AEB

“Presoek eta preso ohiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko”

  • Elaine Brown elkarrizketatu dugu Bartzelonan, Literal Liburu eta Ideia Erradikalen Azokan. 1974-77 bitartean Pantera Beltzen Alderdiko presidente izandakoak gaztetan bezain irmo jarraitzen du, hitzak ez baizik ekintzak behar direla aldarrikatzen.

Argazkia: Oriol Clavera.Argazkia: Oriol Clavera.

Beti esan izan duzu “gure helburua beltzen askapena lortzea zen, ez berdintasuna legearen aurrean, sistema bere horretan onartzea esan nahi baitzuen horrek”. Ikuspegi horretatik abiatuta nola baloratzen duzu Black Lives Matter mugimendua?

Lehenik eta behin esan beharra daukat ez dela mugimendu bat, ez dakit zergatik esaten dioten mugimendu. Zerk adierazten digu traola horren atzean mugimendu bat dagoenik? Baina, ekimen antolatu bat balitz ere, zein dira haren helburuak? Haietako gehienek Hillary Clinton babestu zuten. Nola babes dezakezu Clinton, beltza izanik? Poliziaren basakeriaren aurkako ekimen gisa hasi zen eta horixe da. “Eskuak gora, ez tiro egin” bezalako leloak erabiltzen dituzte, baina non dago pentsamendu iraultzailea hor? Beraz, ez dut aldaketa sakon baterako ezer ikusten hor, ez ekintzarik ez programarik.

Era berean, feminismo liberala ere kritikatu duzu.

“[AEBetako feminista liberalek] beirazko sabaia hautsi nahi dutela diotenean esan nahi dutena da enpresa-munduan parte hartu nahi dutela, eurek ere berdintasuna izan dezaten beste pertsona batzuk zapaltzeko, emakumeak barne”

Tira, ez dakit hori zer den, baina mugimendu feminista-edo delakoa, AEBetan, ideal zuri burgesen menpe dago. Eskubide erreproduktiboei buruz hitz egiten dizute, baina familia-plangintza eman zigun Margaret Sanger nor zen gogoan hartu gabe. Eugenesiaren aldekoa zen, populazio jakin batzuk ezabatzearen aldekoa, eta abortatzeko lehenbiziko klinikak non eta Harlemen zabaldu zituen.

Bestalde, beirazko sabaia hautsi nahi dutela diotenean esan nahi dutena da enpresa-munduan parte hartu nahi dutela, eurek ere berdintasuna izan dezaten beste pertsona batzuk zapaltzeko, emakumeak barne.

Eta mugimendu horretan ez duzu emakume beltzik ikusiko, eta latinorik ere ez, gutxi batzuk kenduta. Emakume zurien mugimendu bat da berez, bai lehen, bai bigarren, bai hirugarren olatuetan.

Ez duzu uste, halere, badirela emakumeok borrokatu beharreko eskubideak?

“Emakume beltzak dira mundu osoko talderik pobreena. Eta inork ez du hitz egiten horiei buruz, AEBetan beren seme-alabak zaintzeaz arduratzen diren emakume pobreei buruz hitz egiten ez den bezala”

Jakina, horrek ez du esan nahi ez dudanik uste badirela emakume pobreek eta beltz eta latinoek bereziki jasaten dituzten zenbait gai, emakumeon arazo gisa aurre egin beharrekoak. Adibidez, emakume beltzak dira mundu osoko talderik pobreena. Saharaz azpiko Afrikan, adibidez, gizon beltzak baino pobreagoak dira leku guztietan. Eta inork ez du hitz egiten pertsona horiei buruz, AEBetan beren seme-alabak zaintzeaz arduratzen diren emakume pobreei buruz hitz egiten ez den bezala. Eta feminista liberal horiek bultzatzen dutena beren bizi-estiloa da. Beren baloreak hedatu nahi dituzte, pentsaera burges tipikoak egin ohi duen moduan, uste baitute berek pentsatzen dutena dela zuzen eta egokia.

Bill Clintonek onartu zuen Laguntza Sozialen Erreformarako Legean ederki ikusten da hori. Erreforma horrek emakume pobreak kriminalizatu zituen, eta jendeak haren alde bozkatu zuen, pentsatuz emakume beltzei eragingo ziela gehienbat. Baina laguntza sozialetatik bizi diren gehienak zuriak dira, haiek baitira gehiengoa AEBetan. Lege horrek emakume pobreen kriminalizazioa ekarri zuen, osasun-arretarik gabe utzi zituen emakume horien haurrak eta feministek ez zuten txintik ere esan.

Eta hemen garrantzitsuena da galdetzea ea zein diren emakumeen kezka nagusiak. Gizonen berdinak izatea al da gure kezka? Tira, nik ez dut Afganistanen jendea hiltzen dabilen jeneral baten berdina izan nahi. Baina kezkatzen nau nire bizitzeko aukerak mugatuta egotea emakumea naizelako eta ezin dirurik irabazi ahal izatea nire seme-alabez arduratzeko emakumea naizelako.

Argazkia: Oriol Clavera.

Zer deritzozu #MeToo ekimenaz?

#MeToo mugimendu hori Hollywood-eko ebento moduko bat da, eta hortxe ikusten dituzu emakumezko aktoreak kexuka halako gizonek bi milioi jaso dituelako eta berek milioi bat bakarrik. Eta, bitartean, ez dute ezertxo ere esan egunero bizitza aurrera ateratzen saiatzen diren kaleko emakume arruntez. Eta, bestalde, bortxatutakoak zuriak direlako izan du halako oihartzuna kontu guztiak. Emakume zurien biziak garrantzitsuagoak dira, argi eta garbi, emakume beltzenak baino, eta inork ez du horretaz hitz egiten.

Edonola ere, feminista naizela diot, bai, nola ez naiz bada izango, emakumea naiz eta! Zapalduta nago emakume gisa, beltz gisa eta pertsona pobre gisa. Egia da badaukadala etxe duin bat eta jateko adina, baina, azken batean, ez daukat kontrolik emakume gisa, beltz gisa eta gizaki gisa baldintzatzen nauten gauzen gainean.

Eta zein zen Pantera Beltzen jarrera feminismoaz?

Pantera Beltzek oso jarrera sendoa hartu zuten emakumeen askapen mugimenduaren eta borrokaren alde, eta berdin gay askapenaren alde ere. Emakumeen askapenaren alde geunden, emakumeok askatasuna izan genezan geure patua definitzeko, geure patua ez zedin baldintzatuta egon gizon batekin ezkonduta geunden edo ez arabera. Emakume askok, gizon batekin ezkondu ezean, ez baitzeukaten bizitzeko nahikorik, eta, beraz, soziala den auzi hori guztiz ekonomikoa da aldi berean.

Beste mugimendu iraultzaile batzuek ez bezala, Pantera Beltzek garrantzi handia eman zioten lumpen proletariotza delakoari, “iraultza gidatzeko sektore motibatuena” zirelako, zure hitzetan. Alderdiak jende hori heztea eta politizatzea erabaki zuen. Nola lortu zenuten “ghettoko amorrua ekintza iraultzailea bihurtzea”?

“Lumpen proletariotza Lurreko zaborra ziren Marxentzat, berak langile-klasea baloratzen zuelako. Eta esklabuak ez zituen soilik beltzez osatutako klase berezi gisa ikusi. Langile-klase bat osatzen zuten, baina soldatarik gabe”

Hogei urte daramatzat espetxean dagoen eta espetxetik ateratako jendearekin lanean. Nire iritziz, haiek dute potentzialik handiena iraultzaren abangoardia izateko. Jakina, masek ere bat egin beharko dute uneren batean, baina gainerako jende guztia sistemari lotuta dago. Lanpostu bat daukate edo nahi dute. Beste hauek aldiz ez dute lanposturik nahi, ez dira sistemaren parte, ez zaie gustatzen, eta polizia gorroto dute. Arriskatu egin dira bizitzan eta, beraz, potentzial handiagoa daukate egunero lanera doan pertsona batek baino, bere telebistarekin eta Disneylandeko oporraldiekin.

Bestalde, eta Marxek huts egin zuen horretan beltzekiko, lumpen proletariotza Lurreko zaborra ziren Marxentzat, berak langile-klasea baloratzen zuelako. Eta esklabuak ez zituen soilik beltzez osatutako klase berezi gisa ikusi. Langile-klase bat osatzen zuten, baina soldatarik gabe. Eta, beraz, Marxen definizioari jarraiki, haren garaiko proxeneten parekoak lirateke egungo droga-saltzaileak. Horixe baita AEB beltzean daukaguna. Lanpostu bat edukita ere, beltz gehienek ez daukate proletariotzaren masa handiko kide izateko adina dirurik, eta trapitxeoan ibili beharra daukate.

 Elaine Brown –ezkerretik lehena–, ondoan Huey Newton duela, Pantera Beltzen sorreretan. Argazkia: Bettmann/Corbis

Munduko preso kopuru handiena duen herrialdea dira AEBak, 2.120.000 presorekin. Nola iritsi zarete egungo egoerara?

Espetxeratuen kopuruan eta espetxealdiaren iraupenean izandako gorakada fenomeno berri samarra dugu, gaizkile errepikariak zigortzeko Bill Clintonek 1994an onartu zuen lege baten emaitza. Lege horren arabera, hirutan zigortua izateak biziarteko zigorra zekarren automatikoki.

1994-2004 bitartean bikoiztu egin zen preso-kopurua. Erdia beltzak, biztanleria osoaren %13 izan arren. Kontua ez da beltzak espetxeratzeko plan bat dagoenik: zerbait automatikoa da 1865az geroztik, sheriff-departamentuak ihes egindako esklaboak harrapatzeko sortu baitziren. Eta ikusten dugu hemen denek ateratzen diotela etekina sistema horri, eta beltzak beti azpian. Thomas Jefferson Independentzia Aldarrikapenaren egileak ederki azaldu zuen ikusmolde hori. Esaten zuen beltzak zuriak baino gutxiago zirela, bai gogoaren bai gorputzaren dohainetan, desatsegina zela haien kolorea, eta kiratsa zeriela, eta, beraz, gizakien mailara iristen ez zirenez, haiek ez ziren gizakiak esklabo bihurtzen ari. Horixe izan da AEBen oinarria, 1710az geroztik.

Azalduko diguzu zertan datzan espetxe-konplexu industrial arrazista?

“Presoek irabazi handiak sortzen dituzte, haiek edo estatuak gastatzen duten dirutzaren bidez. Jende pila bat ari da dirua irabazten espetxeen kontura”

Presoek irabazi handiak sortzen dituzte, ez bereziki fabrikatzen dituzten gauzen bidez, haiek edo estatuak gastatzen duten dirutzaren bidez baizik. Espetxean denetik daukate: telefono-deiak, bideo-deiak, arropa, janaria… denetik eros dezakete, baina kalean baino askoz garestiago. Eta sosik ez daukatenez, kalean inongo etekinik sortuko ez luketen preso horiek berek izugarrizko gastua eragiten dute. Kaliforniako estatuak, adibidez, 70.000 dolar gastatzen ditu presoko urtean.

Egia da preso batzuek musutruk lan egiten dutela. Errepideak garbitzeko erabiltzen dituzte, lorategiak atontzeko, altzariak egiteko… eta ez diete ezer ordaintzen, edo oso gutxi. Eta espetxe-konplexu industriala konplexu militar industrialaren pareko zerbait da, baina presoekin. Jendeak uste du espetxe pribatuei lotuta dagoela gehienbat, baina ez, estatuaren jabetzako espetxeei lotuta dago sistema hori. Langile pila batek egiten baitu lan bertan. Kalifornian, adibidez, espetxezainek 100.000 dolar irabazten dute urtean. Zuk uste duzu espetxe-sistema desagertzea nahiko dutela? Eta langile horiek beren sindikatuak dituzte espetxezainek beren lanpostua galtzen ez dutela ziurtatzeko. Eta zein da daukaten merkantzia nagusia? Presoak. Ezinbestekoa da haientzat espetxeak betetzen jarraitzea. Jende pila bat ari da dirua irabazten espetxeen kontura. Preso gehienak, gainera, desberdintasun ekonomikoengatik daude espetxean, eta beltzak dira espetxeratzeko daukaten bazkarik onena, inork ez baitu ezer egiten haiengatik, ez baitaukate prozesu-kostuak ordaintzeko dirurik.

Oakland and the World Enterprises ekimena: “Udaleko ordezkari baten babesarekin, lur-zati bat lortu genuen, espetxetik ateratako jendearen eta populazio marjinalizatuetako jendearen –hau da, beltz pobreen– jabetzako kooperatibak sortzeko. Hiri baratze bat daukagu oraingoz eta baratzetik ateratako barazkiekin elikagaien bankua antolatu dugu”.

2014an Oakland and the World Enterprises ekimena jarri zenuen martxan, preso-ohien jabetzako eta haiek zuzendutako irabazi-asmoko negozioak sortzeko asmoz. Zertan da proiektua?

Beltzok AEBetan jasaten dugun zapalkuntzaren alderdietako bat da espetxean egon bazara, handik ateratzean ez duzula lanik aurkituko, osaba baten dendan-edo ez bada, lana eskuratu baino lehen aurrekari penalak aurkeztu behar baitituzu eta enplegu-emaileak ez zaitu kontratatuko. Hortaz, lanik gabe oso litekeena da berriro egitea delituren bat, droga saltzen edo legez kanpoko zerbait egiten, eta espetxean bukatzea berriro ere. Egoera hori ikusita, eta udaleko ordezkari baten babesarekin, lur-zati bat lortu genuen, espetxetik ateratako jendearen eta populazio marjinalizatuetako jendearen –hau da, beltz pobreen– jabetzako kooperatibak sortzeko.

