Agintariek eta jendarteak bideratu adinkeria agerian da koronabirusaren krisian

  • Zaharren artean ari da desmasia gehien egiten koronabirusa eta adinaren kargaz zaurgarriagoak izatea ez da arrazoi bakarra. Gure sisteman eta jendartean adinduek duten tokiari begira jarriz, laster agertzen dira bestelako arrazoiak. Orokorki, arras gutxi aipatzen direnak. Horiei begira jarri da ARGIA, adinduei dagokionez ere, bizitza zentroan jarri eta biharamun duin bat eraikitzeko gako batzuk ekarri nahian.


2020ko apirilaren 22an - 10:53
Argazkia: Dani Blanco

Inegalitateak eta diskriminazioak sekulan baino gehiago agerian gelditzen ari dira koronabirusaren krisian. Ez da ispilua izaten ari, inegalitate eta diskriminazioen lupa izaten ari da egoera ezohiko hau. Besteak beste, gure jendartean zaharrek duten tokia, erabakiak hartzerakoan haien iritziaren kontutan hartu eza eta bistan da, zaharrei bideratzen zaien zaintza sistema kaxkarra begibistan gelditzen ari dira. Frantziako Estatuko hainbat intelektualek “Koronabirusa: Zaharrak gutxiago defenditu beharrak liratezkeela dion basakeria maltzurra oztopatzeko deia” testua argitaratu zuten Le Monde egunkarian, martxoaren 25ean. Bizitza eskubidearen printzipio etikoa jartzen dute lehen lerroan: “Pertsona adinduak, beretik eta askatasun osoz, eman dezala lehentasuna gazteei, hori ados, nahi badu. Baina, bizitzeko urte gutxiago dituelako estakuruan Estatuak eta jendarteak erabakitzearen perspektiba ezinjasana da”.

Koronabirusak hildakoetan zaharren egoitzetan direnen proportzioa esanguratsua da: Bizkaian demagun %62 dira zaharren egoitzetan hildakoak eta Nafarroan ere erdia baino gehiago. Euskal Herria ez da salbuespena, hainbat herritan ere dute errealitate bera. Adinaren kargaz edota bestelako eritasunengatik, pertsona ahulagoak direla ezin ukatua baldin bada ere, hori ez da arrazoi bakarra. Azken urteetan sektore horrek izan duen aldaketak ere dakar koronabirusak bertan izandako zabalpena ezin izan dutela oztopatu. Ez da bertan dabiltzan langileen nahikeria edo lan eskasagatik, baizik eta langile eta baliabideak eskas dituztelako.

Zahar egoitzen pribatizazioa

Egoera hori azken hamarkadetan Estatuek zerbitzu publikoa murrizteko harturiko erabakiaren emaitza da. Bizi esperantzaren gorakadak dakar adinduen populazioren emendioa. Hori horrela, Estatuentzako gastu bat bilakatu da biztanleria horren beharrei erantzutea eta sektore pribatuak diru iturri emankorra ikusi du, ordea. Azken urteetako tendentzia sinplea da: sektore  publikoa ez da eskaerari erantzutera bideratzen eta pribatua dabil egoitza berrien sortzen. “Kontrol apur batekin, langile eta egoiliarren arteko ratio hobearekin eta lan baldintza hobeekin gaur egun gertatzen ari dena ez zen gertatuko”, dio Eduardo Arriolabengoa Abasolo erretretadunak. Ongi ezagutzen du zahar egoitzetako errealitatea, urteetan egon direlako astean behin baino gehiagotan bera edo bikotea, azken honen amari bisitak egiten. “Arazoen artean inportanteena da zaintzaile gutxi dagoela. Azkenean, janaria eman, eguneroko garbiketa egin eta beste gauza gutxi egiteko denbora dute. Ez da zaintzaileek gaizki tratatzen dituztela, baizik eta astirik ez dutela. Agente gehiago behar da eta atentzio pertsonalagoa eman behar zaio adineko jendeari”. Sektorea bai ala bai publikoa egon behar dela dio, kalitatezko zerbitzua bermatzeko bidea delako. Hala eta guztiz ere, instituzioek pribatizazioaren bidetik segitzen badute, baldintza askoz gogorragoak egon behar direla dio (ratioen, lan baldintzen, instalazioen eta formakuntzen aldetik, besteak beste) eta noski, ikuskaritza bat, baldintzak errespetatuak direla segurtatzeko. “Pribatuei eskatzen zaizkien baldintzak oso xumeak dira, behar bezalako baldintzak balira gaur egungo egoitzak ez lirateke irekitzen ahalko”.

Zifra bat adierazgarria, AEBetakoa –zerbitzu publikoaren desegiteko bidean lehen lerroan direlako eta erritmo apalagoan bada ere, salbuespenak salbuespen, bide beretik doazelako beste estatuak ere, Munduko Merkataritza  Erakundeak azkarki akuilaturik ala beharturik–. AEBetan zaharren egoitzen %94ak dira pribatuak.

Egoitzetako adinduez anitz hitz egiten baldin bada ere, asko dira haien etxeetan bakarturik diren zaharrak. Kalitatezko zerbitzu publikoa ezinbestekoa dute horiek ere. Hauetarikoa dugu Maixan Arbelbide, Baionan bakarrik bizi den 87 urteko adindua: “Oraino ene moduko autonomia daukat eta aski ongi bizi dut ene xahartzea. Egungo egoerak ez du ene bizia sobera aldatzen, nahiz gertatzen ari denak inarrosi. Arranguraturik, laguntza eskaintzera heldu zaizkit auzo ala beste egiturak, baina ene autonomiaz harro nago, eta ulertzen dute”. Agintarien lanaz galdetuz gero, ahoan bilorik gabe mintzo da: “Badute bide egiteko, zaharrak ez dira premiazkotzat hartzen, non ez den bazterketa eta isolamendua bideratzeko”. Adin handian, lapurtu nahi zaien autonomiari lotutako adinduak daude. Nola ez, etxeetako langileen baldintza gogorren auzia mahai gainera dator, beste behin koronabirusarekin.

Argazkia: Dani Blanco
Zaharkeria

“Iruditzen zait argi gelditu dela adinkeria. ‘Ez da problemarik, soilik zaharrentzat eta patologiak dituztenentzat da arriskua’ entzuten zen, izugarria izan zen; politikariak konturatu dira horrela ezin zutela hitz egin eta denborarekin malgutu da, baina hasieran! ‘Zahar batzuk hil behar badira, hil daitezela’ esango nuke hori jaso dutela zaharrek”, dio Mari Luz Esteban antropologo feministak. Adinkeria edo adinean oinarrituriko diskriminazio, segregazio eta mespretxu multzoa. Jendarteak bideratu adinduaren irudi ezkorra ere da adinkeriaren parte: izatez ahula, dependentea eta hauskorra da zaharra. Irudi hori dugu hegemonikoa, zahartzaroan dagoen aniztasuna gordetzen duena. “Zaharra arazo moduan ikusten da, zahartzaroaz hitz egiterakoan hitz egiten da zainduak izan behar diren subjektu moduan eta ez alderantziz. Alta, zaharrek zaintzen dute, politikan ari dira. Pentsionisten borroka interesgarria izan da, pentsionisten beste irudi bat ukan dugulako. Baina koronabirusaren konfinamenduan dimentsio hori desagertu da eta berriro agertu da patologiarena, menpekotasunarena”, Estebanek ohartarazten duenez.

Duda gabe, adinkeriaren emaitza litzateke Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak plazaratutakoaren gauzapena: zaharrak abendura arte konfinaturik atxikitzea. Konfinamenduaren ondorio psikologikoak, emozionalak zein fisikoak sentitzen dabiltza munduko hiru miliar herritar, gutxiago ala gehiago, animalia sozialak garen heinean konfinamenduak eragiten digulako. “Hil ala bizikoa” omen lirateke, von der Leyenen hitzetan. Nola ikusi daiteke zaharren abendura arteko konfinamendua soluzio gisa? Nolatan da posible gaur egun zaharrak haien lo geletan bakarturik gelditzea, egoitzako beste lagunekin kontaktu oro mozturik, inolako bisitarik gabe? Nolatan agintariek ez dituzte diru laguntzak konfinamendua bizigarriagoa izateko bideratzen? Maskarak eta testak, nola ez, baina ordenagailuen instalazioa izan zitekeen bide bat demagun, senideekilako elkarrizketak ahalbidetzeko. Egin da guneka, baina ez da izan neurri politiko baten emaitza.

Zaharren deskonfinamendua atzeratzeari mesfidati begiratzen dio Jérôme Pellissier Frantzia mailako Adinkeriaren Behatokiko presidente-ordeak: “Ez dutelako lan egiten dugu sozialki pentsatzen ez dela arazo bat zaharrak isolaturik gelditzea? Benetan babes-neurri bat baldin bada, arriskuari begiratu behar zaio ez eta adinari, adinak ez duelako ezer erran nahi. Hau da, zein adinez ari gara?”. Galdera honek garrantzi handia du: Noiz bilakatzen gara zahar? Munduko Osasun Erakundearen arabera adibidez, 60 urteak dira erreperio. Problematikoa da hori, batetik, adin horretan zaurgarritasuna ez delako zahar izaeraren sinonimo –beraz Pellissierek dion gisara, arriskuari begiratu behar zaio eta ez adinari– eta bestetik, 60 eta 70, 80 ala 90 urteen artean alde handia delako. Orokorki, jendartean den adinkeriaren isla ikusten du koronabirusari aurre egiteko neurrietan Pellissierek: “Adinduentzako hartu politika ia guztiak dira paternalistak, ez dira haiekin gogoetatuak eta erabakiak”. Adin batera heldurik, pertsona batek subjektu izaera galduko balu bezala. Egoeraz ohartarazteko konparaketak egiten ditu Pellissierek: “Birusak gehiago kutsatzen ditu gizonak, beraz deskonfinamendua maiatzean emakumeentzat eta ekainean gizonentzat?  Gainpisuan direnak gehiago hunkiak izanki haientzat konfinamendua iraila arte? Ez da irudikatzen, haatik zaharrentzat bai”.

Azkenean, kexuak baretu nahian, Frantziako presidenteak atzera egin du:  maiatzaren 11atik goiti, zaharrentzako konfinamendua ez da behartua izango, baizik eta “kontseilatua”.

Duintasuna hiltzerakoan

Isolamendu horrek darama koronabirusarengatik hiltzen direnak bakardadean hiltzen direla. Babes materialen eskasiak darama bakarrik hiltzen direla koronabirusak eramandakoak. Hurbilekoek egin beharreko dolu prozesuarentzat oso gogorra izaten ari da eta nola ez, hildakoarentzat are bortitzagoa deke azken orduko kezkak, minak, biziaren bilanak eta beldurrak bakardadean iragaitea. “Bizitza duin baten amaiera heriotza duina da, eta printzipio horri eusten saiatu behar dugu, baita egoera zail hauetan ere”, dio Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak. Estebanek ere partekatzen du printzipio hori eta eskubide hori bermatzearen alde sozialki mugimendurik ez –edo oso gutxi– egon izanak “harritzen” duela dio. Eskubidea bermatzeko bideak aztertu behar direla dio. “Giltzurruna behar duen senide bat baldin baduzu, ematen da familiako bat prest egon daitekeela giltzurruna emateko. Orain pentsatzen badugu pertsona bat baduzula oso gaizki, izan daiteke antzeko esperientzia bat: giltzurruna emateko prest zaren bezala, izan zaitezke prest kutsatua izateko arriskua hartzeko, beti neurriak hartuz eta onena, demagun gazteena aukeratuz. Nik ez dakit horrelakoak egin daitezkeen baina zergatik ez? Momentu batean jendea prest baldin badago, zergatik ez? Nik uste dut jende asko egonen zela arriskua hartzeko prest: nire ama, aita, izeko ala nahi dena hiltzen dago, ni kutsatua izateko prest naiz eta behintzat agur errango diot”.

Argazkia: Dani Blanco
Ikuspegia aldatzeko premia

Zahartzarorako politiken balorapen bat egiteko balioko digu koronabirusaren krisiak? Ondorioak ateratzeko eta norabide berriak finkatzeko ardura hartuko dute agintariek? Zaintzaren esparrua iraultzeko balioko digu? Euskal Herriko mugimendu feministak zaintzari buruz osatu krisi mahaiak landu proposamenak kontutan hartuko dira? “Orokorki gizarteak –ez dut erraten politikariak bakarrik–  ez du nahiko baloratu zaintzaren lana. Pentsatzen dut pandemia horrek balioko duela ohartzeko zenbat lan dagoen, zenbat jende dagoen eta zer nolako egoera kaskarrean dagoen –edo gustatuko litzaidake horrela izatea–. Horri ere buelta eman beharko zaio. Politikoek horretaz ere mintzatu beharko dute eta beste bide batzuk eta beste sistema bat asmatu beharko dute” dio Arriolabengoa Abasolok. Zaintza, zerbitzu publikoa izan dadila eta sektore horretako langileentzako lan baldintzak duinak izan daitezela. Horrez gain, zahar izaera indibidualki baina batez ere kolektiboki aldarrikatzearen premia ikusten du Estebanek: “Lehenengo mugimendua da aitortzea zahartzen ari naizela, heriotza hurbil dudala eta hortik ondoko galderari begiratzea: zer egingo dut horrekin guztiarekin? Hitz egiten da, baina maila oso pribatuan. Ikusi, hitz egin, eztabaidatu: egongo dira esperimentzia askotarikoak, askotarikotasuna azpimarratu behar da. Gauzei begiratzeko beste modu bat”. Dei ederra plazaratu du justuki, titular bera duen bere azken liburuan plazaraturiko “andrezaharraren manifestua”-n. Mugimendu feministak horri buruzko gogoeta gehiago egin beharra ere ezinbestekotzat du. Beste ideia bat gehitzen du Pellissierek: adinkeriarekin, joera paternalistarekin eta zaharren infantilizazioarekin bukatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19ren biharamunari so
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


2022-04-12 | ARGIA
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek

Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.


2022-04-06 | ARGIA
Apirilaren 20tik aurrera Hego Euskal Herrian ez da maskararik beharko barrualdeetan

Aste Santuaren ondoren, apirilaren 20tik aurrera, maskara erabiltzea ez da nahitaezkoa izango barrualdeetan, ospitaleetan, erresidentzietan eta garraio publikoan salbu. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatu zuten.


2022-02-11 | ARGIA
Osasun larrialdiaren amaiera iragarri du Jaurlaritzak

Horren arabera, datorren astelehenetik aurrera, orain arte COVID-19ari aurre egiteko neurriak bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko alorretan. Labi bera ere desegin egingo dute.


COVID-19 pasaportea 2022ko uda arte mantentzearen alde bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak

Frantziako Gobernuaren lege-proiektua Senatuan eztabaidatuko dute urriaren 28an. Nahiz eta gehiengoak bat egin neurriarekin, hainbat herritar dabiltza neurri honen kontra borrokan, kolektiboki antolatuz.


Eguneraketa berriak daude