Esklabo lana behar da janari merkeak ekoizteko Europako masarentzat

  • Kopa bat ardo baino merkeagoko oilaskoa, hutsa balio duen saltxitxa, Andaluziatik edo Marokotik etorrita ere bertako sagarra baino gutxiago kostako zaizun marrubia... nola litezke hain prezio merkeetan supermerkatuan? Low cost elikagaiok ezkutatzen dituzte, banatzaileek baserritar txikiei egiten dieten bulling-az gain, nekazaritza industrialaren katean ari diren milaka langileren miseriazko soldatak. Esklabo lanean dihardute Mediterraneoan... baina baita Alemania aberatsean ere.

C. Saezen argazkian, emakumeak marrubiak biltzen fruituz eta lorez mukuru dauden landareen artean, Andaluziako Huelvan. Asko Marokoko landagune txiroetatik eraman dituzte, eta bere familien bizimodua hobetzeko diru iturri erakargarria nagusiekiko menpekot
C. Saezen argazkian, emakumeak marrubiak biltzen fruituz eta lorez mukuru dauden landareen artean, Andaluziako Huelvan. Asko Marokoko landagune txiroetatik eraman dituzte, eta bere familien bizimodua hobetzeko diru iturri erakargarria nagusiekiko menpekotasun itzelaz pagatzen dute. Horiek bildutako marrubiak, gero, pabilioi handietan beste emakume batzuk –lan baldintza gogorretan ari direnak hauek ere– sailkatu eta ontziratuko dituzte.

“Ekonomia neoliberalaren joko arauekin, janariak merke egon daitezen zurrupaketa eta prekarietatea egon behar dute”, egia garden horrekin egiten dio sarrera Soberanía Alimentaria aldizkariak 30. zenbakiari, argituz zurrupaketa eta prekarietate hori ezartzen dizkietela ekosistemei, animaliei, landareei, kulturei eta, zalantzarik gabe, pertsonei. Zanpaketaren adibide zehatzak eskaintzen ditu, Europako herritarrentzako janari merkeen ekoizpen eta transformazio kateetan ari diren langileenak.

GRAIN erakunde altermundialistak eta Via Campesina mugimenduak gaztelaniaz plazaratutako agerkariak editorialean dioenez, zanpaketak itxura ezberdinak erakusten ditu nozitzen dituzten pertsonen generoaren edo jatorriaren arabera eta oso ezberdin ageri dira munduaren Ipar aberatsean edo Hego txiroan, “baina gaur egun migrazioak eta globalizazioa direla medio, badira iparraldeak hegoaldean eta hegoaldeak iparraldean”. Izan ere, nork espero luke aurkitzea Alemania txit aberatsean Grezian ere pertsegitzen diren lan baldintzak?

Esklabo lana Alemaniako haragi industrian” aurkeztu du Guido Grüner ALSO erakundearen Saxonia Behereko arduradunak. ALSOk 35 urte daramatza bere burua estatu sozial izendatzen duen Alemanian langabetu eta prekarioek nozitzen dituzten bizi baldintzak salatu eta aldatzeko lanean. 2008an hasi ziren eskualdeko nekazariekin elkarlanean, hauek esne erosle handiei hornidura-greba egin zietenean. Elikagai industrialen katean ari diren langileei aholkularitza juridikoa eta babesa eskaintzen diete.

Saxonia Beherean laguntza eske datozkien gehienak hiltegi handietako langileak dira, marka ezagunentzako oilaskoak (Heidemark, PHW/Wiesenhof...), txerrikiak (Danish Crown, Tönnies, Vion, Westfleisch) edo txekor haragien ekoizten ari direnak. Mundu osora esportatzen dute enpresok eta Alemanian beren okelak saltzen dituzte Aldi, Edeka, Lidl, Rewe eta beste supermerkatuek, beren prezio apalekin txikizkako salmenten %90etik gora kontrolatuz.

2013an sindikatu, hainbat talde kristau eta besteren laguntzarekin langileok egindako protesten ondorioz, Alemaniako estatuak neurriak hartu zituen lanaren arauketan, tartean okela industriako langileen alorrean: gutxieneko soldata orduko 9 eurotan finkatu, bizileku kolektiboetan dutxa eta bestelakoak bermatu... “baina urteon ondoren esan dezakegu –dio Grünerrek– estandar horiek ere ez direla betetzen”. XXI. mendea iritsita, ugazabak sekula baino errazago dauka edozein zirrikitu baliatzea.

Hasteko, langileek frogako aldi bat igaro behar dute, eta hor babesik gabe aurkitzen da, kexarik txikiena azaldu edo gaixotuz gero kalera joateko beldurrez. Baina kontratua lortuta ere, lan orduak inork ez dituela kontrolatzen dio Grünerrek, aholku eske etortzen zaizkiela hilabetean 200dik gora ordu –“sarritan 240 eta baita 280 ere“– sartzen dituzten langileak , astean sei egunez 14na orduz ari direnak. Ez nolanahiko beharretan, frigorifikoetan, zama handiak mugitzen, erritmo bortitzetan...

Langilea legez konpainia handientzat ez baina aldi baterako lanen kontratentzako ari denez, edo kontrata baten azpikontrata batentzat... norengana jo kexatzera, gaixotasun atsedena eskatzera, edo ordutegi zehatza zein den galdezka? Babesik ez edukitzen hasita, asko dira kontratu bat sinatzearen truke enkargatuari 500 euro pagatu beharrean aurkitu direnak. Eta soldata minimoa nola bermatu ugazabak kalkulatzen baldin badu ez orduka baina ekoiztutako ale edo kiloen arabera? Nork kontrolatzen ditu atzerritik etorrita taldeka bizitzera behartutako langileoi enpresek alokatzen dizkieten logelen prezioak?

Desgaraiko marrubien mamia

Hegaztien txertatze eta garraioan ari diren langileen jarduera are tamalgarriagoa da, Gruido Grünerrek azaldu duenez. Saxonia Behereak 300 milioi hegazti hazten ditu urtero granja handietan, hiltegi industrialetara eraman behar direnak.

Furgoneta eta mikrobusetan eramandako koadrillak doaz etxaldez etxalde milaka hegazti harrapatu, kaioletan sartu eta kamioietan zamatzeko lan gogorrera, janzki egokirik gabe gehienetan, lana eskuz eginez hautsez eta simaurraren amoniakoz betetako biltegi ilunetan. Kualifikaziorik gutxieneko lana izaki, baldintzarik txarrenak ere langileok jasaten dituzte, sarritan kontraturik gabe, ugazabak lagatako etxebizitza kolektiboetan biziz, errenta garestia jornaletik zuzenean deskontatzen dietela... Ez da kointzidentzia hegazti garraioan ari diren koadrilletako gehienak etorkinez osatuta egotea.

Alemaniakoaz gain, Soberania Alimentaria-ren dossierrak aztertzen ditu Europako bi kasu gehiago: “Almeriako elikagaien manipulazio zentroak barrutik ikusita” idatzi du bertako langile batek L.G. sinadurapean. Juana Moreno Nieto eta Emmanuelle Helliok “Andaluziako eta Marokoko marrubitan ari diren emakume jornaleroak”. Carlos de Castro, Alessandra Corrado eta Domenico Perrotta unibertsitateko irakasleek, berriz, azaldu dute nolaz den “migrazioa, hornidura globalizatuzko kateentzako osagai gakoa”.

Sasoitik kanpo ekoitzi eta kontsumitzen den marrubi gorriak –martxoa amaitzerako kaletarrak aspertuta egongo dira horiek jatez, nahiz eta hemengo baratze eta pendizetakoa orduantxe hasi loratzen– bere mamian darama elikagaien ekoizpen industrializatu globalaren azalpena. Europako ekoizle gehienak, baita negutegi eraginkorrenekin ari direnak ere, krisian daude Andaluziako Huelvan eta Marokon hazten dituzten marrubiaren konkurrentziari aurre egin ezinik.

Superretan asteotan aurkituko ditugun marrubiok haztearen inguruan nekazaritza eredu oso teknifikatua antolatu da, esportaziorako prestatua, produkzio koste handikoa: pestizida, ongarri kimiko, negutegien plastiko eta beste azpiegitura, landare emankorren patente... eta oso lotuta dago super eta hiperren banaketa kate erraldoiei.

Eskulan handia ere eskatzen du, ordea. Horregatik aurten ere 60.000 langile temporero ariko dira Huelvan eta 20.000 Maroko iparraldean. Gehienak emakumeak. Huelvak dauzkan 10.000 hektarea negutegietan marrubiak landatu, zaindu eta biltzeko behar direnetako asko Marokotik heldu dira, 13 urte arteko umeak dauzkaten amak, 2007an marrubiaren patronalak, Espainiako Enplegu Agentziak eta Marokoko agintariek sinatutako tratuaren arabera: horrela bermatzen dute sasoia amaitutakoan Marokora itzuliko direla.

Emakume zailduon izerdia daramate superreko marrubi potolo horiek, pestizida koktelaz gain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza industriala
Laborantza ereduaren auzia dugu laborarien ongiezaren oinarrian

Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Europako hegaztien laurdena desagertu da berrogei urtean, nekazaritzaren industrializazioak eraginda

Azterlan zabal batek erakutsi berri duenez,  1980tik 2016a bitartean hegaztien populazioak % 25 gutxitu dira azken 40 urteotan, eta ia % 60 nekazaritza-inguruneetako espezieen kasuan. Hori da, hain zuzen ere, Europako hegaztiei buruz orain arte egindako ikerketa handienaren... [+]


Sainte Soline: erailtzeko prest lur-munto batengatik

Sainte-Solineko uraska inguruko gertakari lazgarriek galdera bat planteatzen dute: nola da posible 200 pertsona baino gehiago zauritzea (bi aldeetan) eta horietatik bik (manifestarien artekoetatik) hil ala biziko larrialdian jarraitzea zergatik eta segurtatzeagatik zulo bat... [+]


Eguneraketa berriak daude