Juan Carlos Espainiako errege emerituak ia 200.000 euro irabazi ditu, eta 24 ekitalditan hartu du parte. Felipe VI erregeak aldiz, 242.000 euro eta 187 parte hartze izan ditu. 2017an baino %1,5 gehiago gastatu da.
Orotara, Espainiako 2018ko aurrekontuetatik 7.887.150 euro bideratu ziren errege-etxera, eta horietatik ia 700.000 familiako kideentzat izan dira. Juan Carlos I Espainiako errege emerituak 194.232 euro irabazi ditu urte osoan zehar 24 ekitaldietan parte hartzeagatik; hots, ekitaldi bakoitzaren kostua 8.093 eurokoa izan da. Errege-etxearen webguneak argitaratu duenez, zezenketa, meza, inaugurazio eta futbol partidu ekitaldietara joan da, besteak beste. Webguneak berak dio %1,5eko igoera izan dutela gastuek.
Egungo Felipe VI erregeak, bestalde, 242.769 euroko soldata izan du 2018an. Orotara 187 ekitalditan hartu du parte, eta atzerrira bidaia asko egin ditu: Mexikon, AEBetan, Haitin eta Perun izan da, besteak beste. Bataz beste, ekitaldi bakoitzeko 1.298 euro irabazi ditu.
Datuok argitara eman ditu Publico-k, eta zeresana piztu da sare sozialetan: monarkia edo errepublika Espainian aukeratzeko erreferenduma eskatu dute.