontratua hautsiko balu, sekulako kalte-ordaina ordaindu beharko lioke enpresariari.

Bestalde, Alonsok ministro izendatu eta berehala agindu zuen egoera irregularrean dauden 800.000 immigranteei osasun eskubidea bermatuko ziela, baina oraindik du ezer onartu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
2025eko uztailaren 2
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Eguneraketa berriak daude