Kanpaldi mugagabea abiatu dute Bartzelonan preso politikoen askatasuna eskatuz, besteak beste

Zuzeneko jarraipena
  • Kanal honetatik jarraituko ditugu Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ingurukoak eta honi erantzuteko Katalunian abian diren mobilizazioak. 


2019ko urriaren 30an - 14:57
Gakoak
Abiatu dira Askatasunaren Ibilaldien bost zutabeak

Goizeko 08:00etan abiatu dira Marxes per la Llibertat ibilaldiaren bost adarrak Tarragona, Tarrega, Berga, Vic eta Gironatik. Hiru eguneko ibilaldiko partaideak ostiralean elkartuko dira Bartzelonan, greba orokorrarekin bat eginez.

 

CDRek mobilizazio iraunkorrerako deia egin dute

Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Komiteek komunikatua argitaratu dute asteazken goizaldean. “Atzerabueltarik gabeko bidea” hasi dutela diote CDRek: “Kalera irten gara bertan geratzeko”. Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte, eta “biolentziaren argudio faltsuarekin” desmobilizazioa bilatzen dutenen “tranpan” ez erortzeko eskatu dute.

Kataluniako Gobernuari eta autodeterminazioaren alde dauden alderdiei errepublikaren alde urrats sendoagoak ematea exijitu diete CDRek.

 

Istilu handiak Bartzelonan poliziaren eta manifestarien artean

Istiluak eta polizien kargak izan dira ondorengo hirietan: Girona, Tarragona, Lleida eta Bartzelonan. Egoera bereziki aztoratu da Bartzelonan. Bertan Esquadra Mossoek eta Espainiako Poliziak hainbat aldiz kargatu dute, foam jaurtigaiak tiro eginez. Bitartean manifestari ugarik barrikadak altxa dituzte Gràcia etorbidean, Diagonalean eta Pau Claris kalean. Hainbat orduz luzatu dira istiluak eta edukiontzi askok amaitu dute sutan.

Azpiko bideoan istiluak hasi diren unea, Zigor Oleagaren eskutik.

Ondorengoetan istiluen irudiak:

150 zauritu inguru gaur Katalunian

Ezker Independentistaren Erakunde Antierrepresiboa den Alerta Solidariaren arabera, Katalunia osoan gaur 150 zauritu inguru izan dira. Generalitateak 70 artatu ditu Sanitaris per la Republica herri mugimenduak 70 eta 80 artean.

Tarragonako Santa Tecla ospitaleak informatu duenez, 22 urteko gazte bat bularrean jasotako kolpe batengatik ospitalean dago zaintza unitatean. Gaueko argazkietako bat. Espainiako Poliziaren istiluen aurkako poliziak ospitale horretako egongelan gazte ugari identifikatzen eta beste hainbatengatik galdezka ibili dira.

Hemen zauritu baten argazkia.

Pablo Casadok Segurtasun Nazionalerako Legea aktibatzea eskatu dio gobernuari

PPko presidente Pablo Casadok Pedro Sanchezi eskatu dio Segurtasun Nazionalerako Legea aktibatzea, iluntzeko "istilu biolentoak" direla eta. Segurtasun Nazionalerako Legea aktibatzeak 155. artikuluak, ez bezala, ez du aurretiko prozedurarik eskatzen kongresuan edo senatuan. Besteak beste, Esquadrako Mossoak Espainiako Gobernuaren agindupean geratzea suposatuko luke.

 

Espainiako Gobernuak neurriak hartzeko mehatxu egin du

Kataluniako hainbat hiritan gertatu diren istiluen ondoren Espainiako Gobernuak urgentziazko komunikatua argitaratu du. “Gutxiengo batek Kataluniako hirietan biolentzia inposatu nahian” ari dela dio Pedro Sanchezen gobernuak, eta, horren aurrean, “beharrezkoa bada”, neurriak hartuko dituela “segurtasuna eta elkarbizitza” bermatzeko. Gobernuaren iritziz biolentzia “orokortua” izan da eta “talde koordinatuek” burutua.

Komunikatu berean, Esquadra Mossoen, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren elkarlana “oso positiboki” baloratu du gobernuak.

Kandelak piztu dituzte Espainiako gobernuaren jarrera salatzeko
Kandelak piztu dituzte hainbat hiritan. (Miguel Lopez Mallach / La Directa)

Espainiako Gobernuak dituen ordezkaritzaren eta azpiordezkaritzen aurrean kandelak piztu dituzte Bartzelonan, Lleidan, Tarragonan eta Gironan. Horrez gain, hainbat hiritan kontzentrazioak egin dituzte, hala nola, Matarón, Igualadan, Vicen, Tortosan, Terrassan y Puigcerdàn, La Directan irakur daitekeenez. Bartzelonan gobernuaren eraikina blindatu dute Mossoek, bertara heltzen diren kaleak moztuz. Dozenaka milaka lagun batu dira bertan, eta CDRek, besteak beste, bertara dei egin dute.

Gure Eskuk manifestazio nazionala deitu du larunbaterako Donostian

Kataluniako egoera eta preso politikoei ezarritako zigorrak salatzeko Gure Eskuk manifestazio nazionala deitu du Donostian, Antiguako tuneletik aterata 17:30ean.

 

"Haserrea indar askatzaile" bihurtzera deitu du ezker abertzaleak
Espainiako Errege Felipe VI, bere aita eta Francisco Franco buruz behera jarri dituzte. (Sortu)

Ezker abertzaleak Bilbon balorazioa egin du Katalunian sortutako egoera politikoaz. Adierazi du "Estatu sententzia" gisa ulertzen duela "hautetsontzien bidez autodeterminazio eskubidea egikaritzeagati". Arkaitz Rodriguezek dei egin ditu herritarrak "gure haserrea indar askatzaile bihurtzera, oztopoak gaindituz", Naizen irakur daitekeenez.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak hartu du hitza Bilboko Euskaldunan egindako prentsaurrekoan, 78ko Erregimena irudikatu asmo duten hiru argazkiren aurrean. "Estatu arrazoia bakarrik dago sententzia honen atzean. Eta estatu arrazoia da de facto bertan behera utzi dituztela demokraziaren oinarriak eta salbuespen egoera inposatu dutela". "Argi eta garbi diogu: Euskal Herriari inposatutako salbuespena Kataluniara zabaltzen ari da".

Horrez gain, esan du ezker abertzaleak historikoki egin duen irakurketa zuzena dela. "Errepresioa ez zen ETAren ekimen armatuari erantzuna, baizik eta Espainiako Estatuaren ezaugarri estruktural bat. ETAren biolentzia politikoa desagertu arren, Espainiako Estatuak proiektu politiko zilegien defentsa espetxearekin zigortzen jarraitzen du", adierazi du.

Barajas operazioa: Tsunami Democràtic Barajaseraino iritsi zen (operazioaren azalpena)

"Astelehenean festa bat egingo dugu, nola duzu?", zioen 1.200 kotxetan tsunami demokratikoa Madrilgo Adolfo Suarez Aireportura eramateko helburua zuen herritar taldeari zuzendutako mezuak. Behin epaia jakinda, operazioa aktibatzen da eta mailakatutako irteera eginez, auto karabana luzea Kataluniatik ateratzen da Madrilera bidean. Espainiako segurtasun indarrak ez dira ohartu operazioaz, naiz eta hainbatetan egiten duten topo guardia zibilaren autoekin. Ez daramate ez banderarik, ez bestelako sinbolorik.

18:30etan elkartu dira guztiak aurreikusitako lekuan eta abiatu dira aireporturantz, jakin gabe erabat ongi operazioaren hari guztiak. Antolatzaileen esanetan, Madrileratzean dena ondo atera bazen ere, Madrilen bertan izan dira akatsen batzuk eta auto talde batzuk galdu egin dira, eta kosta egin zaie berriz ere  bat egitea talde nagusiarekin. Edozein kasutan, helburua lortu dute eta martxa geldo bati ekin diote aireportu inguruetan ordu eta erdiko tartean, kalapita handia sortuz. Helburua betetzat jota, 20:00etan ekin diote itzulerari. Kronika guztia, Vilaweb-eko albiste honetan.

'Askatasunaren Martxak' antolatu dituzte ANCk eta Omniumek

Martxa bana irtengo da Tarregatik, Bergatik, Tarragonatik, Vicetik eta Gironatik asteazkenean. Ostiralean, Intersindical eta IAC sindikatuek deitutako greba deialdiarekin bat eginez, Bartzelonan batuko dira.

 

Generalitateko eledunak Mossoen oldarraldiak justifikatu ditu: "Egin beharrekoa egin dute"
Argazkia: Sarai Rua / La Directa

Generalitateko eledun Meritxell Budó-k RAC1 irratian adierazi du astelehenean Eskuadra Mossoek haien lana bete dutela herritarren protesta masiboen aurrean. "Uneren batean poliziek ezarritako zenbait lerro ez apurtzea bermatu behar izan zuten, betiere manifestariak beraiek babesteko". Oldarraldiren batean poliziak ez direla "behar bezala aritu" gehitu du. Barne Saila ikertzen ari da ea neurririk hartu behar duen, "beste batzuetan egin duen bezala".

Prateko okupazioaz esan du "azpiegitura oso garrantzitsu eta estrategiko baten funtzionamendu arrunta baldintzatu dute era baketsu eta zibikoan. Horrekin geratzen naiz eta ez ondorengo istiluekin, minoritarioak izan baitira".

Omnium elkarteak autoinkulpazio kanpainari ekin dio

Honela dio kanpainaren argudioan: "Preso politikoei ezarritako sententzia da frankismoaren amaieratik gaurdaino oinarrizko eskubideei egin zaien erasorik larriena. Baldin eta manifestatzea, adierazpen askatasuna baliatzea edo bozkatzea delitutzat jotzen baldin baditu Espainiako estatuak, orduan gu ere bagara sasi-delitu honen egile. Bete ditzagun kataluniako epaitegi guztiak autoinkulpazioz. Geuk ere gure buruak kulpatzen ditugu, zeren eta demokrazia kondenatzen badute, denok kondenatzen gaituzte".

Begia galdu du Prat aireportuan gomazko pilotarekin zauritutako gazte batek
Gaztea zauritu zuten unea, Prat aireportuan (arg.: 324.cat)

Kataluniako hainbat hedabidetan zabaldu dutenez, atzo larri zaurituriko manifestarietako batek begiko ikusmena galdu du. 22 urteko gaztea Prat aireportuan ari zen protesta baketsuan beste milaka lagunekin eta poliziak jaurtitako gomazko pilota batek jo zion begian.

Gaztea Bellvitge ospitalera eraman zuten astelehen arratsaldean eta begi-globoa lehertuta zuela ikusi zuten hura artatu zuten medikuek, gomazko pilota batek jo izan balio bezala. Horrez gain, aurpegia desitxuraturik dauka bestelako zauriekin eta operazio kirurgikoa egin beharko diote.

Mossoen borrakada batek 30 urteko pertsona bati barrabiletan traumatismoa eragin dio eta horren ondorioz barrabil zati bat galdu du.

Prat aireportuan Espainiako Poliziak gomazko pilotak jaurti zituen milaka lagunen kontra –mossoek debekatuta dute material horrekin erasotzea, baina espumazko balak erabili zituzten–. Denera 75 lagun artatu zituzten osasun zerbitzuek atzo arratsaldean Bartzelonako aireportuko lehen terminalean polizien bortizkeriak zaurituta.

 

Asteleheneko protestetan ARGIAko kazetariek jasotako irudiak

El Prat aireportuan izan ziren astelehenean etxe honetako Zigor Oleaga eta Lander Arbelaitz kazetariak. Jarraian bertan bildutako irudiak:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

131 pertsona artatu zituzten asteleheneko protestetan

Kataluniako Osasun Saileko Emergentzia Medikuen Zerbitzuak emandako datuen arabera, asteleheneko mobilizazioetan 131 pertsona artatu zituzten. Horietatik 123 aireportuan, 8 Bartzelonan, 4 Maçaneten, 3 Lleidan eta 1 Reusen. Aireportuan artatuen arteko bat larriki zauritu du poliziak, jaurtigai batekin begian jota.

Zaurituen artean kazetariak ere badira, ARGIAko kazetari Zigor Oleaga horietako bat.

Directak jakinarazi duenez, hiru dira beren etxeko kazetari zaurituak: Joan Giralt, Núria Gebellí eta Freddy Davies. Akreditazioa bistan izanik, Mosso d'Esquadrek eraso egin zietela salatu dute.

Companys lehendakaria Francok afusilatu zuela oroitu dute bart, 79. urteurrenean

Generalitateko gobernuak omenaldia egin dio gaur Lluis Companys duela 79 urte Francoren aginduz fusilatu zuten lehendakariari. Aurretik, gobernuan dauden bi alderdiek bakoitzak bere aldetik ospatu dute eta Carles Puigdemontek mezua bidali du.

 

Poliziaren karga baten ondorioz, ARGIAko kazetari bati zauriak

Bartzelonako El Prat aireportuko mobilizazioan, ARGIAko kazetari Z. Oleagak zauritua egin da arin karga baten ondorioz. Poliziaren oldarraldietako batean jendea korrika hasi da eta pilaketaren ondorioz kristal bat hautsi da, kazetariari hainbat zauri eraginez bizkarrean eta besoetan.

 

Horrez gain borrakada ugari jaso dituzte hedabide ugaritako kazetari askok, ARGIAkoak barne.

Hedabide bat bereziki kolpatua izan bada, hori La Directa kataluniarra da: Etxe hartako hiru kazetari zauritu dituzte operazioaren berri ematen ari zirela: Joan Giralti Mossoek foam bala batez jo dute tripan, Núria Gebellí Espainiako Poliziak borraz jo du eta Freddy Daviesek ere borrakadak jaso ditu Via Laietanako mobilizazioan.

 

75 pertsona zauritu dituzte poliziek, pertsona bati begian egin diote tiro
Poliziak eragindako zauri bat. (La Directa)

SEM erakundeak 75 zauritu zenbatu ditu Bartzelonako El Prat aireportuko gertaeretan, La Directan irakur daitekeenez. Pertsona bat larri zauritu dute gomazko pilota batekin begian jo ostean. Urteak dira Kataluniako Parlamentuak arma hauek debekatu zituela legez.

 

Iruñean tentsioa Udaletxe plazako bilkuran, Espainiako Polizia agertu denean

Euskal Herriko gainerako 200 herritan bezala, ehunka lagun bildu dira Iruñeko Udaletxe plazan epaia salatzeko. Deian Gure Eskuk zarata egitera deitu duenean, zaratatsua izaten ari zen mobilizazioa, herritarren haserrea agerian zela. Amaieran, Gure Eskuko kide batek agiri bat irakurtzen amaitu duenean, Espainiako polizia talde bat sartu da plazara. Hiru hurbildu dira pankartara eta batek Gure Eskuko kide baten datuak hartu ditu, geroago salaketa jartzeko, mobilizazioa baimenik eskatu gabe egin baita. Bitartean, herritarrek oihu ugari jaurti dizkiete poliziei, batez ere "Alde hemendik". Beheko txioetako batean ikus liteke unea.

 

Euskal Herrian 200 herritan egin dira salaketa bilkurak Gure Eskuk deituta

Mugimenduak balorazio ona egin du gaur arratsalde-gaueko mobilizazioez eta, ondoko txioan adierazi duenez, gaur herriz herri bildutako jende guztiarekin larunbatean kaleak beteko dira Donostian, nazio mailarako deitu duen mobilizazioan.

 

 

Tsunami Democratic-ek bukatutzat eman du El Prat-eko blokeoa

"Guar tsunam ia izan gara. Mobilizazio bakoitza garaipen bat bihurtuko dugu. Desobedientzia zibil ez biolentoaren zikloa ireki dugu. Ekintza bukatutzat ematen dugu, arrakastaz eta helburuak beteta. Eta bihar berriz egingo dugu, erronka berri bat iragarriz.

 

Arratsalde osoa El Prateko aireportuan izan da @larbelaitz eta Zigor Oleaga ARGIAko kazetariak eta orain Bartzelonarantz doaz oinez, milaka lagunekin batera, "ez dut ikusten hasiera eta bukaera" diosku Arbelaitzek.

 

Pep Guardiolak zabaldu dio munduari Kataluniako Tsunami Demokratikoaren mezua

Hona nazioartean Kataluniako gatazka eta gaur Madrilgo auzitegiek politikari presoei ezarritako zigorra azaltzeko Tsunami Demokratikoak zabaldutako mezua, Pep Guardiola futbolari-ohi eta entrenatzaile famatuak irakurria, ingelesez (katalanez eta espainolez azpititulatuta):

 

 

Bartzelonako aireportuan 108 hegaldi geratu dira bertan behera protestengatik

 

Deialdi berriak: Kataluniako plaza guztietan eta... Madrilgo aireportuan

Judici a la Democraciak iluntzeko 20:00etan Kataluniako herritarren herri guztietako plazetan elkartzera dei egin die eta Tsunami Democraticek 18:30etatik aurrera Madrilgo Barajaseko aireportua blokatzera.

 

Dozenaka mila pertsona blokeatzen ari da Bartzelonako aireportua (Arbelaitz eta Oleagaren kronika)

Ongi kostata iritsi gara arratsaldez Bartzelonako El Prat aireportura eta une honetan ikusten ari garena itzela da. Dozenaka mila pertsona daude El Prat aireportua blokeatzen, Tsunami Democratic mugimenduaren deia jarraituz. Espainiako Polizia eta Mossoak gaindituta daude, eta ate nagusietako sarrera eta irteerak kontrolatzen badituzte ere, aireportuaren hainbat atetatik jende andana barrura sartzen ari da, besteak beste, larrialdi ateak erabilita.

Aireportuko ate birakariak turistentzat ere itxita daude eta, ondorioz, hauetako hainbat negarrez ikusten da hegaldia galduko dutela esanez. Beste asko oinez ikusi ditugu maletekin autobidean, Bartzelonako norabidean, garraio publikoa ere blokeatuta dago eta.

Espainiako Poliziek zein Mossoek egin dituzte hainbat karga dagoeneko eta horietako batean foam balak erabili dituzte. Arratsaldeko une batean, tentsio handia bizi izan da T1eko sarreretako batean, Espainiako 40 bat poliziek blokeatzen zuten sarreretako bat, baina ezin izan diote eutsi aurrez aurre ziren milaka manifestariri eta hauek aurrera egin dute.

Une honetan tentsio handia dago aireportuan eta begien aurrean ditugu polizien 35 furgoneta. Litekeena da blokeoak gau osoan zehar jarraitzea.

(Zigor Oleaga eta Lander Arbelaitzen kronika Bartzelonako aireportutik)

 

Arratsaldeko 18:30etarako mobilizazio berri bat iragarri dute

Tsunami Democratic mugimenduak jakinarazi du ezusteko berri bat daukatela prestatua 18:30etarako.

 

Dozenaka hegaldi bertan behera utzi dituzte El Prat aireportuan

Bertara hurbildu diren milaka pertsonak momentuz hogei hegalditik gora bertan behera geratzea lortu dute. Tsunami Democratic izeneko mugimenduak aireportura martxa deitu ostean, bertako sarrerak moztu dituzte. Aena aireportuen kudeatzaileak hegaldietako bidaiariei garaiz iristeko gomendioa luzatzen ari da. Hemen aireportuko argazki batzuk:

 

Torra presidenteak amnistia eskatu du zigortuentzat

Quim Torra presidenteak gogor salatu du epaia esanez akusatuez gain Kataluniako gizarte osoa zigortzen dela, eta baita ere autodeterminazio eskubidea eta independentismoa.

Parlamentuak gidatuta egin zela erreferenduma, beti modu baketsuan, hauteskundeetan hala egingo zutela iragarriz eta herritarren babesarekin. Bere esanetan, erreferenduma bultzatzeaz gain, Kataluniako instituzioek hamaika ahalegin egin dituzte gatazka politikoa negoziazioaren bidetik konpontzeko, baina Espainiako Estatuak uko egin dio bide horri, eta zigorra eta mehatxuaren aldeko hautua egin du. Presidenteak amnistia eskatu du espetxean eta erbestean diren errepresaliatu katalanentzat.

Hala ere, Generalitateak negoziatzeko prest jarraitzen duela iragarri du eta iragarri du Pedro Sanchez presidenteari eta Espainiako Erregeari gutuna bidali diela bilera eskatuz. Agerraldian, Pere Aragonés lehendakario ordea, Roger Torrent Legebiltzarreko lehendakaria eta hainbat sailburu izan dira.

Ehunka dira Katalunia osoan ematen ari diren mobilizazioak

Dozenaka errepide eta trenbide moztu dira, bilkurak udal plazetan, ikasle grebak, Tsunami Democratic-ek El Prat aireportua geldiarazteko egindako deialdia; milaka lagunek manifestazioak egin dituzte hiriburuetan; Lleidako Udalak urriaren 16ra arte bere jarduera eten du eta, besteak beste, ehunka lagunek oinez jarraitzen dute Prat aireporturantz. Ehunka mobilizazio egiten ari dira Katalunia osoan, seguruenik 2017ko urriaren 1a eta 3aren ondoren, Katalunian egiten ari diren handienak.

Gironako mobilizazio bat

 

 

Trenbideak ere moztu dituzte Gironan.
Lleidan 3.000 pertsonek egindako manifestazioa.

 

Kataluniako gizarte zibilak epaia gaitzetsi du, LaFedecat bidez

LaFedecat koordinakundean biltzen diren 120 elkarte eta erakundek baino gehiagok Gorenaren epaia gaitzesten duen manifestua eman dute ezagutzera gaur 13:00 Bartzelonako Sant Jaume plazan egindako protesta bilkuran. Idazkian salatu dute, "epaiak ondorio larriak dituela herritarren eskubide poitikoetan, besteak beste, manifestazio, adierazpen, erakundetze edo disidentzia politikorako eskubideetan. Epaiak gure gizartearen kalitate demokratikoan atzera egitea ekarri du".

 

Mossoak Prateko aireportuan bildutako jendearen aurka oldartu dira

 

Llarena epaileak Puigdemont atxilotzeko nazioarteko agindua zabaldu du

Espainiako Auzitegi Gorenak epaia jakinarazi bezain laster, auziaren sumarioa landu duen Llanera epaileak Carles Puigdemont lehendakari-ohia atxilotzeko nazioarteko agindua eman du.

 

Hasi da Tsunami Democratic mugimendua, bideo honetan azaltzen dute nola
"Espainia estatu faxista da" traola mundu mailako TT zerrendan

Twitterren mundu mailako Trending Topic zerrendan dago #SpainIsAFascistState.

 

Bartzelonako nazioarteko aireportua blokeatzera deitu dute

Tsunami Democratic ekimenak desobedientzia zibilerako deia egin du: herritarrak Bartzelonako El Prat nazioarteko aireportura deitu ditu honen jarduera gerarazi asmoz. Herritarrei azaldu diete nola lor ditzaketen gaurko hegaldien txartelak Telegrameko "Bitllets Tsunami" kontuaren bidez, horrela poliziaren kontrolak gainditu ahal izateko.

 

<< <
1 2 3 4
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude