Hego eta Ertamerika disputan

  • Aurreko mendeko ziklo neoliberala atzean utzita, Abya Yalako edo Hego eta Ertamerikako politikaren grabitate zentroa ezkerrean egon da 2000. urtetik. Mugimendu eta protesta herritar eraginkorrak, kontinente mailako aliantza berriak, gobernu ezkertiar edo aurrerakoiak herrialde gehienetan. Azken urteetan, ordea, eskuinak hainbat gobernu eta posizio ideologiko berreskuratu ditu, gorabidean dago. Zer lorpen eta gabezia agertu ditu ziklo aurrerakoiak? Zergatik ari da aurretik irabazitako hegemonia galtzen? Zer irakaspen atera daitezke?

Venezuelako presidente Hugo Chávez AEBetako presidente Barack Obamari Eduardo Galeanoren Las venas abiertas de América Latina liburua oparitzen, 2009an. Aurrekoek bezala, Obamaren gobernuak ere inperialismoa praktikatu eta ageriko zein ezkutuko estatu kolpeak sustatu zituen.

2019ko abuztuaren 07an - 11:17

1980ko eta 1990eko politika neoliberalek paisaia latza utzi zuten Hego eta Ertamerika osoan: pribatizazioak, muturreko pobrezia eta bortxa, ezkerreko mugimenduen txakalaldi luzea, AEBekiko menpekotasun osoa, besteak beste—Kuba, honetan ere irla izan zen—. Abya Yala, Panama eta Kolonbiako Kuna herriak horrela deitzen zion kontinenteari Kristobal Kolon heldu aurretik eta hainbat mugimenduk azken urteetan berreskuratu egin dute deitura. Basamortua igarota, ezkerra taupada berreskuratzen hasi zen: Argentinako caceroladak, Boliviako Uraren Gerra, Venezuelako Caracazoa, Mexikoko zapatismoa eta besterekin. Urte gutxiren buruan indar ezkertiar edo aurrerakoiek gobernatzen zuten herrialde askotan: Ekuador, Bolivia, Brasil, Paraguai, Uruguai, Argentina, Venezuela... Hegemonia berria gorpuztu zen Abya Yalan.

“Ziklo aurrerakoia” deitu izan zaio gutxi asko bi hamarkada hartzen dituen epealdi horri, gobernu berriak ikur nagusi. Baina eztabaida askorako ere eman du terminoak, gobernuei onartzen edo ukatzen zaien izaera ezkertiarraren arabera. Janaina Strozake brasildarra da, Lurrik Gabekoen Mugimenduko (MST) militantea 1984tik. Urteak daramatza Kantabrian (Espainiako Estatua) bizitzen, baina 2008tik Euskal Herriarekin lotura estua garatu du elikadura burujabetzaren eta MSTren inguruko ekimen ugari tarteko. Bere ustetan, ziklo aurrerakoia kapitalaren hegemonia historikoan “anomalia garaia” izan zen, langilegoaren garaipen batzuekin eskubideen arloan. “Onenean Ongizate Estatu  eredura hurbil zitekeen, baina urrun xamar geratu zen. Garaipen horien oinarria langile klasearen eta burgesia nazionalen arteko akordioak izan ziren. Hortik arau kapitalistetatik kanpo eraikitzeko mugak”. Txefi Roco Sanfilippo argentinarra da. Unibertsitatean mugimendu piketeroarekin loturiko talde batean aritu zen. Hamaika urte daramatza Bilbon bizitzen, Joxemi Zumalabe fundazioan edo Trabajadoras no Domesticadas kolektiboei denbora eskaintzen, besteak beste. Hizkera ezkertiarra baina oso bestelako praktikak garatu dituzten gobernuak izan direla dio, baina une interesgarria sortu zela: “Ortzi muga ezberdina begiztatzen genuen, beste une batzuetan pentsaezinak ziren gauzak egiteko aukera. Olatu baten antzekoa izan zen, ezkerrek Gobernuen kudeaketa eskuratuz. Aurretik herri protesten olatua izan zen, gobernu berrientzako aukerak zabaldu zituzten horiek”.

Definizio batean edo bestean esperientzia guztiak berdintzea errealitatea faltsutzea litzateke, ordea. Aniztasuna handia da. Luismi Huarte Pozas Gizarte Antropologiako irakaslea da EHUn, eta Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea. Bere ikerketa lerro nagusia Abya Yalako prozesuen azterketa izan da azken hamabost urteetan, eta Paraguain, Bolivian eta Venezuelan bizi izan da sei urtez. Gobernuei dagokienez, Huartek “gorri eta arrosen” artean bereizten du. Gorriak gobernu ezkertiarrenak lirateke, Venezuela eta Boliviakoak: “Teorian behintzat bazuten oligarkiari aurre egiteko eta kapitalismoa atzean uzteko asmoa”. Arrosak, gehiengoak, helburu erreformistagoak zituzten, hala nola: “Cristina Fernandezek Argentinarako eskatu zuen ‘kapitalismo serioa’, edo Lula da Silvak brasildarrei proposaturiko ‘klaseen arteko kontziliazioa’”.

Ziklo aurrerakoia: amaitua edo disputan?

Abya Yalak eskuinera egin du indarrez hamarkada honetako bigarren erditik aurrera. Ziklo aurrerakoia amaitutzat eman eta ziklo kontserbadorea zabaldu dela esaten dute batzuek; ziklo berria disputan dagoela beste askok. Txefi Rocoren ustez, “argi dago eskuinak posizio asko irabazi dituela. Esparru instituzionalean gobernu asko hartuta, zein jendartean nagusitzen diren diskurtsoei dagokionez ere”.

Mikel Moreno Calzada bilbotarrak sei urte daramatza Caracasen bizitzen. Euskal Herrian gazte mugimendu independentistan edo presoen aldekoan aritua da. Venezuelan Pakito Arriaran Fundazioan militatzen du, eta herrialdeko erakundeekin zein herri mugimenduekin du harremana. Calzadak bat egiten du zikloa disputan dagoela diotenekin: eskuineko gobernu askoren egonkortasuna txikia delako; Venezuela, Bolivia edo Kuba zutik dirautelako; ezkertiarra izan gabe ere Mexikon Lopez Obradorrek irabazteak garrantzi geopolitiko handia duelako. Luismi Huarte ere iritzi berekoa da.

Dikotomia sinplistak eta “txuri edo beltz” begiradak ekiditearen garrantzia azpimarratzen digute hainbat aldiz hizlariek. Herrialde bakoitzaren errealitatea oso ezberdina delako, errealitate bakoitzak konplexutasun, aniztasun eta kontraesan asko barne biltzen dituelako. Nor bere posizio eta errazkerietan gotortzeak ez digulako lagunduko eraldaketaren erremintak zorrozten.

Herri mugimenduen eginak eta ezinak

Herri mugimenduak erakundeen eta gobernuen aurka edo aparte borrokatzera daude ohituak, kaletik eta kaleari begira. Are gehiago erakundeak eta gobernuak estatu mailakoak direnean, beren aurkarien edo etsaien eskuetan egoten baitira ia beti. Ezkerra gobernura heltzen denean galdera eta eztabaida, arrisku eta aukera berriak sortzen dira. Strozake, Roco, Huarte zein Morenoren ustetan, ziklo aurrerakoian herri mugimenduen ekarpen nagusietarikoa agenda erradikala mantentzea edo mahai gaineratzea da. Kapitalismoa, patriarkatua, demokrazia ordezkatzailea gaindituko duten proposamenak eta praktikak garatzea. Baina Abya Yalako mugimenduek jarrera anitzak agertu dituzte gobernu aurrerakoien testuinguruan.

Brasilgo presidente Luiz Inácio Lula da Silva Lurrik Gabeko Nekazarien (MST) mugimenduko militanteen artean. Herri mugimenduen eta gobernu aurrerakoien arteko harremanak ez dira errazak izaten.

Huartek hiru jokamolde nagusi identifikatzen ditu: “Batetik, gobernuen menpe jarri eta autonomia galdu dutenak; bestetik, agenda iraultzaileari tinko eutsi diotenak, baina oso kritikoak izanik ere gobernuak babestuz aldi berean; azkenik, taktika eta estrategia nahastuz gobernua etsaitzat hartu dutenak, nahiz eta agian planteamendu teorikoetan arrazoia izan”. Herrialde gehienetako mugimendu indartsuenak lehen eta bigarren jarreraren artean mugitu izan direla dio.

Ziklo aurrerakoian mugimenduen gaitasunak handitu
zein txikitu egin dira.
Non jarri arreta,
hor dago gakoa

Rocok testuinguru berrian erakundeen itzalera hurbiltzeak dakartzan arriskuak bizi zan ditu Argentinan: “instituzionalizazioa, oso mingarriak izan diren kooptazio prozesuak, mugimenduen zatitzea eta indargabetzea”. Baina urruntze erabatekoari ahuleziak ere ikusten dizkio: “Mugimendu autonomistek ekarpen teoriko eta praktiko oso interesgarriak egin dituzte, begira zapatismoa. Baina zenbait testuinguruetan, hiritarrak adibidez, jarrera erabat autonomoak eta autogestionatuak sabaia jartzen dizu gaitasunei dagokionez”.

Brasilen, Langileen Alderdiaren (PT) gobernu garaian mugimendu batzuk borrokan mantendu ziren eta beste batzuk ez, Strozakeren esanetan. Sindikatuak gobernura gehiegi hurbildu zirela uste du, oinarriak ahaztuz. Aldiz, MSTk autonomia mantendu zuela dio, eguneroko bizitza hobetzeko lorpenak eskuratuz baina helburu estrategikoak galdu gabe. Instituzionalizazioaren arriskua mugimendu bakoitzaren indarraren eta formazio politikoaren araberakoa dela argudiatzen du, historiaren eta kapitalismoaren ezagutza gakoak direla hori ekiditeko.

Venezuelan herri mugimenduetako kide asko erakundeetan eta gobernuan zuzenean sartu dira, Morenok dioenez: Militanteak herri mugimenduetatik atera eta lan instituzionalera jarri dira; ardura karguetan, ministerioetan-eta”.  Lorpenetik eta akats larritik, bietatik duela uste du bilbotarrak. “Herri mugimenduen aldarrikapen batzuk aintzat hartu dira, kasu batzuetan gobernuak helburu propio gisa ere hartu ditu”. Aldi berean, ordea, aldarrikapen horiek praktikara eramateko giharra galdu da herri mugimendua ahuldu egin delako. Beste herrialdeetan ere eman da militanteen leku aldatze hori, herri mugimenduetatik erakundeen gestiora. Baita mugimenduen ahultzea ere, ondorioz.

Mexiko, zapatisten herri bat. Zapatismoa da, ziurrenik, praktika autonomo eta autozentratuen ahalen erakusgarri emankorrena.

Ziklo aurrerakoian mugimenduen gaitasunak handitu zein txikitu egin dira, hortaz. Non jarri arreta, hor dago gakoa. Handitu, zenbait politika publikok eragiteko baldintza aproposagoak sortu dituztelako edo baliabide gehiago izan dituztelako. Gaitasunak gutxitu, “lagunak” gobernuan egotean presioa egiteko zailtasunak izan dituztelako, edo ipar iraultzaileak eta autonomia galdu direlako. Elkarrizketatuak entzun ostean, dena den, oro har gaitasunek behera egin dutenaren sentsazioa gailentzen da.

Gobernuen eginak eta ezinak

Hizlariek antzeko frekuentzian hitz egiten dute gobernu aurrerakoien politiken alde positiboak eta negatiboak aletzean. Lorpenen artean: baztertuen duintasuna berreskuratzea; aberastasunaren birbanaketa politikak; pobreziaren gutxitze nabarmena, batez ere muturrekoa; hezkuntzarako sarbidea zabaltzea edo alfabetatzea orokortzea; neoliberalismo garaietan pribatizatutako zenbait sektore eta enpresaren birnazionalizazioa; Abya Yalako herrialdeen arteko aliantzak eta artikulazioa AEBen inperialismoari mugak jarriz.

Gabezien artean, nagusiena kapitalismoaren ondorio makurrenak leuntzetik harago ez joatea litzateke. Produkzio modu kapitalista ez da auzitan jarri, eta eredu estraktibista mantendu ez ezik sakondu ere eginda zenbait herrialdetan. Rocok eskuineko gobernuen ohiko praktika asko errepikatu dituztela nabarmendu du: autoritarismoa, sektore erlijiosoei emaniko boterea edo genero politikak, ustelkeria edo bortxa polizialaren jarraipena. Strozakeren ustez gobernatzearen potentzialitate handienetako bat da herritarren antolaketa eta politizazioa sustatzea, baina ez da egin.

Luismi Huartek dio kapitalismoaren eredu neoliberala gainditzeaz harago ez joatearen zergati nagusia ez dela ezina, baizik eta nahi eza. Venezuelan bai, egon dela saiakera, baina salbuespena dela. Strozakee bat dator: “Gaur egun estatu burgesaren barnean gobernatzea ez da bide iraultzailea, kapitalaren indarra eta langilegoaren desantolaketa direla eta”. “Neguko jauregia hartzeak ez du ezer bermatzen”, dio Rocok. “Munstroa ezin da barrutik eraldatu, zer edo zer berria eraiki behar da”, Morenok.

Kritika ugari badituzte ere, gobernuen lorpenak balioan jarri behar direla uste dute lauek. Baina ez dute uste nahikoa denik. Gobernatzean inposatzen diren murru praktiko zein mentalak apurtzeko, kanpotik eta beste paradigma batzuetatik ere aritu beharra azpimarratu dute. “Kanpotik eta herri mugimenduekin batera ez bada, ezin dira proiektuak erradikalizatu”, dio Morenok Caracasetik.

Herri mugimenduen eta gobernu ezkertiarren arteko harremanak

Mamitsua bezain gatazkatsua da gaia. Mugimendu, pertsona eta tradizio politiko batzuk gobernuekin harremanik izatearen aurka agertzen dira. Alde agertzen direnen artean, aniztasuna handia izanik ere zenbait ideien inguruan adostasun zabala izan ohi da, besteak beste: herri mugimenduek autonomia mantendu behar dutela; gobernuarekiko kritikoak izan eta agenda propioari eutsi behar diotela; gobernuek autonomia eta kritikotasun horiek errespetatu behar dituztela, eta entzuten jakin; adostasun zein desadostasunak eztabaidatu eta konpartitzeko esparru eraikitzaileak sortu beharra dagoela. Bestelako kontua da printzipio orokor horiek eta beste batzuk interpretatu eta praktikatzeko moduak bat etortzen diren.

Praktika teoria baino konplexuagoa eta gatazkatsuagoa izan ohi da. Huarteren ustetan herri mugimenduen eta gobernuen arteko harreman horizontalak ezinezkoak dira, botere asimetria dela eta. Bakoitzaren gaitasunen arabera bertikaltasun maila handiago edo txikiagoa izango da, edonola ere. Baina proiektu askatzaile batek ipar iraultzailea galdu ez dezan herri mugimenduak ezinbestekotzat ditu. Hori dela eta, “zure helburu estrategikoetako bat gobernura heltzean herri boterea indartzea izan behar du”, dio. Ordea, “prozesu gehienetan ez da errespetatu edo ulertu herri mugimenduen funtzio politikoa, kezkagarria oso, eta gobernuaren jarraitzaileak izatea eskatu zaie”.  

Strozakeren ustez, “hauteskundeak irabazteko lehiatzen den alderdi politikoaren eta herria iraultzarako antolatzen duen mugimendu herritarraren artean ezberdintzea oso garrantzitsua da”. Bi espazio horien artean harremana beharrezkoa da, baina ezin du erraza izan. Brasilen, MSTren eta PTko gobernuaren artekoa “ia inoiz ez zen izan harreman lasaia; pozak eta dezepzioak izan ziren”. Rocok dio badaudela ministerioak kudeatzen ari diren mugimenduak, dekolonialitateaz, feminismoaz edo antikapitalismoaz hitz egiten dutenak. “Ikusi beharko da praktika noraino heltzen den, baina interesgarria iruditzen zait”. Morenok ikusi du praktika horietan mugak agertzean gobernuetatik pazientzia gehiegi exijitzen dela batzuetan. “Jendeari esaten zaio ez dela unea, batasuna ezin dela apurtu... Noski, batasuna behar da, baina zeren inguruan?”. Exijentziarekin batera, pazientzia aldarrikatzen du Rocok: “Ezkerrak gobernuetara heltzean zaila da. Jendeak berehalako aldaketak espero ditu, alde bietatik falta da pedagogia politiko apur bat”.

Herri mugimenduak; gobernuak zuzentzen dituzten alderdiak: ziurrenik nork bere gaitasunak idealizatzeko joera biek dute, bereziki aurkakotasunak agertzerakoan. Gotortze jarrera dikotomikoak elikatzeko zaletasuna. Jendarte osoa hartuko duen iraultza lortzetik nahiko urrun daude denak, ordea. Eta dikotomiek faltsutik asko dute beti. Logika instituzionala eta kapitalista edozein alderdik bezain barneratuagoa duten herri mugimendu asko dago―hierarkikoak, korporatibistak, botere zaleak, diru-laguntzen menpe bizi direnak...―; instituzioetan logika herrikoi eta askatzaileetan saiatzen diren pertsonak eta alderdiak ere badaude.

Horrek, ordea, ez du esan nahi lanerako logika eta espazio guztiek eraldaketarako potentzialitate berbera dutenik. Jauregitik kanpokoa beti izango jokaleku interesgarriagoa, ezeren berme ez bada ere. Posible al da jauregia, Estatua edo bere erakundeak boterea berreskuratzeko eta galtzeko erabiltzea aldi berean? Goitik lapurtutakoa berreskuratu eta zentralizatu ―enpresek, nazioarteko egiturek, komunikabideek, inperioek lapurtua―. Berreskuratutakoa beherantz bideratu eta sakabanatu, herri mugimendu eta herritarren eskuetara bideratzen joan. Paternalismorik eta fiskalizazio autoritariorik gabe. Gai al lirateke mugimenduak eta herritarrak boterea jasotzeko logika instituzionalak eta boterekeria erreproduzitu gabe? Venezuelako komunen saiakera bide horretan zijoan. Esperientziaren argi-itzalek beste erreportaje oso bat mereziko lukete.

“Boterea pilatzea oso ona da, bana zirkulatu behar du, deszentratu. Komunaren kudeaketa Estatutik harago”, dio Rocok. Huartek erronka bikoitza ikusten du:“Abya Yalan zein Europan. Alderdiari zentralitate gutxiago eman, eta Estatua beste modu batez ulertu. Bi gako hainbat botere esparru kentzeko Estatuari eta Alderdiari”.

“Iluminatutako abangoardien alde egin da, herriaren kudeaketa eta autoantolaketa bultzatu ordez”. Janaina Strozake
Eskuinak zertan asmatu duen, ezkerrak zertan huts egin

Zer egin du ondo eskuinak gobernuak eta eremu ideologikoa irabazteko ezkerrari? “Ez dio utzi herriarekin zubi komunikatiboak eraikitzeari, izan mediatikoak, izan komunitatea sortzen duten eliza ebanjelikoak”, dio Strozakek. Rocok bi lorpen aitortzen dizkio eskuinari. Batu egin da, eta “kontsumoaren bitartez biztanleriak dominazioa barneratzea lortu du”. Zer egin du txarto ezkerrak? Strozakeren ustetan oinarri-lana egiteari utzi zaio “iluminatutako abanguardien alde egin da, herriaren kudeaketa eta autoantolaketa bultzatu ordez; formazio politikoa, komunitateen eraikuntza...”. Rocok dio Argentinan ezkerraren hausturen arrakaletatik sartu dela eskuina. Eta herrialde gehiagotan aipatzen den beste kontraesan bat mahai gaineratu du: “Ezkerrekin bizitza maila materialaren hazkundea egon da, kontsumo mailarena ere, eta galtzeko mehatxua dagoenean arazoak datoz”. Izan ere, krisi ekonomiko garaian herritar horiek dira hautua ezkerretik eskuinera aldatu dutenak.

Euskal Herrirako ikasgairik?

“Batzuetan Europatik Abya Yalako herri mugimenduen emaitzari begiratzen zaie, gustukoa da, baina borrokaren inspirazio eta energia iturriei gutxi begiratzen zaie”, hausnartu du Strozakek. Marx eta marxismoa aldarrikatzen ditu MSTko militanteak, Europan bezala Euskal Herrian gutxietsia ikusten dituen eraldaketarako erremintak: “Postmodernismoaren garaipena ikusten da, zatitzea, ez da klaseez hitz egiten, ‘sektore sozialak’ dira denak. Aldi berean, feminismoaz edo zaintzaz gurean asko ikasi duela adierazi du. Helburuen garrantzia azpimarratu du: “Zeintzuk dira gure helburuak? Klaseetan banatutako jendarte batean gobernu izan? Edo jendarte berri bat eraiki? Helburuak argi izan ezean, erraza da Gobernu ‘laguna’ izatean dena lortutzat eman eta iparra galtzea. Espainiako Estatuko edo Euskal Herriko alderdirik erradikalenak gobernatzera heltzekotan, bere erradikaltasunetik zenbat bilakatuko da politika erreal estatu burgesaren mugen barnean? Beste galdera bat loratzen da Strozakek luzatutakotik: zenbatetan alboratu dute haien erradikaltasunaren muina ezkerreko alderdiek gobernatzeko lehian aukerak izateko? Zenbatetan egin dute igarobidea, nagusiki euren baloreak jendartean gehiengo bilakatu nahi izatetik, nagusiki jendartearen baloreen arabera eurenak moldatzera?

Venezuela, El Maizal komuna. Estatua barrutik eraldatzea ezinezkoa zela iritzita, komunen aldeko apustu iraultzailea egin zuen Venezuelako Gobernuak, erakundetze paralelo bat helburu.

Abya Yalaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunak asko badira ere, antzekotasunak “esparru subjektiboan” aurkitzen ditu Huartek. Ezkerraren indarra ematen duena baino apalagoa omen da: “Irabaz ditzakezu hauteskundeak, zure proiektua jendartean gehiengoa izatea beste gauza bat da”. Eskuinaren hazkundean ikusten du parekotasuna Rocok, kezka azalduz: “Adi egon beharra dago: Estatu mailan aliantzak sortu behar dira”.

Pausoz-pauso erreformak egitea erreformismoan erori gabe? Posible aldarrikapen eta praktika iraultzaileak denboran luzatzea eta herritarren artean hedatzea, autokontsumoan eta autokonplazentzian erosotu gabe?

Morenok Venezuelako bizipenetik eta Euskal Herriari begira ateratzen duen ondorio nagusia orekaren beharra da: “Herri mugimendu potente batek gobernu baten norabidea markatu dezake. Beste interes batzuen mesedetan bere burua ahultzen badu, ordea, adibidez gobernua sendotzeko, munstroaren aurka borrokatzeko gaitasuna galtzen duzu. Barrutik bakarrik ezin da, kanpoa egon behar du”. Huartek bi gako gehitzen dizkio horri: ezinbestekoak diren gizarte politika birbanatzaileetatik harago joan beharra dago ekonomian EHUko irakaslearen ustez, langileen kudeaketa autonomo edo partekatuen esperientziak aintzat hartuz, besteren artean; burujabetza nazionala berreskuratu behako litzateke, bestetik, eta aldi berean nazioz gaindiko aliantzak ehundu, Europar Batasunari alternatiba emateko.

Gauzatutako zein saiatutako estatu kolpe zuzen zein zeharkako ugarietatik beste irakaspen bat ere atera daiteke, ziurrenik: sistemaren barnean litekeenaren muga beti estuak are gehiago estutu dira azken urteetan. Ez diote gerra Venezuelari egin soilik; baita Lularen Brasili edo Cristina Fernandezen Argentinari ere. Hau da, klase kontziliazio proiektuak eta kapitalismoaren Ongizate Estatu bertsioa ere onartezinak dira egun.

Oreken eta uztartzeen beharra ondorioztatzen da Strozake, Huarte, Roco eta Morenoren hitzetatik. Begirada laburra eta luzea; erakundeen barneko jarduna eta kanpokoa; kritika, autokritika, adostezintasunak eta batasuna; utopia iraultzailea eta gaur eta hemen daitekeena: osagai bakoitza proportzio egokian nahastea ez da erronka erraza. Posible al da pausoz-pauso erreformak egitea erreformismoan erori gabe? Posible aldarrikapen eta praktika iraultzaileak denboran luzatzea eta herritarren artean hedatzea, autokontsumoan eta autokonplazentzian erosotu gabe? Gai izango da ezkerra, gobernuen kudeaketara inoiz heltzekotan, lortutako hori lorpen gehiagoren eta erradikalagoen aldi baterako kanpamentu-base bilakatzeko eta ez kanpamentu definitibo?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude