10 urteko espetxe zigorra Zahra Mohammadi kurduera irakasle eta ekintzaile bakezaleari Iranen

  • Zahra Mohammadi irakasle eta ekintzaile soziala hamar urterako espetxeratu dute Iranen. Besteren artean, herrialde honen menpeko Kurdistanen beren hizkuntza irakasten zien haurrei. Sanandaj-ko Gorte Iraultzaileak epaitu du eta "segurtasun nazionala auzitan jarri asmo zuen talde bat osatzen ari zela" ebatzi du.


2020ko uztailaren 20an - 10:57
Zahra Mohammadi ekintzaile kurdua espetxeratu dute Iranen.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Mahammadiren aurkako epaiketa otsailaren 17an egin zuten eta joan den asteazkenean, uztailaren 15ean, bere abokatuari jakinarazi zioten hamar urteko espetxe zigorra ebatzi zutela bere aurka. ANF berri agentzia kurduak informatu du 29 urteko irakaslea aldi berean, ekintzaile bakezalea dela eta Nujin Emakumeen Batzarreko zuzendaritzako kidea.

Kurdistango Giza Eskubideen aldeko sareak atxiloketa salatu du eta jakinarazi du Mohammadi Nujin elkarte kultural-sozialeko zuzendaria dela, eta bere lanen artean haurrei hizkuntza eta literatura kurdua irakastea daudela. 2019ko maiatzaren 23an atxilotu zuten Sanandaj hirian, eta urte hartako abenduaren 2an askatu zuten 700 milioi realeko fidantza ordainduta (14.500 euro).

Iazko azaroan, Amnesty Internationalek Zahra Mohammadi berehala askatzeko eskatu zuen, bere atxiloketa erabat "bidegabea" izan zela iritzita. AIk salatu zuen Mohammadiren galdeketetan, kooperatu ezean bere senideak atxilotuko zituztela mehatxu egin ziotela, baita gastroenteritisa izan arren ez ziotela inolako laguntza medikurik eskaini atxilo izan zuten bitartean.

Zahra Mohammadi irakaslea zenbait haurrekin.

Nujin elkarte sozio-kulturala erakunde zibila dela azpimarratu dute eta urteak daramatzala hizkuntza kurdua irakasten zenbait hiritan. Kurdistango Giza Eskubideen sareak nabarmentzen du elkarte honek paper garrantzitsua jokatu zuela duela zenbait hilabete Lorestan inguruak txikitu zituen lurrikaran jendea laguntzen eta hornigaiak lortzen.

Sare sozialetan kanpaina egiten ari dira Mohammadiren alde ondorengo traolak erabiliz: #FreeZara #FreeZahra eta #زهرا_محمدی


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!