Ekimena martxan jarri eta hiri-baratze bat daukagu oraingoz. Eta baratzetik ateratako barazkiekin elikagaien bankua antolatu dugu. Horrekin batera, etxebizitza eskuragarriak eraiki nahi ditugu, eta ekimena beste hiri batzuetan errepikatzea nahiko genuke, espetxetik ateratako jendeak aukeraren bat izan dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Ez deitu deportazio masibo, deitu marketin kanpaina arrazista

Mendebaldeko herrialde aberats gehienetan ultraeskuina etengabe eztenka ari da migratzaileekiko gorrotoa eta arrazismoa akuilatzen. Deportazio planei ekitea izan da gobernu askoren erantzuna, izan afganiarrak talibandarren eskutan uzteko, Alemania pentsatzen ari den moduan, edo... [+]


2024-09-10 | Axier Lopez
Ikasturte berrian ere, gerra ate joka

Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.


AEBek diote Israelek onartu duela “trantsizio proposamena”, baina Hamasek kritikatu du baldintzak aldatu dituztela

Hamasek salatu du talde islamistak aurretik onartutako akordio proposamenetan Israelgo lehen ministro Netanyahuk baldintza berriak jarri dituela. Iran su-etenaren alde agertu da, baina Israel “zigortzeko eskubidea” aipatu dute, uztailaren 31n Hamaseko buruzagi Ismail... [+]


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Musk amen-omenka, trumpismoa besarkatzen

Munduko bigarren gizonik aberatsena, Elon Musk, gezurrak eta mezu sektarioak hedatzen, propaganda egiten ari zaio Donald Trumpi, inkestek gero eta gehiagotan diotenean Kamala Harris izango dela AEBetako hurrengo presidentea.


Pablo González kazetaria aske utzi dute, Polonian bi urte eta erdi kargurik gabe espetxeratuta egon ondoren

2022ko otsailaren 28an atxilotu ondoren, aske utzi dute bere aurkako frogarik eta bistako epaiketarik gabe. Bizkaiko kazetariaren talde juridikoak informatu du “preso dauden hainbat kazetari libre uzteko” Errusiak eta Poloniak adostu duten trukeagatik geratu dela... [+]


2024-07-24 | Julen Azpitarte
Free jazz
Beltzetan beltzena

1959. urtea mugarri izan zen jazzaren bilakaeran: Miles Davisek A Kind Of Blue grabatu zuen martxoan eta apirilean; disko horretan parte hartu zuen John Coltranek Giant Steps plazaratu zuen maiatzean; eta, azkenik, Ornette Colemanek The Shape Of Jazz To Come argitaratu zuen,... [+]


NATOk armak oparituko dizkio bere buruari, eta klima kutsadura denori

Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]


Sionismoaren kolapsoa

Hamasen urriaren 7ko erasoa eraikin zahar bat astindu duen lurrikararekin konpara daiteke. Arrakalak agertzen hasiak ziren, baina orain begi-bistan daude, oinarrietaraino.


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


AEBetako Greenpeace desagerraraz dezake Dakota Access oliobidearen enpresak jarritako salaketak

900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak AEBetako Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko... [+]


AEBek “portu humanitarioa” kenduko dute Gazatik, bertatik laguntzarik ia sartu gabe

25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.


Bidenek uko egin dio hauteskundeetarako hautagaitzari, eta Kamala Harrisen alde egin du

“Indar guztiak presidente karguan zentratzea” erabaki duela adierazi du, eta Kamala Harris presideneteordeari “babes eta abal osoa” eskaini dizkio. Harrisek baieztatu du bere hautagaitza aurkeztuko duela Alderdi Demokratak presidentegai izendatu dezan... [+]


Kanpainaren “tenperatura jaisteko” eskatu du Bidenek, dena bere aurka doanean

Trump tiroz zauritu dute larunbatean, kanpainako mitin batean. Atsedenerako hiru egun hartu ditu, gaur arte. Biden jada hiru aldiz agertu da komunikabideen aurrean, aurkariaren aurkako atentatua salatzeko. Azken adierazpenean kanpainaren erritmoa moteltzeko mezua luzatu du;... [+]


Eguneraketa berriak daude