12 milioi euro publiko Opus Deiren bueltako sei ikastetxerentzat

  • Ikasleak sexuaren arabera segregatzen dituzten eta Opus Dei ultrakatolikoari lotuta dauden edo gertuko diren sei ikastetxe diru publikoz hornituko ditu Eusko Jaurlaritzak, tartean Gaztelueta ikastetxe polemikoa. Urtero ematen die dirua, aurten hamabi milioi euro. “Gutxi batzuen pribilejio eta proiektu baztertzaileak” sustatzeari uzteko eskatu die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari STEILAS sindikatuak.


2020ko abenduaren 14an - 08:36
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Espainiako Kongresuan LOMLOE hezkuntza legearen alde bozkatu berri dute EAJ eta PSOEk, baina bertan jasotzen denaren kontrakoa egingo dute alderdi horiexek Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan, STEILASek salatu duenez: sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeetara diru publikoa bideratuko dute. Sindikatuak exijitu die “herri bezala ditugun eskumenak jendarte justuago bat eraikitzeko eta zerbitzu publikoak sendotzeko” erabil ditzatela.

Gazteluetako zuzendaritzaren jarrera salagarria

EAEn, sei ikastetxeren artean banatuko dituzte hamabi milioi euro: Bilboko Arangoya, Loiuko Ayalde eta Munabe, Irungo Erain, Donostiako Eskibel eta Leioako Gaztelueta. Azken ikastetxe horrek diru publikoa jasotzeak ere azkura eragingo dio bati baino gehiagori, ikasle batek Gazteluetako irakaslearengandik jasotako sexu erasoen aurrean jarrera salagarria izan baitu ikastetxeak: besteak beste, ikastetxeak 25 ikasle eta irakasle “bultzatu” zituen salaketa ukatzen zuen dokumentu bat sinatzera, eta webgune bat ere sortu zuten irakasleari babesa erakusteko eta biktima gezurretan zebilela adierazteko. Gerora epaitegietan frogatuta geratu da ikasleak sexu erasoak sufritu zituela irakaslearengandik.

“Ez dira diskriminatzaileak”

Urtero bideratu da diru publikoa ikastetxe hauetara eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak esana da sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak ez direla diskriminatzaileak, zentro hauek diru publikoz ez finantzatzea familia horientzat desabantaila litzatekeela. Galdera da, hemendik aurrera ere, Espainiako Kongresuan onartu den hezkuntza legeari iskin eginez, ikastetxe hauek finantzatzen segituko dute?

STEILASek, bestalde, gaineratu du “ikasleen jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera segregatzen duten ikastetxeen diru laguntzak” ere eten beharko liratekeela.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...