A-636 autobideko bidesariaren albo-kalteak

  • Beasaindik Bergararako tartea hamar minututan egiteko aukera ematen du 2019an zabaldu zuten A-636 errepide berriak, eta Gipuzkoako Deba bailara eta Goierri eskualdeak Nafarroa, Araba eta Bizkaiarekin lotzen ditu. Bidesaria jarri berri dute orain eta askotariko albo-kalteak dakartzala salatu dute herritarrek. Larunbatean bidesariaren aurkako manifestazioa egingo dute Beasainen.


2022ko otsailaren 18an - 08:51
Azken eguneraketa: 09:53
Argazkia: Goierriko Hitza

2019ko martxoan zabaldu zuten Beasain eta Bergara lotzen dituen Deskargako autobide berria. A-636 izena hartu zuen orduan 23 kilometroko errepideak. 25 hilabete iraun zuten lanek eta 43 milioi euroko kostua izan zuten. Zabaldu eta urtebetera jarri zuten handik pasatzen ziren kamioientzako bidesaria, eta aurtengo urtarrilaren 19tik ordainpekoa da A-636 autobidea bertatik igarotzen diren ibilgailu motordun guztientzat, motozikletentzat izan ezik.

Bidesaria, ordea, ez da ohiko peaje baten bidez ordaintzen. Hiru arku jarri dituzte errepide gainean, Beasainen, Ezkion eta Deskargan, gelditu behar izan gabe ordaintzeko. Eskudirutan ordaindu ezin denez, autoan Abiatu gisako teleordainketa sistemaren bat eduki behar da nahitaez, edo autoa helbideratuta izan. Halakorik ezean, faktura iritsiko zaio autoaren jabeari, ordainketa nola egin zehaztuz. Ordaintzen ez duenari isuna jarriko diotela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Beraz, gaur egun, errepide horretatik Beasaindik Ormaiztegira joateko 0,38 euro ordaindu behar da, Ormaiztegitik Zumarragara joateko 0,74 euro, Urretxutik Bergarara joateko 1,41 euro eta Urretxutik Antzuolara joateko 0,48 euro. Gutxi dirudi, baina egunero bertatik joan-etorria egin behar dutenentzat urtean ehunka euroko kostua du errepidea erabiltzeak. Foru Aldundiak Abiatu sistema ezartzeko aholkatu du, beherapen progresiboak daudenez abantailak dituela eta desabantailarik ez duela argudiatuta.

Bizitzaren garestitzea

Bidesaria jartzeko asmoa publiko egin zenetik sortu da haren aurkako mugimendua. Bidesariak Beasain, Ormaiztegi, Ezkio, Itxaso, Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Antzuola eta Bergara herriak eta bertako herritarrak kaltetuko zituela iritzita A-636 Peajerik Ez plataforma sortu zuten hainbat herritarrek 2020ko otsailean. Ordutik manifestazioak, elkarretaratzeak, protestak eta karabanak egin dituzte. Aurtengo urtarrilean plataforma desegingo zela zabaldu bazen ere oraindik martxan dago, eta protesta ekintzak egiten jarraitzen dute.

 

Plataformaren arabera, bidesariaren helburu bakarra kudeaketa txarraren ondorioz Bidegik duen zorra ordaintzeko dirua biltzea da, eta behin bidesaria martxan jarritakoan zor hori Goierri, Urola Garaia eta Debagoieneko langile eta ikasle klaseak ordainduko dutela salatu dute.

Era berean, errepide zaharra igarotzen den herrietako bizimoduari kalte egiten dion neurria dela diote, haietako trafikoa ugarituko baita. Hain zuzen ere, autobiarentzat baliozko beste aukerarik ez dutela nabarmentzen dute, eta Urola Garaiko biztanleek hamarkadak daramatzatela errepide zaharkituetan ibiltzen.

Bidesaria Europatik behartutakoa ez dela ere azpimarratu du plataformak. Izan ere, Bidegiri emandako maileguaren abal gisa banketxeek ezarritako neurria dela salatu dute, eta, beraz, Foru Aldundiak gezurrekin defendatu zuela bidesaria ezartzea. Gainera, banku horiekin bidesariaren urteroko igoerak adostuta daudela diote, eta Abiatu sistema urtean "420 euroko zerga" bat besterik ez dela.

Bidesarietan bildutakoak garraio publikoa hobetu behar duela legean jasota badago ere tren eta autobus zerbitzuek gero eta okerrago funtzionatzen dutela ere azpimarratu dute herritarrek, eta haien herrietako alkateek ezer esan eta egin gabe jarraitzen dutela. Aldiz, diotenez, Batzarretan dagoeneko onartuta dago A-636 errepideko bidesarian bildutakoa, gehienbat, A-1ari eusteko izango dela.

Era berean, Deba Bailarako eta Goierriko Kontseilu Sozialistek 'Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu' dinamika abiatu zuten iazko udazkenean. Haien iritziz, langile klasearen bizitzaren garestitze progresibo eta orokorraren adierazpen modura kokatzen behar da ordainlekuen ezartzea. Hain zuzen ere, azken hilabeteetan argindarra, oinarrizko elikagaia eta gasolina garestitu dira, eta autobideko ordainketa-sistema berria ere bizitzaren garestitze horren testuinguruan jarri behar dela azaldu dute.

Inguruko errepideetako arriskuak

Bidesariak bestelako ondorio batzuk ere badakartzala salatu dute herritarrek. Besteak beste, inguruko errepideetako autoen kopuruak gora egin du. Joan den asteburuan Eitzako igoeran jazotako istripu bat horren adibidetzat jo dute. Izan ere, bidesaria ezarri zutenetik bigarren mailako eta “utzita” dauden errepideetan trafikoa “nabarmen” igo dela azaldu zuen herritar batek sare sozialetan, eta ugaritze horrek bizilagunentzat, gidarientzat eta txirrindularientzat arriskuak handitzea ekarri duela.

Protestak

Askotariko protestak egin dituzte hilabeteotan, eta protestan jarraitzen dute herritarrek. Ehunka bildu ziren asteburuan Zumarragako eta Urretxuko kaleetan A-636 Peajerik Ez plataformak eta garraiolarien Hiru sindikatuak deitutako manifestazioan. Larunbat honetan Goierriko Kontseilu Sozialistak deitutako manifestazioa egingo dute Beasainen, 18:00etan abiatuko da Bideluze plazatik.

Sabotajea

Argazkia: Goierriko Hitza

Bidesariarekiko onespen faltaren erakusgarri da, esaterako, asteartean bertan arkuetako bati egindako sabotajea. Beasain eta Ormaiztegi arteko zatia kobratzen duen arkuaren hainbat kable moztu zituzten. Horren ondorioz, ordu luzez itzalita egon zela informatu du Goierriko Hitzak. Ertzaintzak arkua etengabe martxan egon zela esan bazuen ere Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin zuen sabotajea. Asteazken goizerako berriz ere martxan zegoen peajea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garraioa
Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Gaueko trenen bigarren aukera? Hegazkinaren alternatiba astiro doa

Gaueko tren bidaia arruntak desagertu egin ziren duela urte batzuk ia Europa osoan, airezko garraioaren mesedetan. Baina larrialdi klimatikoak hegazkin kutsagarriak alboratzera eraman du jende asko orain, eta ordu txikitako tren sarea berriz ere martxan jarri nahian ari dira... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


EAJk atzera egin eta Barik txartelaren deskontua mantenduko dute

Hasiera batean alderdiak garestitu egin nahi zituen Barik txartel anonimo eta aldi baterako abonuak, baina azkenean atzera egin du. Beherapena berriz otsailaren bigarren erdialdean indarrean sartuko dela aurreikusten du.


Eguneraketa berriak daude