Abiatu da Tantaka Telebista

  • Ostegunean aurkeztu dute proiektua Bilboko Bilborock aretoan. Telebista sozial bati dagokion eran, jendez inguraturik inauguratu dute Tantakaren web orria.

(Argazkia: Ecuador Etxea)

2018ko azaroaren 16an - 10:33

2016an hasi zen egituratzen Tantaka Telebista Sozialaren proiektua, Euskadi-Cuba, Mugarik Gabe eta Paz con Dignidad Gobernuz Kanpoko Erakundeen elkarlanaren bitartez. Hemengo eta hango errealitateei era globalean begiratu ezean, errealitatea aldatzeko aukerak hutsera murrizten direla sinetsita ekin zioten lanari. Bi urteren ostean, telebista martxan jartzea lortu dute.

Tantaka proiektu politiko eta estrategikoa dela adierazi dute honen sortzaileek, zeinarekin “interes partikularren edo merkatuaren interesen aurrean pertsonak erdigunean jarriko dituen politika aldarrikatuko” den. Komunikabide hegemonikoetan tokirik ez duten ahots eta borrokei tarte bat eskainiko die telebistak, komunikazio kritiko eta alternatiboari bide eman asmoz. Jendartean pentsatuz eta honen baitako borrokak konektatzeko helburuarekin sortu dute telebista, eta bokazio sozial horretan ardaztuta, “nazioarteko elkartasunaren erreferentzia izango da, eta aldi berean, topaketarako eta ideien eztabaidarako kanala, askotariko programazioaz osatua”.

Tantakaren helburu nagusia, azaldu dutenez, zenbait gai nagusi lantzea da: sistemaren agenda hegemonikoa (migrazioak, merkataritza libreko hitzarmenak, enpresa transnazionalak, indarkeria eta abar barne hartuz), honen alternatibak (ekonomia soziala, feminismoa edo elikadura-burujabetza, besteak beste) eta komunikazioa, hurrenez hurren. Ikuspegiari dagokionez aldiz, masa komunikabideek eskaintzen dutenaren oso bestelako ikuspegia eman nahi du komunikabide jaioberriak, mundua internazionalismotik, feminismotik eta subjektuen aniztasunetik begiratzen duena.

Informatzeko eskubidean, formakuntzan eta mobilizatzeko gaitasunean ardazten da proiektua. Hau da, telebistak informazioa eskainiko du ikuslearengan politikoki eragin eta hau ekintzara bultzatzeko.

Hasieratik elkarlanean

Herri mugimendu eta borroka askotarikoak elkarreragiten jartzeko xedeari hasieratik heldu dio proiektuak. Telebistako edukiak sortzeko Hamaika Telebistarekin akordio batera heldu dira, eta estudioak partekatzea adostu. Horrez gain, proiektuaren GKE sortzaileez aparte, Euskal Herriko eragile gehiago ere ari dira beraiekin batera lanean. Eragile horietako jendea eta beste zenbait norbanakorekin Batzorde Politikoa osatu dute, edukien ildo politikoak bermatzen direla begiztatu eta Tantakaren komunitatea handitzea helburu duena.

Funtzio soziala eta elkarlana are gehiago indartzeko asmotan dira hala ere. Helburu horrekin, herri mugimendu eta eragileei Tantakarako programa propioak ekoizteko aukera emango diete, behar izatera bideo grabazio eta edizio formazioak eskainiz. Horrez gain, nazioarteko ikus-entzunezkoak ere zabalduko dituzte beraien kanalaren bidez, han eta hemengo herritarrekin sarea eratuz.

Telebista eredu berria

Telebista berritzailea da Tantaka. Bai eduki zein formatu aldetik, hasieratik erakutsi du hedabide hegemonikoen konbentzionaltasunarekin hausteko asmoa. Ikuspuntu kontrahegemonikoak nabarmen ezberdinduko baditu ere, formatu aldetik badu berezitasun bat telebistak: sarean emitituko da. Edukiak web orrian jartzen joango dira, eta sare sozialetatik (Twitter, Telegram, Instagram eta Facebook) ere zabalduko dituzte.

Inaugurazioa

Azaroaren 15eko ostegunean, arratsaldeko 19:00etan, eman zitzaion hasiera Tantaka Telebistaren inaugurazioari. Proiektua jende artean abiatu zuten Bilboko Bilborock aretoan, eta hainbat gonbidatuk girotu zuten aurkezpena. Hasteko, komunikazio kritiko eta herrikoiaren bueltako mahainguruan parte hartu zuten June Fernández, Fakun Aznarez eta Maialen Kortabarria kazetariek. Ostean, bertso saioa eskaini zuten Oihana Bartra eta Miren Amurizak. Amaitzeko, Pompom Antzerki Konpainiak umorez eman zion itxiera ekitaldiari.

Batzuen eta besteen artean, telebistako kideek hartu zuten hitza, eta aurretik daukaten bideari so, zera azpimarratu zuten hainbat konturen artean: Espainiako Gobernuak herri honetako medio asko itxi dituen arren, kolpeak kolpe, Euskal Herriko jendarteak hedabideak irekitzeko gaitasuna erakutsi duela. Eta hortik sortzen dela, hein handi batean, Tantaka Telebista.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


2024-04-04 | Ahotsa.info
Ahotsa.info, 10 urte kalean Nafarroa eraldatu nahi dutenei ahotsa ematen

Ahotsa.infok 10 urte egin berri ditu lanean. 2014an jaio zen, Nafarroa maila sozial eta politikoan eraldatu nahi zuten haiei ahotsa emateko asmoz. Intentsitate handiko testuinguru batean, UPNk agintzen zuen eta Nafarroako Gobernuaren aurkako oposizioa kalean mobilizatzen zen,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


Eguneraketa berriak daude