Zentzugabekeria arrazionaltasunez mozorrotzen denean

  • Ordu aldaketaz idaztea eskatu diogu Mikel Aramendi analista geopolitikoari: “Egia frogatu bakarra da egungo DST sistema hau 1973ko petrolioaren krisiak abiarazi zuela. Eta geroztik, hor dagoela”, dio besteak beste.

Xabier Sagasta

2019ko abuztuaren 09an - 09:23

Aro berrian sartu da Japonia. Enperadore berriarekin, Heisei aroa amaitu eta Reiwa aroa hasi dute munduko hirugarren ekonomia eta teknologia aurreratuenetakoa duten herrialdean. Kontuz, ez da Amateratsu jainko-amaren gauerdiko eztula: egutegia ere aldatu egiten da tenno-arekin batera Japonian. Maiatzaren 1ean hasi zen Reiwa 1 urtea, eginkizun ofizial guztietarako erabili behar dena. Sistema informatiko guztiak egokitu behar izan dira, aro berriaren izena eta datak egoki erabili ahal izateko. Hein handi batean, Akihito enperadore zaharraren abdikazio-prozesua egokitzapen horiek erosotzeko luzatu da. Ematen du guztia nahiko ondo joan dela. Duela 31 urte Showa arotik Heisei arora bat-batean igaro behar izan zutenean gaur egungo teknologia izan balute, batek daki zer gertatuko zen.

Zentzugabe samarra dela hain herrialde aurreratuak horrelako Self inflicted injury-ak nozitzea? Ez pentsa. Eskala apalagoan, baina urtero bi aldiz egiten dugu geuk, derrigorrean, oso antzeko zerbait. Ordu aldaketa deitzen diogu. Gure kasuan, eguzki ordua deituko genukeena –egu-erdia 12:00etan eta gau-erdia 00:00etan izango lituzkeena– baino ordubete gehiagorekin ibiltzetik –neguko ordutegian– eguzkiaren aldean bi ordu aurreratuta –udako ordutegian– ibiltzera pasatzen gara; eta alderantziz. Laster beteko ditugu 50 urte atzera-aurrera horretan, baldin eta jada ozenki entzuten hasi diren amaiera hotsak gauzatzen ez badira.

Onuren “arrazionaltasunera” heltzen gara horrela. Energia aurreztea omen da aldaketa horien helburu nagusia. Zifrak ematen ausartzen denen bat ere agertzen da. Inork inoiz ez du tokian tokiko azterlan erabakigarririk aurkeztu horretaz

Gutako bakoitzak daki aldaketa horiek norberarengan nolako eragina izaten duten. Askori entzun diet kexua eta gutxiri alabantza. Ezinbestekotasunak sortzen duen etsipenarekin men egiten zaiola esango nuke. Hartara egokitzen ahaleginduz. Ordutegia gure onurarako aldatzea omen litzatekeenean helburua.

Onuren “arrazionaltasunera” heltzen gara horrela. Energia aurreztea omen da aldaketa horien helburu nagusia. Zifrak ematen ausartzen denen bat ere agertzen da –gero eta gutxiago–. Inork inoiz ez du tokian tokiko azterlan erabakigarririk aurkeztu horretaz: alde batean aurrezpenen bat kausitu denean, beste nonbait galerak agertzen baitira.

Egia frogatu bakarra da gaur egungo DST (Developmental Systems Theory / Garapenerako Sistemen Teoria) sistema hau 1973ko petrolioaren krisiak abiarazi zuela. Eta geroztik, hor dagoela. Majo aldatu da gure mundua ordutik hona. Tokitan daude orduko tresneria elektrikoaren eta argiteriaren kontrol-sistemak, esate baterako. Nolanahi ere, orduko xedea petrolioa aurreztea zen, eta zeharbidez baino ez energia aurreztea. Gaur egungo elektrizitatekontsumoen eguneroko kurbetan ordu aldaketak eragindako murrizketak kausitzeko fede handia behar da.

Baina fedea ez da falta gure munduan. Ez dugu Amateratsun sinetsiko, baina “arrazionaltasunez” jantzitako edozerk berehala biltzen ditu sinesleak, oinarrizko sen onari iskin egin behar bazaio ere. Adibidez, nola lortzen ote ditugu onura berberak ordua aldatuz guk eta gure latitude berberean dauden florentziarrek, 13-14 graduko aldea –hau da, ordubetekoa, gutxi gorabehera– dugunean longitudean? Eta ez gara hasiko Santiagoko galiziarrak eta Niseko serbiarrak uztartzen... CET ordutegi berbera baitarabilgu denok. UTC+1, Greenwich baino mendebalderago gauden arren, gu behintzat.

Ordu aldaketak gizarte usadioetan eragiten dituen moldaketak berez eta besterik gabe onak direla esaten ausartzen direnak gero eta gutxiago dira. Horren onuradun ekonomiko nagusia izan behar lukeen merkataritzak, eguzkiak jotzen duela ixten ditu ateak gurean behintzat hilabete batzuetan

Ordu aldaketak gizarte usadioetan eragiten dituen moldaketak –udaldian arratsalde luzeagoak edukitzetik eratortzen direnak, funtsean– berez eta besterik gabe onak direla esaten ausartzen direnak gero eta gutxiago dira. Horren onuradun ekonomiko nagusia izan behar lukeen merkataritzak, eguzkiak jotzen duela ixten ditu ateak gurean behintzat hilabete batzuetan. Aldiz, naturarekin estuen lotuta aritzen den lehen sektoreari ez zaio DSTari buruzko hitz onik entzuten inon. Industriari bost axola dio. Tabernentzat ez bada... Goizak (asko) laburtzeak dituen ondorio ekonomiko eta sozialak, antza, ez dira kontua hartu ere egin behar.

Bitxia bada ere, Japoniako enperadorea aldatzean, bertako egutegia ere aldatuz, endredo polita leporatzen jarraitzen zaio Japoniari; duela dozena bat urte neurketa saio serioenetakoa, etxeetako argiteriaren kontsumoa soilik aintzat hartuz. Aurreiritzien aurka, azterlanak ebatzi zuen DSTa ezartzearen guztizko kontsumo-balantzea ezkorra izango zela, aldea oso txikia bazen ere. Eta ordu aldaketarik egin behar gabe jarraitzen dute japoniarrek. Munduko herrialde gehienek –eta handienek– bezala. Eta azken urte hauetan, DSTa darabilten batzuk uzteko asmoa hausnartzen ari dira.

Japoniako egutegiaren kasuan bezala, ez da horren erraza, ordea, aldaketa hori (ez) egitea. Etengabe sareari atxikita dauden gailuek normalean eragozpenik ez balute ere, azken hamarkadatan saldu-erosi dugun tresneria informatikoaren zati mardul bat urtean bitan aldaketa automatikoki egiteko prestatuta dago. Eta norberaren ordenagailutxoan endredo ñimiñoa dena, gorabehera kritikoa bihur daiteke sistema erraldoietan eta haien menpeko zerbitzuetan.

Horrek iraunarazten dio ordu aldaketari, beste ezerk baino gehiago.

(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude