Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

  • Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko Zeruko Argiako artikulu hautatuak irakurriz josi zuen Izagirrek hitzaldiaren haria.

Koldo Izagirre. Argazkia: Dani Blanco

2019ko abuztuaren 12an - 11:59

Besteak beste, gai hauei buruzko iritzi artikuluak entzun genituen: Zeruko Argiako harpidetza pagatzeaz, Unamunoren balizko euskaltasunaz, langile klasearen eguneroko bizimoduaz, euskara maitatzeko zergatiez, “hemen euskaraz hitz egiten da” afixaren ekarpen ustelaz, erdaldundutako herrietan euskaraz irakastearen zentzuaz, eztabaida ideologikoetako poesia faltaz… Izagirrek (ia)osorik irakurri zituen artikuluak, eta entzuleak estimatu zituen artikuluen artean Izagirrek umore finez egin zituen lerro arteko irakurketak.

Zeruko Argian soka luzea ekarri zuten iritzi artikulu bidezko eztabaidak entzunda, ondorio modura Juan San Martinen esaldi hau gelditu zitzaigun bati baino gehiagori buruan iltzatuta: “Euskerazko astekari batek epelkerien lapikoa baino zerbait gehiago izan behar du”

Hitzaldiari izenburua eman zion Gabriel Arestiren artikulu baten pasartea irakurriz (Zeruko Argia, 1964-03-14) amaitu zuen Izagirrek hitzaldia:

“Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara”.

Pasarte honi tiraka, honela biribildu zuen jarduna Izagirrek: “Kultura berri hori umotzen hasia zen eta Arestik berak ere lanak izan zituen, zenbaitetan, asimilatu ahal izateko. Nekez, zalantzaz, kontradikzioz, aurrerapusoz eta atzerajauziz, bazetorren euskalduntasun modenoaren hedatzailea izan genuen 1963 hartatik aitzina Zeruko Argia aldizkaria: Euskal Herriak ‘hontan iraun ez dezan’ saiatu zen sutsu garai hartako gazteriaren multzo kontzientziatua”.

Eztabaidarako atalak eta iritzigileak

Zeruko Argiak eztabaida sustatzeko izan zituen atalak ezagutu genituen Izagirreren hitzaldiaren bidez, eta atal haietan idatzi zuten sinadurak.

1963an Ezta…baida atala estreinatu zen eta bertan ugari idatzi zuen Eibarko euskaltzaleen nukleoak: Juan San Martin, Serafin Basauri, Imanol Laspiur… beste egile hauen artikuluak ere irakurri zituen Izagirrek: Joxe Azurmendi, Jose Maria Etxaburu “Kamiñazpi”, Gurutz Ansola…

Garai berean Esamesak atala ere egon zen, hasieran Arantxa-k eta ondoren Urreta’tar Miren Arantxa-k sinatua.

1964an Idoyaren egunerokoa atala idatzi zuen Idoia Auñamendi sinatutako batek, “Idoia Estornes suposatzen dut” zehaztu zuen Izagirrek.

1965-1968 artean Gazte Naiz atala izan zuen Zeruko Argiak. Ramon Saizarbitoriaren sei artikulu argitaratu ziren lehen sei asteetan. Izagirreren hitzetan: “Sei artikulu hauek ildo bat markatu zuten, tituluetatik bertatik: Jaiak, atseden / Gazte zarrak / Eginbeharrak / Ez naiz jatorra…”.

Sinadura hauek aurki daitezke Gazte Naiz atalean: emakumeak asko, Garbiñe, M. K. Uranga, Mari-Beltz, Ane Garin, Mari Karmen Garmendia, Arantxa Gurmendi, Maddi, Miren Olarreaga, Begoña Arregi, Itziar Bikendi, Alberdi’tar Miren Itziar, Maria Luisa Olaziregi, Ikerne Irizar, Mirentxu… eta gizonezkoen artean Iñaki Beobide, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Gomiga (Gotzon Garate), Anjel Zelaieta…

1967an Gazte Naiz atalaren barruan beste atal hau abiatu zen: Hemen Gazteagoak. Bertan idatzi zuten 18 urte inguruko gazte hauen artikuluak irakurri zituen hitzaldian Izagirrek: Joxemi Zumalabe, Itziar Bikendi, Antton Santamaria eta Rafa Egiguren.

Rafa Egigurenen artikuluak itzal handiko kultur gizonen erantzun katea ekarri zuten: Gabriel Arestik idatzi baitzuen kontra eginez, eta ondoren Carlos Santamariak, gaztearen alde.

Jarraian irakur ditzakegu Izagirrek bere hitzaldian deskubritu zizkigun iritzi artikuluetako batzuk, gaiez eta idazkeraz oraindik ere egungoak direnak.

Arazo garbi bat

Rafa Egiguren - Zeruko Argia, 1967/03/05

Mutil batekin manteni dut eztabaida bat eta oso interesgarria iduritu zait hemen komentatzeko. Adibide bakar batekin bereala konprenituko duzute haren pentsaera.

– Esate baterako euskai eskolak egitezkerotan –zion– Donostin edo Usurbilen edo... egin behar dira, ez Etxebarrin edo Barakaldon. Hango jendea ez da euskalduna, erdalduna baizik. Haien hizkuntza kastellanoa da, ez euskera. Horregaitik jarri behar dituzute hemen ikastolak, eta ez han.

Zelayeta bururatu zait (karta bat zor dizut), ta konprenitu dut haren lekua. Lan zalla benetan.

Jarraitu dugu eztabaida.

Esan diot, alegia, arras oker zebillela; ikastolak, Barakaldon, hemen baiño gehiago behar zirela; hemen euskera mintzatzen dala oraindik, han berriz, dirudienez, galtzeko zorian dagola. Hitz batez: Hura Euskal Herria dala.
Ihardetsi dit:
– Baiño erderaz hitzegiten balin ba dakite, zergaitik ikasiko dute euskera? Erdaldunak dira, zertarako euskera?
Gauza jakiña da, ta dokumentoen bitartez demostratu diteke, diskusioen bukaeretan, bakoitzak hasieran zedukan ideiakin segitzen duala gehienetan. Noski, gurean ere bai.

Hau dala-ta alegi bat agertu diot Kristoren antzera:
– Hara –esan diot–, hi marxista haiz, ezta?... Baiño munduan, heorrek ba dakik, jende ta jende asko dago marxista eztana. Alaz ere hik, hire pentsaerara biurtu nahi dituk. Eta hor habil... Orduan, marxistak ez ba dira, zergaitik ez dituk paketan usten? Segitu dezatela orain arte bezela... Ordea hik ezetz erantzuten duk; daukakena, dakikena, eman behar dekala diok.

Antzeko zerbait gertatzen da euskaldunekin ere. Hango herria: Barakaldo, Etxebarri... euskal herria da, ta hango jendeak euskaldunak ez badira, beste gertakizun oso luze batzuengaitik da (ez ditut orain kontatuko).

Beraz, arazoa betikoan datza, euskaldun izan edo ez izan.

Marxista euskalduna edo erdalduna.

 

Bilbaoko erdal herritik

Gabriel Aresti - Zeruko Argia, 1967/04/23

Zu, Egiguren mutil gaztea, entzuidazu. Zurekin sartu nahi dut nire burua hizpidean, zure lagun marxista horrekin izan duzun sesioa dela kausa.

Hizpidea sortu nahi dut, ez diskusioa, txit ongi baitiozu diskusioen bukaeretan bakoitzak hasieran zeduan ideiekin segitzen duela gehienetan. Has gaitean hizpidean, atera ditzagun arrazoiak, izan gaitean persona formalak, eta bila dezagun egia. Gauza batez bainago komenzituta, Etxebarriko San Antonio hauzoan bizi diren erdaldunen haurrei euskal eskola batera bultza eta obligatzea deretxoaren kontrako bidegabe bat dela. San Antonio Etxebarriko atera dut hortzera, zuk aipatu duzulako, zuk ekarri duzulako paperera Anjel Zelaieta apaiz gaztearen izena, eta horrekin, toreo gaietan esaten den bezela, zezena koadratu didazu.

Dirudienez, bertan bizi den jentea, ez duzu ezagutzen. «Koreanoak» deitzen diete, mezprezioz tratatzen dituzte, haietzaz burlatzen dira. Nire fabrikan (ez da nirea zentzu burjes batean, alegia!), nire fabrikan bi langile San Antoniotar daude, Orenzio eta Isaias. Biak oso langile finak, oso gizon prestuak. Lehengo egunean Orenzio hurbildu zitzaidan despatxora: «Sr. Aresti, muchos recuerdos de parte de D. Angel». Nire lagunak dira, maitatzen ditut, nahiz eta sarritan haiekin hasarratu behar bainaiz ere. Orenziok lehengo egunean hogetamar mila pesetako frokela apurtu zidan deskuido batean. Apropos egin balu kalea kostako zion, baina deskuido batean egin zuen eta amonestazio batekin libratu zen, hurrengoan deskuida ez dadin. Bestea Isaias; hau palentziarra da jaiotzez. Lehengo egunean hanka bat apurtu zitzaion, eta bajatik dago. Bitartean alaba bat ekarri dio andreak. Crucesera betarik ez dute izan, eta gastuak fabrikak pagatu dizkio, seguruan sartzen ez zitzaizkiolako. Ugazabak eskuak libre utzten dizkit halako kasoetarako.

Ez nauzu konprenitzen, Egiguren? Betitik ibili naiz hoien artean; orain hauzo popular batean bizi naiz, hemen Basurtun. Nire portalean hogetazortzi familia bizi gara. Hiru euskal deitura daude bakarrik, aurreko transportista txorierritarra, beheko erlojeru donostiarra, eta ni... Hirurak andre gaztelatarrekin ezkonduak.

Hau ez da euskal herria. Hau erdal herria da. Lehengo egunean gure artean egon zen Xesus Alonso Montero gallego idazle haundia. Hau esan zigun: «Llegamos al convencimiento de que Bilbao es una ciudad castellana, y podemos empezar a comprender el problema vasco».

Nire erdal soneto bat honela hasten da:
La voz no dice nada, solo chilla.
Es el pueblo de Uribe empobrecido; acá y allá nacido.
Mas allá de portales ve la villa.
Desarrapada Miravilla,
Neguri embrutecido, Deusto adormecido,
Esto ya no es Vasconia; ya es Castilla.

Gaur egunean Bilbao, Etxebarri eta Barakaldo erdal herriak dira. Hemen euskaldun batzuk bizi gara; gure haurrentzat euskal eskolak eskatu behar ditugu (ez hortik ikusten diren ikastola burjesak), hori izanen baita gure libertatea. Ukatzen dizkigutenak izen erreza dute. Baina kalearte honetan dauden erdaldunentzat euskal eskolak zabaltzea, eta bertara erdaldun umeak bortxatu eta behartzea, hori faszismoa da.

Hemen batzutan txistuaren hotsak entzuten dira, baina ez hain sarri. Larunbat eta igande gauerdiero lotara noan orduan kalerik kale entzuten dudan soinua ez da txistuarena, gallego gaitarena baizik. Masustegiko estratatik gora ez dakit zenbat gallego bizi diren. Egun batean euskaldun mutil batzuk (ez dakit hain seguru euskeraz zekiten), euskotar etzale batzuk, gaita apurtu zioten gallegoari, inolako makilaldia eman ondoren. Ermuan hamar mila gallego bizi omen dira, eta bakarrik bi mila euskaldun.

Asko maitatzen dut euskera; asko maitatzen dut nire sorterria; baina are gehiago gizonaren dignidadea. Nire burua ez nuen jarriko gallegoari gaita apurtu ziotenen lerroen artean; nik gallegoa defendituko nuen.

Arrazoi berorrengatik Ermuko gallegoen haurrentzat eskola gallegoak zabalduko nituzke. Arrazoi berberorrengatik, ez nituzke Barakaldoko eta Etxebarriko haur erdaldunak euskal eskoletara obligatuko.

Nahiz eta horretarako nire arrazaz, leinuaz, hizkuntzaz, herriaz eta askaziaz ukatu behar dudan. Maiteago izan behar baitut erdal gizon bat, ezen ez euskal piztia basati bat.

 

Gabriel Aresti, adiskide ta idazle ospatsuari

Carlos Santamaria - Zeruko Argia, 1967/04/16

(…) Adixkide jator ori: gizonetan argi ta garbi jardun bear da beti. Zure azkeneko idazkia “Bilbaoko erdal herritik” izenekoa, Egiguren gazteari jarria, etzait gustatu. Nere ustez,  sofisma batzuk sartu dituzu, sail ortan bertan. (Barkatu, adixkidea, obe bearrez nabilkizu). Enaiz sartuko idazki onen buru-buztan guztietan, jakiña. Gauza bat besterik ez dizut aitatuko nere desakortea jakin arazteko.

Zure erderazko sonetoa ederra baiño ederragoa iduri zait. Bere ritmoa, bere soiñua, oso pollita da, benetan. Ez, berriz, bere argumentoa.
Zuk au diozu zure sonetan:
La voz no dice nada, sólo chilla.
Es el pueblo de Uribe empobrecido; aca y alla nacido.
Mas alla de portales ve la villa.
Desarrapada Miravilla,
Neguri embrutecido, Deusto adormecido,
Esto ya no es Vasconia: ya es Castilla

Ez gizona, ez. Erri bat txirotua, lotua, zarpailla, astotua, gorria dalako, Castilla izango da? Nundik atera dezu Castillaren iduri ori? Barkatu, baiñan zure silojismoa ezin onartu det. Castillaren aldetik nik protestatu bear det agerpen orren kontra.

Nik, erdi gaztelar naizen aldetik –nere aita zana alde ontara Burgosetik etorri zan, ogei urte zituela 1874 urtean– ezin permititu dizut orrela mintzatzea.

Begira, Gabriel adixkidea, zuk soberaz dakizun bezela, zu bizi zeran erria ez da Castilla iñolaz ere, euskal kapitalismoak Euskalerri biotzean sortutako mostruo bat baizik. Nahaste-borraste izugarri bat, arimarik gabeko gorputz bat da, zuk diozun erria.

An-emendik etorri diran jendeak bere lurra laja dute, betirako utzi, eta beste lur  baten billa etorri dira. Biarko egunean, beren seme-alabak euskaldunak sentituko dira, zortzi izenak euskaldunak dituzten askok baiño geiago. Eta guk, Euskalerri ontan orain bizi geranok, zer eskeintzen diegu, zer eskeiñi ahal diegu? Nai ta naiez lur berri bat, txoko berri bat, berotasun berri bat.

Nundik atera dezu, Aresti adixkidea, iñork jende orri euskera bortxaz eta indarrez erakutsi nai dionik? Orrelako gauza pentsatu ere, zeñek egin du?

Nik au esaten dizut. Kanpotar oien seme-alabak eunaka etorriko dira, eunaka, euskera ikastera, naiko euskal eskolak izango diran egunean.

Gizonek, gizon guztiek, lur baten amorea bear dute, zugaitzak ta plantak bezela. Lurrik gabe ez da egiazko bizirik. Biarko edo etziko egunean, jende orren seme-alabak, ojuka eskatuko dute euskal kutsua. Baldin jatorrizko euskaldunak ortaz ez bazitzaien mintzatzen, arriak ta odeiak mintzatuko zaizkie. Eta euskaltasun berri bat sortuko da bere biotzetan.
Nere ustez, Egiguren gaztea ain oker etzebillen.

Motorraren Gañean (Bilbo egaleko historioak)

Angel Zelaieta - Zeruko Argia, 1967/06/11

Gaur arratsaldean Bilboraño allegatu naz pelikula bat ikustera. Eguzki epela, giro biguna, arratsalde gustagarria… Ta ni motarraren gañean Bilboruntz; lenengo burdibide batetik behera, gero karretera yeneralean zear, motor gañean, Bilbora, zinea ikustera.

Pelikula polita izan da; ezta egon yente askorik; eta egoan yentea denpora-pasa sartutala zala zirudian. Begira nengoan begira, baña nere errikorik, Bilbo egal onetakorik, ez egoan iñor!

Gero barriro motor gañean, guanteekin, kaskuarekin eta bakarrik Bilbo egal onetara itzuli naz, behetik gora burdibide baltz batetik.

Nere barruan beste persona bat egoan ta ni kamiñoari begira txofertzen nentorrela, barrutik preguntaka egoan:

– Ba al daukak deretxorik olan alaiki ta zinera yuateko, ireak lanean triste diarduenean; ire umeak zikin xamar yantzirik, barrio zikin orretan, yoko zikinak egiten diarduen bitartean; ire barrioko andrak ontziak garbitu ondoren, etxeaurrean eguzki epeletan erropa zaharrak erreparatzen diarduen bitartean…

– Ba al daukak deretxorik ire yentea “ertzean” bizi dan bitartean i ortik zear alaiki, kamiño barrietan zear, zinera yuateko…

– Ba al daukak deretxorik ire yentea barrio triste batean buruak eta soiñak triste yantzirik dituen bitartean, i uri dotorera, zine elegante batera motor gañean yuateko…

Nere barruan etorren persona ori oso kargantea da; banengoan ardaua eskeiñi, mozkortu ta ixildu eragitekotan be, baña ezta olan izan.

Pentsatzen yarri naz, ta nere yenteak berak egin ta beretzat dan zine bat zelan egingo pentsatzen lokartu naz.

Angel Zelaietaren bi artikulu irakurri zituen Izagirrek. Bata, Illuntzian eta bestea, hemen irakur daitekeen Motorraren Gañean. Publikoaren gogoan iltzatu ziren bi artikulu hauek. Zeruko Argiaren ‘Gazte Naiz’ atalean idazten zituen artikuluak, “Bilbo egaleko historiak” azpitituluarekin.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude