"Jasangarria eta etikoa al da haragia jatea?"


2019ko abuztuaren 09an - 11:57

Batzuetan jende bat galdezka datorkigu ea zergatik eskaintzen ditugun informazioak begetarianismoaz, beganismoaz eta abelazkuntzaz. Ez ote da kontraesankor samarra? Guk ez dugu hala uste, zeren eta gure asmoa da a) laguntzea kontsumitutako haragi kopuru totala murrizten, eta b) laguntzea jendeari bizimodua ateratzen baserri txikietan, eta hau askoz zailagoa da –ez denean ezinezkoa– abererik gabe.

Mundua bihar begano bihurtuko balitz, zenbateraino zailduko litzateke bizimodua baserritar txiki ekologikoentzako?

Beren aukerak murriztuta ikusiko lituzkete duda barik eta gutxitu egingo litzateke baserritar txikien kopurua. Funtsean murriztuko lirateke beren aukerak merkaturako ekoizteko eta behar bada beste zenbait gauza goxo ekoiztekoak ere bai, perretxikuak esate baterako. Azken finean, esan nahiko luke ezingo zenukeela etxalde txiki bat mantendu lurra goldatzeko modukoak ez diren eremu oso ugaritan.

Eta baserritar txikiei zenbateraino zailduko litzaieke bizimodua ateratzea soilik landareetatik? Askoz lan gehiago egin beharko lukete diru sarrera txikiagoen truke?

Hori da nire iritzia. Hori oso garbi ikusten da hemen, Monkton Wyld komunitatean. Hemen nik, lanaldi baten parte batekin, ekoizten dut esnekia den guztia –hau da, esnea, yogurra, gazta– gehi saltxitxa produkzio bat; eta hori 30 pertsonarentzako egunero, bataz beste. Aldiz, baratzeak bi pertsona dauzka lanean eta hala ere ez gara barazkitan buruaski izatera iristen, urrundik ere. Nabarmena da nola askoz lan gutxiagorekin elikagai gehiago ateratzen zaien animalien produktuei.

Nahi nuke ulertu zenbateraino zailduko litzatekeen bizimodua laborari txikientzako baldin eta ez balute aukerarik abereen produktuak ekoitzi eta saltzeko, behartuta lehiatzera laborantza industrialeko erraldoiekin.

Soroak egiteko lur oso onak ez dauzkaten baserritar txikiak ziurrenik negoziotik kanpo geratuko lirateke. Azokarako barazkigintzatik irabazi dezakezu bizimodua, baina horretarako zure lurrak laborantzarako oso kalitate onekoa behar du izan, ordokia, lurzoru onekoa, ez hezeegia, eta abar.  Baina animaliarik gabe biologikoan ari den baserritar txiki bati askoz zailagoa litzaioke bizirautea kimikoekin ari den laborari bati baino, ez lukeelako simaurrik edukiko bere lurrari emateko –diru sarrera txikiagoak edukitzeaz gain–. Laboreak biologikoan ekoizten dituzten gehienek, esaterako, abereak ere badauzkate, hauturik burutsuena hori delako. Aldiz, kimikoan ari diren nekazari gehienek ez dauzkate zeren eta nitrogenoa erabiltzen baitute, erregai fosilez egina, eta lurzorua eraikitzen ez duena.

Fruitu arbolak baldin badauzkazu zure baserri txikian eta abereak ere bai, arbolapeko belarra da zure lehenbiziko uzta: arbolek ez dizute fruiturik emango menturaz iraila arte, baina ekainerako uzta bat daukazu abereak elikatzeko belarrarekin, ordura arte arbolek hosto askorik ez edukitzeagatik eguzki guztia baliatu ahal izan duelako. Horrek ere zure etekinak handitu eta bizirauten laguntzen dizu. Aziendarik ez baldin badaukazu, orduan arazo bat daukazu: belarrak segaz moztea eskatzen du –edo okerrago dena, botikaz hiltzea– eta ez daukazu abererik zure arbolak ongarritzeko.

Britainia Handi gehienean, animaliarik gabe ez zinateke gai izango bizibidea irabazteko baserri txiki batetik. Horretarako goldatzeko moduko lur onak eduki beharko zenituzke. Eta orduan ere, goldatzeko lurrak dauzkan baserritar txiki bat baldin bazara zailagoa izango zaizu lehiatzea nekazaritza industrialarekin etxalde mixtoa daukan baserritar txikia baldin bazara baino, tamaina handiko etxaldeetan makinariak eta kimikoak erabiltzen dituztelako. Haragirik ez ekoiztekotan, askoz baserritar txiki gutxiago egongo lirateke –alde batera utzita azokarako ari diren baratzezainak– eta nekazaritza askoz gehiago industrializatuko litzateke.

Zure liburua aipatu dituzuna bezalako argudioz beteta dago. Zure ustez zein da eskaintzen duen ondorio nagusia?

Erakutsi dut munduko haragi eta esnekien %50 inguru ingurumenarekiko eragin handiz ekoizten direla, aberea elikatuz soroetan hazitako laborez, sistema oso ez-efizientea. Baina beste aldetik, landareki pila izugarri bat dago –landareak ekoizten berezitutako nekazaritzaren azpi-produktuak– gizakiok jaten ez ditugunak. Beraz, alferrik galtzeko jakiak dira –janarien hondarrak, eraldaketa prozesuetako hondakinak, hondatutako uztak, uzten soberakinak, goldatu ezin diren eremuetako landarekiak…– eta zentzurik ez du horiekin abereak ez elikatzeak. Zeren eta abereek simaurra ekoizten dute, lurraren emankortasuna bermatzen duena, eta kalitate handiko jakiak ere ematen dizkigute noski. Zentzurik ez du animaliak ekuaziotik kanpo uzteak.

Horren guztiaren gainetik, urte txar batean aski labore izango dela segurtatzeko, urtero plus bat uztatu beharra daukazu, horri deitzen zaio elikagai biltegia. Aziendek elastikotasuna dakarkiote elikadura sistemari. Ez balego aziendarik –edo beste zerbait, alkohola adibidez– zure gari, garagar eta beste labore soberakinak metatzeko, orduan jendeak ezingo luke nahikoa bildu urte txar batean eta horrek ekarriko luke uzta txarretako urteetan gosete arriskua handiagotzea jende askori. Arrisku hori saihesteko, labore soberakin bat sortu behar duzu urtero eta hori lortu duzunean, erabiltzeko modu eraginkorrena da horrekin abereak elikatzea. Ginebra ere egin zenezake, edo zure autoan erabili, baina modurik eraginkorrena urrundik ere da aziendak harekin bazkatzea, aukeran esnetarakoei, edo txerriei. Hala ez egitea, alferrik galtzea da. Zeren eta haragia eskuratzen duzu oso ingurumen eragin txikiarekin, nekazaritza sistemaren azpi-produktu bat delako.

Zu kritikoa zara haragi industrialaren sistemarekiko. Esango zenuke okela gehiegi jaten dugula?

Bai. Uste dut herrialde industrialetan gaur jaten dugun haragi kopurua heren batera jaitsi beharra dagoela baldin eta gelditu nahi badugu abereak laborez elikatzea –alde batera utzita lehen aipatzen nuen urte txarretarako gorde beharreko soberakin hori–.

Guk hartzen dugu saski batean haragi ekologikoa Yorkshireko baserri batek zerbitzatzen diguna. Robek, baserritarrak, esaten dit haragi kontsumoa denetan jaisten bada, haragi gutxiago jango duen edo okela erabat utziko duen jende hori bera dela normalean polilaborantzan ari diren baserritar txikiei erosten diena. Beraz, baserritar txikiek nozituko luketela kaltea baina granja industrialei ez liekeela eragingo.

Arrazoi ematen diot. Begano bilakatzen baldin bazara, alde batera uzten duzu haragi industriari presio egin eta abeltzaintza duin bat sortzeko daukazun indarra. Soilik haragi jasangarri bat kontsumitzen baldin baduzu –eta ni bezala beste askok aldarrikatzen dugu ez jatea granja industrialetako haragirik– orduan zu ere sortzen ari zara okela duin baten eskaria, eta prest zaude horren truke gehiago ordaintzeko, honela pizgarriak emanez baserritarrei haragia gizatasun handiagoz eta ingurumen eragin txikiagoz ekoitz dezaten. Baina okelari erabat uko egiten baldin badiozu, orduan ez duzu inolako eskaririk sortzen aipatutako produkzio duinarentzako, eta hori, lehen azaldu dizudanez, ez da batere ona ingurumenaren ikuspegitik.

Ados nago, ni ere, baina Robek esan ohi dit mezu honi arreta egiten dioten bakarrak direla gaiaz kezkatzen direnak, gehiengoak ez daukala arazorik granja industrialetako haragia jatearekin eta ez zaiela mezu hau axola.

Uste dut ideia hauek ari direla zabaltzen, kostata izan arren. Esate baterako, laster Britainia Handiko komertzioetan ez da egongo libre hazitako oiloen arrautzak baizik. Oiloak kaioletan edukitzea gauza txarra dela gero eta onartuagoa dago. Beraz, gauzak aldatzen dira.

Beganoei beste gauza bat esango nieke: mundua bihar bertan begano bihurtuko balitz, ezingo genukeela ehizatu ez untxirik eta ez oreinik –hauek berezko ehiztaririk ez daukate Erresuma Batuan–, edo ezingo genituzkeela abereak bazkatu fruitarbolen artean, edo basoetan, eta horregatik are habitat natural gehiago bihurtu beharko genukeela soro, labore eta barazkiak ekoizteko.

Eta ziurrenik horrek ere esan nahiko luke gure janarietatik askoz gehiago egongo ginatekeela atzerritik inportatzera behartuak: soiaz egindakoak, platanoak, kokoak, arroza, eta abar.

Eta utziko bagenio arraina jateari –zenbait herrialdetan arrainak osatzen du jendeak ahoratzen duen proteinaren zati handi bat– askoz landa lur gehiago beharko luke laborantzak proteina horiek landarez ordezkatzeko, eta honek ere esan nahi du habitat naturalak murriztea.

Egia da. Askoz lur eremu gehiago goldatu beharko litzateke gizakien janaria ekoizteko. Baina uneotan, laborantzako lur pila bat erabiltzen da abereentzako bazka ekoizteko. Beraz, [abereentzako bazka beharra kenduta] askoz lur gehiago geratuko litzateke erabilgai eta honek arinduko luke habitat naturalen aldatu beharra. Zalantzarik gabe, erabat dieta beganoan biziko bagina, lur gutxiago beharko genuke geure buruak elikatzeko. Baina larrean bazkatutako aziendek eragin onuragarria daukate lurrean. Belardian oinarritutako ekologia biziarazten dute, beti izan da horrela, belarjale basatien talde handiengatik, baina horrelakorik ez da gehiago gaur, ez bederen herrialde garatuetan. Behar duguna zera da: zuhaitz, belaze eta soro goldagarriz osatutako nahasketa txukun bat. Ez baldin badaukagu aziendarik, ezingo dugu horrelako nahasketarik eduki, ez badugu jokatzen suteekin edo erregai fosilekin eta makineriarekin. Eta hori zertan eginik ez dago. Abereek askoz eraginkortasun handiagoz egiten dute: beste edozerk baino hobeto egiten dute biomasa uztatu eta lurra ongarritzea.

Esperientziatik dakigunez, beganoek ziurrenik erantzungo dute ekologiak oso ondo egiten zuela hori bere aldetik gizakiek oihanak eraitsi aurretik belardiak sortzeko… ala hori ez zen ekologia “ona”?

Gizakien aurretik ere baziren belardietan bazkatzen ziren abereak, eta beti egon da “gerra” bat –hala deitu nahi baduzu–zuhaitzen eta belazeen artean. Zuhaitzek konkurrentzia egiten diete belazeei itzala emanez, eta belardiak konkurrentzia zuhaitzei lurra estaliz zuhaitz hazirik bertan ez hazteko adina. Belazeak hori lortzen du abere belarjaleekin elkarlanean, zeren eta hauek belarra janez sortzen dute halako alfonbra gogor bat zuhaitzek eta zuhaixkek zeharkatu ezin dutena. Ezkur bat botatzen baduzu soropilean, ez da erneko, ez baitu aurkituko modurik lurzoruraino iristeko, lehenago iritsiko da abereren bat eta janen du ezkur hori.

Gizakiak ez zituen asmatu bazkatzen diren abereak, domestikatu besterik ez zituen egin.

Zer pentsatzen duzu argudio moralaz, alegia, gaizki dagoela abereak haztea edo izaki sentsible bat (sentitzen duen izaki bat) hiltzea?

Iruditzen zait estukeria moral (moral squeamishness) kontua dela, benetan. Animali gehienen amaiera –baita gailurreko predatzaileena ere– da beste batek jana izatea noizbait, zahartu edo gaixotu direnean. Ez dut onartzen ere animaliek gutxiago sufritzen dutenik basatiak direnean abelazkuntzan baino. Abeltzainek zaindu egiten dituzte animaliak. Animaliek ematen dituzte okela, esnekiak, arrautzak eta baita lurrarentzako ongarria ere, eta abeltzainak bermatzen die bizimodu txukun bat, neguan elikatuta dauzka eta heriotza azkar bat ematen die. Horiek ezin dira bermatu bizimodu basatian.

Adibide bat jartzeko, basurdeek urtean 5 edo 6 kume hazten dituzte. Guztiak bizirik iritsiko balira heldutasunera, luze baino lehen mundua gainezka legoke basurdez. Baina denek ez dute bizirik irauten, inondik ere. Basurde kumeen %90 heldutasunera iritsi aurretik hiltzen dira. Horrela funtzionatzen du naturak: kume soberakin izugarria sortzen du eta horietatik gehienak edo predatzaileek jaten dituzte edo hiltzen dira gaixotasunez edo gosez. Gizakiak egiten duena da abereei bermatzea beren kumeak elikatuko dituela hiltegira bitartean, eta orduan heriotza azkar eta minik gabea izango duela. Ez dituzte hilko predatzaileek, zeinek sarritan ematen dizkieten izuzko minutu luzeak, eta ez diete utziko hiltzen oinazez edo gaixotasunez edo gosez. Animalia basatiek nozitzen dituzten beldur, agonia eta izuak oso urrun daude etxaldeetako animaliek bizi dituztenetik. Hau ez onartzeak, nire ustez, zerikusi handiagoa dauka norberak dauzkan sentsibilitate moralekin animalien ongizatearekin baino. Hau dena esatean soilik ari naiz animaliak kaiolarik gabe eta gizatasunez hazten dituzten abeltzain txikiez, ez nekazaritza industrialaz, honen kontra nago eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude