"Berangon gerra zelan bizi izan zen erakutsiko dugu domekan"

  • Modu berezian ospatuko du zazpigarren urtemuga Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoak. Datorren domeka eguerdian gerra-garaiko giroa birsortuko dute, bisitariak 1937ko ekainera eroanda. Aitor Miñambres museoko zuzendariaren ahotik jaso ditugu xehetasunak. 


2019ko irailaren 20an - 08:36
Aitor Miñambres, Burdin Hesiaren Museoaren aurreko plazatxoan; hor egingo dute gerraren birsorkuntza domekan. UNAI BREA

Museoa zabaldu denetik da bertako zuzendaria Aitor Miñambres. Hain zuzen, 2012ko irailaren 22an ireki zituzten ateak lehenengoz, eta urtebetetzerako 1937an Berangon egon zitekeen giroa birsortzea erabaki dute, 11:00etatik 15:00era arte iraungo duen ekimen baten bidez.

Zergatik birsorkuntza historiko bat?

Bosgarren urtetik, memoria historikoagaz lotutako ekimenen bidez ospatu ditugu urteurrenak. Bosgarrenean berbaldi bat eman genuen, Gerra Zibilak Berangon izandako eraginaren gaineko ikerketa baten emaitzak plazaratuz, eta iaz umeentzako ginkana bat antolatu genuen; aztarnaz aztarna, Arenebururaino ailegatu behar zuten, hau da, Burdin Hesiraino. Oraingoan, historia jendearengana hurbildu gura izan dugu, birsorkuntza eginez, hau da, "historia bizia" esaten zaion hori.

Berango 1937ko udaberrian. Sasoi hartako informazioa aipatu duzun ikerketan lortuko zen...

Bai. Hala ere, sarritan, garai hura gaur egunera ekartzeko, eskura ditugun baliabideak erabili behar ditugu. Esate baterako, orduko ospitale bat irudikatuko badugu, jendeak bisitatzeko modukoa izan behar du, kanpin-denda baten barruan, benetako ospitalea eraikin batean zegoen arren. Eta eskuan dugun informazio guztia plazatxo batean kontzentratzeko, bestelako baliabideak behar ditugu.

Berango gerra-frontetik paraje egon zen.

Hala da, Jata mendiaren inguruan zegoen frontea, hamar bat kilometrora. Suposatzen dugu  zauritutako gudari eta milizianoak hemengo bidetik ebakuatuko zituztela, eta horregatik irudikatu gura izan dugu ematen zieten osasun-arreta, baita bonbardaketengatik zauritutako zibilei ematen zitzaiena ere.

Bonbardaketak Berangon?

Bai, jakin badakigu hala izan zela, eta hildakoren bat egon zela, baina ez dakigu jatorriz berangoztarrak ziren edo hemen zebiltzan kanpokoak. Izenak ere ez dakizkigu. Bestalde, hemen fabrika-arma bat egon zen orain Eroski dagoen lekuan, baita Burdin Hesiaren eraikin garrantzitsuak ere, Areneburukoak. Garai hartan erasoaldi faxista gogorra zen eta elikagaiak mugatuta zeuden. Egoera horrek umeei egiten zien kalte gehien; euskal agintariek erabaki zuten 40.000 ume ebakuatu eta Euskal Herritik ateratzea, eta horietako batzuk Berangokoak ziren. Domekan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren asistentzia sozialeko gune bat irudikatuko dugu; ume haiek euren gurasoakaz joaten ziren ziren halakoetara, erizainek azterketa medikua egiten zieten, ondoren ertzain batek maleta eta guzti ontziraino lagundu... Hori dena erakutsiko dugu. Garai hartako osasun-etxea eta taberna ere paratuko ditugu, besteak beste.

Beraz, antzerkia izango da.

Birsorkuntza, errealitatearen oso-oso antzekoa. Parte hartuko dutenen jantziak eta abar ez dira ordukoaren antzekoak izango, baizik eta ordukoak berak, edo erreprodukzio zehatzak, hementxe museoan ditugunak bezalakoak. Ikerketa oso zorrotzak daude, anakronismorik ez egiten laguntzen dutenak. 30 bat lagunek egingo dute birsorkuntza hori.

Eta nor arduratuko da lan horretaz?

Ekimenaren antolatzailea museoa eta Berangoko Udala dira (azken batean udal-museoa da), eta birsorkuntza bera elkarte bik egingo dute, gaur egun holakoetan dabiltzan biak: Frentes de Euzkadi eta Lubakikoak.

Gerran bizirik zeuden berangoztarrakaz berba egin duzue?

Ez da hain erraza. Herriko populazioa asko handitu da azken urteetan, eta jatorriz bertakoak direnen portzentajea txikitu da. Bestalde, gerra orain 82 urte gertatu zen; orduko oroitzapen bat daukan nor edo nor topatzeko, gutxienez 90 urte inguru duten pertsonak bilatu beharra dago. Ezta pentsatu ere, noski, gudari edo miliziano izandako inor topatzeaz. Hala ere, martxan dugu proiektu bat, datozen hamabi hilabeteetan garatuko dena, euren bizipena konta diezaguketen berangoztarren bilaketa sakona egiteko. Eginda dugu daborduko bilaketa bat, baina orain denak bilatuko ditugu, baita ere hasiera batean orduan zuten adinagatik garrantzi txikikoak iruditu zitzaizkigunak, baina orain interesatzen zaizkigunak.

Berangoko giroa, 1937an, erabateko gerra-giroa zen?

Gerra zegoela derrigorrez igarri behar zuten. Burdin Hesia oso hurbil zegoen eta bertan jendea zebilen lanean, baita arma-fabrikan ere. Fronteko kanoikadak entzungo zituzten; Jatatik Barrikara ailegatzen ziren kanoikadak, Barrikako egoitza jo zutela diote lekukotzek, hemendik entzun egingo zen. Soldaduen joan-etorriak ikusiko zituzten, senideak izango zituzten frontean borrokan, gose ziren... Gainera, baditugu erretiratzearen lekukotzak. Miliziano sozialista batek bere bizitzaren memoriak idatzi zituen eta erretiran zebiltzala Berangoko elizako kanpandorrean lo egin zuela esan zuen. Kanpaien hotsak bera eta kideak iratzarri zituenean arineketan egin zuten ihes, dena hutsik zegoela ikusi eta andre batek faxistak menditik behera zetozela esan zielako. Bai, hemen gerra bizi izan zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude