Airearen kalitateaz europar administrazioaren arduragabekeria

  • EBk airearen kalitateari buruzko legedian zer aldaketa egitea erabakiko du aurten, joan den astean esan genuenez. Zehaztu beharreko gauza garrantzitsuenetako bat da airean esekita dauden PM2,5 partikulentzat 2020tik aurrera ezarriko den gehienezko balioa. Hartzen den ia edozein erabaki onerako izango da, baina ez horretarako borondate handia antzematen delako, abiapuntua ezin okerragoa delako baizik. 


2013ko urtarrilaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Airearen kutsadura Parisen.

Airean dauden kutsatzaileen artean, suspentsioan dauden partikulak dira osasunerako kaltegarrienetakoak. Gaur egun, PM10 izenekoak neurtzen dira batez ere, hau da, hamar mikra baino gutxiago eta 2,5 baino gehiago daukatenak. Alta, zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta argiago geratzen da PM2,5 multzokoei (2,5 mikra baino gutxiagokoei) eskaini beharko geniekeela arreta gehien. Hego Euskal Herrian, baina, airearen kalitatea neurtzen duten 77 estazioetatik 33k baino ez dituzte jasotzen PM2,5ei buruzko datuak.

Partikula txikiagoak kaltegarriagoak izatearen arrazoietako bat euren tamaina da, hain zuzen: sakonago sar daitezke gure barrunbeetan. PM10ak ez dira biriketatik harago joango, baina PM2,5ak odoleraino iritsi daitezke. Bestalde, tamaina ez da arrisku faktore bakarra: partikula txikiak toxikoagoak izan ohi dira handiak baino. Konparazio baterako, PM2,5 asko metal astunak dira. Gainera, luzeago irauten dute airean, eta haizeak urrunago garraiatu ditzake. Euren jatorri nagusia, hirietan behinik behin, trafikoa da, eta batez ere diesel motorra duten ibilgailuak. Arnas aparatuaren gaixotasun larriak eragin ditzake haiekin kutsatutako airea luzaroan gorputzeratzeak.

Une honetan, europar airean dabiltzan kutsatzaile nagusietatik, PM2,5ak dira, hain zuzen, ahulen arautuak (eta ezin esan daiteke besteetarako araudia bereziki gogorra denik). 2008/CE/50 zuzentarauak dio PM2,5en gehienezko balioa metro kuboko 25 mikrogramokoa izango dela 2015ean (urte osoko batez bestekoaz ari gara). Horrekiko tolerantzia tarte bat ezarrita dago, 2008ko ekainaren 11tik 2015era arte gutxituz joango dena, eta abiapuntua %20an duena. Horren arabera, 2011n 28 mikrogramokoa izan zen legeak baimendutako gehienezko balioa. Baina ez dago argi muga horrek legezko balioa duen dagoeneko, edo 2015era arte ez den derrigorrezkoa izango hura betetzea. Anbiguotasun hori baliatuz, gobernuak bigarren interpretazioa hautatzen ari dira.

Zuzentarauak dio, halaber, 2020an bigarren fase bat irekiko dela PM2,5en araudian. Hortik aurrera, hogei mikrogramora jaitsiko litzateke muga, beti ere Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duena baino askoz handiagoa: hark ezarritakoa hamar mikrogramokoa da (Hego Euskal Herrian PM2,5ak neurtzen dituzten 33 estazioetatik 27tan balio hori gainditu zen 2011n). Pentsa, ingurumenaz atariko haizeaz bezainbat kezkatzeko ospea duten estatubatuarrek eurek ere zorrotzago arautu dutela PM2,5en muga: hamabost mikrogramo.

Kontua da aurten EBk egin behar duen legediaren berrazterketaren gako nagusietako bat PM2,5entzako bigarren fase hori izango dela, hasieran esan dugunez. Ustez, azken azterketa zientifikoetan oinarrituko dira horretarako, eta beraz pentsa liteke araua gogortuko dutela. Baina orduan, zergatik ez da besterik gabe OMEk dioena aintzat hartzen? Joan den astean esan genuenez, presio asko jasotzen dituztelako EBn erabakiok hartu behar dituztenek, eta presio egiten dutenen kezka nagusia ez da, beren-beregi, zuk eta biok aire garbia arnastu ahal izatea. Aurrekariak, izan ere, ez dira baikor egoteko modukoak. PM10entzat legeak onartzen duen balioa, berbarako, OMEk emandakoaren bi halako da. Aurreikusita zegoen 2010ean bigarren fasea indarrean sartzea, zeinetan balioek OMErenekin bat egingo baitzuten. Azkenean, ordea, gauzak zeuden bezala uztea erabaki zuten. Kutsadurarengatik hildakoen kopuruez kezkatuarena egingo dute gero, agiri ofizialetan.

Gaiari buruzko informazio gehiago:

Arnasten dugun airea, legezkoa bezain kutsatua”. Erreportajea ARGIAn (2012-12-23)

Dosi txikitan pozoitzen ari da Hego Euskal Herria”. Artikulua ARGIAn (2012-10-14)

La calidad del aire en el Estado Español durante 2011″, Ekologistak Martxanen txostena (gaztelaniaz, pdf).

Oharra: Unai Brearen Mundua ez da biribila blogean argitaratutako artikulua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Airearen kalitatea
2024-05-16 | Uriola.eus
Eusko Jaurlaritzak Bilboko Zorrotzako Profersa enpresa kautelaz ixtea erabaki du

Astelehenean egindako inspekzioaren ostean hartu da erabakia, azken asteetan izan diren istripuen harira.


Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Ortuellan hondakin arriskutsu eta kutsatzaileen instalazioa salatu du 'Ortuellan Sader Ez' plataformak

Ortuellako udalerria herritarren mobilizazio baten lekuko izan ziren atzo, Barguilla auzoan, Sader enpresaren instalazioa berria jartzeko proiektuaren aurka. Ortuellan Sader Ez auzo-plataformak deitutako manifestazio honetan, Ekologistak Martxanek ere laguntzen duena, fabrika... [+]


2021-10-07 | Jakoba Errekondo
Marrubien ontasuna, bizitzak bizitza dakar

Aspaldi ez bezala gure etxean marrubiak (Fragaria x ananassa) jan eta jan ari gara udazkenaren sarrera ospakizun hauetan. Ez da gertaera makala, izan ere udazkena da marrubidian lanerako sasoi nagusia. Marrubidia osatu eta gaztetu edo erabat berritzeko landaketak orain egin ohi... [+]


2021-09-22 | ARGIA
OMEk jaitsi egin ditu orain arte segurutzat jotako kutsadura mailak

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko gomendio berriak argitaratu ditu asteazken honetan, 2005az geroztik zituenak baino zorrotzagoak, kutsadurak mundu osoan eragiten dituen urteko zazpi milioi heriotzak geldiarazteko asmoz.


Eguneraketa berriak daude