Uraska handien aurkako bi aktibista koman direla, Frantziako Estatuaren errepresioa salatuko dute ostegun honetan Baionan

  • Asteburuan elkartu ziren 30.000 lagun Frantziako Sainte-Solinen, laborantza industrialaren mesedetara eraikitzekoa duten uraska erraldoiaren aurka. Poliziaren errepresio bortitzak 200 kolpatu eragin ditu eta horien artean bik oraindik biziaren eta heriotzaren artean segitzen dute. "Basakeria" hori salatzeko ondoko hitzordua jarri dute Les Soulevements de la Terre (Lurreko altxamenduak) kolektiboak, Confédération Paysanne laborarien sindikatuak eta Bassine Non Merci (Uraskak, ez milesker) taldeak: martxoaren 30 honetan 18:30ean Frantziako Estatuko prefetura guzien aitzinean elkarretaratzea. Ipar Euskal Herrian ere elkartuko dira Baionako suprefetura aitzinean.

Gerrako arma gisa sailkaturiko armak erabiliak izan dira martxoaren 25ean Sainte-Soline herrian, manifestarien aurka.

2023ko martxoaren 30an - 08:21
Azken eguneraketa: 2023-06-21 11:59:04

Indarkeria alimalekoa izan da Poliziak martxoaren 25ean Sainte-Solineko uraska erraldoiaren aurka elkarturiko 30.000 lagunen kontra emandako erantzuna. Ofizialki "gerrako arma" gisa sailkaturikoak erabili dituzte bertan ziren 3.200 poliziek, antolatzaileek, Giza Eskubideen Ligak eta kazetariek baieztatu izan ahal dutenez. Emaitza: berrehun bat kolpatu, horietan 40 larriki, eta tartean bi oraindik biziaren eta heriotzaren artean direnak. Laguntza psikologikoa eta elkarzaintzaren garrantziaren mezua bideratzen dabil orduz geroztik antolatzaileen artean zen Les Soulevements de la Terre (Lurreko altxamenduak) kolektiboa. Polizien aldetik ere 40 bat kolpatu izan direla ohartarazi du gobernuak.

Ez zen ezer suntsitzekorik edo okupatzekorik, zulo bat besterik ez zen, baina  Frantziako Estatuak guzia egin du zulo hutsa babesteko... gerrako armak erabiliz eta berrehun aktibista kolpatuz

Estatuaren "basakeria" hori salatzeko elkarretaratzeetara deitu dute Les Soulevements de la Terre (Lurreko altxamenduak) kolektiboak, Confédération Paysanne laborarien sindikatuak eta Bassine Non Merci (Uraskak, ez milesker) taldeek, erretreten erreformaren kontrako mugimenduak jasaiten duen errepresioa ere salatuz. Hiru horiek dabiltza laborantza industrialaren mesedetara eta ingurumenaren kaltetara litzatekeen megaproiektu horien kontrako mugimendua bideratzen. Ipar Euskal Herrirako Baionako suprefetura aitzinean jarri dute hitzordua Ostia kolektiboak, ELB sindikatuak eta Lurzaindia fundazioak, "Frantziako Estatuaren bortizkeria eta errepresioa" salatzeko.

Iazko udan plazaraturiko Agroindustriaren eta bere mega-bassine edo uraska erraldoien aurkako mugimendua zabalduz eta gogortuz doa Frantzian erreportajean eman zuen borroka horren berri ARGIAk. Hain zuzen, iaz ere elkartu ziren milaka lagun Sainte-Solinen eta herri-presioa ikusgarria izan zen. Martxoaren 25 honetan aitzinekoan baino lau aldiz jende gehiago batu dira. Ez zen ezer suntsitzekorik edo okupatzekorik, zulo bat besterik ez zen, baina hala eta guziz ere Frantziako Estatuak guzia egin du zulo huts hori babesteko... gerrako armak erabiliz eta berrehun aktibista kolpatuz.

Berrehun bat kolpatu eragin ditu Poliziaren indarkeriak. Argazkia: Sipa. Amez
Gobernuaren gezurrak argiratzeko saiakerak

Kontakizunaren guduka ikusten ari gara orduz geroztik. Gobernuaren tesia hiru elementutan oinarritzen da: 6.000 manifestari eta 1.000 "erradikal bortitz" ziren; parean Poliziak ez du gerrako armarik erabili eta sokorriek beraien lana egin ahal izan dute.

Estatuaren kontakizuna gezurtatzen dabiltza antolatzaileak, eta froga segurrak dituzte esku artean: bertan zen Giza Eskubideen Ligak baieztatzen du egon, egon direla gerrako armak –granada negar-eragileak, zehazkiago, GM2L sailkaturikoak eta LBD armak–. Gerard Darmanin Barne ministroak ondoko baieztapenean jarraitzen du, alta, tinko: "Ez, ez da inolako gerrako armarik erabili Sainte-Solinen".

Sokorriei eremura sartzea debekatua zitzaiela salatu zuten berehala antolatzaileek, LBD armaz burua hunkirik konorterik gabe zirenak esku artean, sokorriak eskatu baina denbora luzean ez zirelako etortzen. Baina hori fake news bat dela erranez, elkartasuna bideratu die poliziei Darmaninek behin eta berriz. Baina hor ere, Giza Eskubideen Ligak eta ondotik, martxoaren 29an Le Monde eta Mediapart komunikabideek dituzte egun horretako telefono deien grabaketak zabaldu, argi utziz sokorriei bertaratzea debekatua zitzaiela. Ondokoa entzun daiteke: "Mediku bat egon da bertan, baina egoera azaldu diogu, erranez helikopteroak eta urgentziak ez ditugula bertara bidaliko, poliziaren partetik manu hori jaso dugulako". Urgentzietako langilearen adierazpena da, martxoaren 25ekoa, hiltzeko arriskuan zeudenentzako arta eskatzen zionari emandakoa.

Azpiko txio horretan ageri da Mediapart-en grabaketaren zati bat (frantsesez):

Koman egondako bi manifestarien senideek salaketa jarria dute "hilketa saiakera", "sokorriak oztopatu izana" eta "sekretuzko fitxategien zabalpena" leporatuz. Mainstream komunikabide handien jarrera salatu du koman dagoenaren familiak agiri bidez, beraien semea zikintzen ari direla ohartaraziz, eta S fitxatua dela baikorki baieztatuz: "Bai Serge S fitxatua da, beste milaka militante bezala gaur egungo Frantzian. Arazo judizialak izan ditu, ezarritako ordenaren aurka borroka egiten duten pertsona gehienek bezala. Bai kapitalismoaren aurkako elkarretaratze anitzetan parte hartu izan du, mundu mailako beste milioika gaztek bezala, pentsatuz iraultza on bat ez litzatekeela gehiezgizkoa. Ez dira delituak, gure semea zikintzeko balio dutenak, baina alderantziz, ohore handia dira. Gaur egun, "arriskutsuak" direlakoan, S fitxatuak dira 20.000 herritarrez gora Frantzian, inolako epaiketarik eta oinarri sendorik gabe. Demagun, 3.000 ekologista dira S fitxaturik.

Gaiak pil-pilean segitzen du, martxoaren 30 honetako Libération aldizkariaren azalak erakusten digun gisara. Hainbat lekukotasunetan oinarriturik, argiki azaltzen da kolpatuak ez direla behar bezala hartatuak izan. "Gehiegizko 120 minutuak" dakar azalak, erreferentzia eginez konorterik gabe eta sokorrien esperoan pasatako bi orduei:

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurraren Altxamenduak sarea
2024-02-01 | Estitxu Eizagirre
Ostia kolektiboko Hartzea Lopez Adan eta Joana Detchart:
"Lurra, etxebizitza eta elikadura elkar lotuak dira, bai problematikan, bai alternatibetan"

Lurraren aldeko mugimenduak pilpilean dira munduan: borroka moldez eta helburuz anitzak dira, eta Ipar Euskal Herrian indar handia hartu dute, besteak beste, laborantza lurren salerosketa espekulatiboak geldiarazteko laborariek zein hiritarrek batera burutu dituzten okupazioek... [+]


Lurraren Altxamenduak mugimenduaren ilegalizazioa atzera bota dute

Gérard Darmanin Frantziako Barne Ministroak martxoan plazaratu zuen mugimendu ekologista erradikala ilegalizatzeko prozedura, eta poliziaren “indarkeria basatia estaltzeko asmoz” hartutako erabakia izan zen mugimenduarentzat. Ostegunean, Frantziako Estatu... [+]


2023-06-22 | Ilargi Manzanares
Lurraren Altxamendua kolektiboa desegiteko erabakiaren aurka mobilizatu dira Baionan

Asteartean Frantziako Gobernuak lurraren defentsaren aldeko kolektiboa desegitea erabaki du, eta horren aurka Baionako hainbat lagun mobilizatu dira “oinarrizko askatasunen eta demokraziaren kontrako eraso larria” salatzeko.


Hormigoia herri bat balitz... munduko hirugarren herri kutsatzaileena litzateke

"Lafarge eta bere konplizeak [hormigoiaren sektorea] haien baitarik ez dira geldituko, geldituko dira horretara behartuz gero", zioen Lurraren Altxamenduak sareak iazko abenduan egindako ekintza azaltzeko orduan. Mundu mailako lehen hormigoi eta zementu ekoizlea da... [+]


Eguneraketa berriak daude