"Benetan sinetsi behar dugu ikasteko beste modu batek emaitzak ematen dituela"

  • "Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa" argitaratu du Hik Hasi Euskal Heziketarako egitasmoak, urtebetez hainbat aditurekin batera burututako gogoetaren ondorio. Hezkuntza hobetzeko hamar gako bildu dituzte bertan eta aitzakia horrekin mahai-ingurua egin dute Mondragon Unibertsitatean. Hona saioak eman duenetik hainbat puntu interesgarri.

2017ko abenduaren 31
Ane Ablanedo, Nerea Alzola, Xabier Sarasua eta Nora Salbotx.
Ane Ablanedo, Nerea Alzola, Xabier Sarasua eta Nora Salbotx.

Hiru oinarri ditu Hik Hasiren proposamenak: hezkuntzak finantzaketa eta esku-hartze publikoa izan behar du, ikastetxe bakoitzak autonomoa izan behar du, eta ezinbestekoak dira hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren inplikazioa eta herriko gainerako eragileen partaidetza. Gehiagorako eman du eztabaidak, Ane Ablanedo (Baionako Unibertsitatea), Nerea Alzola (Huhezi), Nora Salbotx (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Xabier Sarasua (Hik Hasi) mahaikideen eskutik.

Haur Hezkuntzaren aitortza falta

“Bai ikuspegi klinikotik bai pedagogikotik, zenbat eta lehenago, orduan eta funtsezkoagoa da haurrari zein heziketa ematen zaion. Alegia, 0-3 adina garrantzitsuagoa da 8-14 tartea baino, eta zer esanik ez unibertsitatean gertatu ahal zaizun edozer gauza baino, txikitan gertatzen zaizunak eragin handiagoa baitu. Zentzu horretan, haur eskolan dauden hezitzaileen lana askoz garrantzitsuagoa da, unibertsitatean irakasle dagoenarena baino. Gizartean ordea, kontrakoa nagusitzen da: dituzten lan baldintzak okerragoak dira eta duten aitortza askoz txikiagoa”, uste du Ablanedok.

Ane Ablanedo: “Haur eskolan dauden hezitzaileen lana askoz garrantzitsuagoa da, unibertsitateko irakasleena baino. Lan baldintza okerragoak eta aitortza askoz txikiagoa dute, ordea”

Helburu ekonomikorik gabe ikasitako hizkuntzak

Txostenak dio ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatu behar dituela eskolak. Kultur anitzetara zabalik dagoen euskara du buruan Salbotxek: “Hizkuntzak ikastea garrantzitsua da, baina ez gure gizarte globalizatu eta neoliberalak eskatzen eta inposatzen digun hizkuntzen ezagutzari erantzuteko (alegia, ez kapitalak motibatuta edo gure enpresa etorkizunean deslokalizatu daitekeelako), norbanakoen premiei eta pertsonaren garapenari erantzuteko baizik; harremanak izateko, komunikatzeko. Horregatik, hizkuntza horrek ez du zertan ingelesa, alemana edo txinera izan, nire bizilagunaren hizkuntza gutxiagotua izan daiteke. Finlandian esaterako, planteamendu malgua dute: edozein lekutatik etorkinak datozenean, ikasle berriari galdetzen diote zein den bere ama-hizkuntza, eta hiruzpalau haur baldin badituzte hizkuntza hori dutenak, hizkuntza horretako maisu-maistra bidaliko dute eskolara. Ama-hizkuntzan eta bertako hizkuntzan gaitasun maila ona lortzea eta batetik bestera gertatzen diren trantsizioak baloratzea dute abiapuntu”.

Nolako irakaslea nahi du ikasleak?

Alzolaren esanetan, irakasle onak behar du “kanpokoa eta norberaren burua zalantzan jartzeko gaitasuna; pentsaera dibergentea suspertzeko eta galderak egiteko gaitasuna. Irakasle ona da orientabideak ematen dituena, pertsona bakoitzak bere burua ezagutzen eta garatzen laguntzeko, eta giza-komunitatea osatzen laguntzeko”. Irakasleen jarrera ere ezinbestekotzat du, “aldaketak egin ditzakegula sinestea”.

Salbotxek gehitu du ikasleei eurei galdetzea ere baliagarria dela. Unibertsitateko bere ikasleei galdetu die, eta haientzat irakasle ona da “bere lanarekiko pasioa sentitzen duena eta horrekin emozionatzeko gai dena, hala besteak motibatzeko gai izango delako”. Ume diren ikasleei ere galdetu diete, eta zerrenda ekarri du Salbotxek: irakasle izan nahi duen horrek “haurren izenak jakin beharko ditu, aldika errieta egin beharko digu, olerkiak idatzi beharko ditu, gurasoei gure sekretu zenbait kontatu beharko dizkie, dantzan eta kantuan aritu beharko du, lan politak egiten eta ipuinak kontatzen jakin beharko du, triste dauden haurrak animatu beharko ditu, haurrak erlaxatzen lagundu beharko du, eta haiekin egunero-egunero hitz egin beharko du”. Eskari xumeak lehen begiratuan, “baina banaka aztertuko bagenitu, izugarri sakonak direla iruditzen zait”.

Nora Salbotx: "Hizkuntzak ikastea garrantzitsua da, baina ez gure gizarte globalizatu eta neoliberalari erantzuteko (alegia, ez kapitalak motibatuta), norbanakoen premiei eta garapenari erantzuteko baizik"

Sar dadila haizea eskolan

Herri-hezitzaileen ideia ere Hik Hasiren proposamenaren oinarri-oinarrian dago. Salbotxen hitzetan, “ikastetxearen inguruan badago jendarte bat, badago mundua ikusteko era bat, hizkuntza praktika batzuk… Jakintza handia dago, baina jakintza horretatik guztitik zati bat irakasten da eskolan, nork dio zer den irakatsi beharrekoa? Goazen eskoletako paretak botatzera eta haizea sartzen uztera”. Ablanedorentzat, “paradigma aldaketak ekarriko du hori. Eskola ez da ikastegi bakarra: ebidentzia bat da, baina iraultzailea ere bada, zeren adibidez ikusten dugu ume bat eskolara joaten ez dena eta pentsatzen dugu ez duela ikasiko. Baina ikastea baldin bada gauza bat berez egiten duguna, ezin da ez-ikasi. Eta modu askotan ikasten dugu, eskolan eta eskolatik kanpo. Eskolak bizitzan integratu behar ditugu, eta horrela irudikatuko dugu hobeto zer den hezkuntza komunitate bat”.

Eskola libreak, perretxikoen pare
Egun dugun hezkuntza sistema aintzat hartuta, egingarria al da horrelako proposamen bat? Sarasuaren arabera, konfiantza da gakoa, “guk geuk ez badaukagu konfiantzarik, gainerakoei ere ez baitiegu erakutsiko konfiantzan hezten. Batzuetan kosta egiten zaigu gauden confort egoeratik ateratzea, gure lubakietan gotortzen gara, eta inertziak apurtu eta aurrera egiteko hitz egitea, eztabaidatzea eta konfiantza izatea da bidea. Gure proposamena ez da lege artikulatu bat, norabide bat baizik”.

“Hezkuntza sistematik kanpo dauden eskolak perretxikoak bezala ari dira sortzen, eta horrek zerbait adierazten du –azpimarratu du Ablanedok–. Ikastolekin gertatu zen bezala, nago bigarren itzuli baten atarian ez ote gauden, hausnarketa eta gauza berrien peskizan. Hori guztia egituratu beharko genuke, borondatea, interesa eta ezinegona egon badaudelako”. Sarasuak gogoratu duenez, eskola berritzaileago horiek beste hainbat herrialdetan badute lekua hezkuntza sisteman, “baina hemen ez, eta sistemari dagokio irekitzea eta aniztasun hori ere hartzea”.

Publikoko entzule batek, ordea, zail ikusten du hezkuntzaren paradigma aldaketa. Nola hezi bestelako konpetientzietan, Selektibitatea edo Baxoa bezalako azterketarako prestatu behar baditugu ikasleak? “Ikasleak mamu horretarako prestatu behar ditugula saltzen digute, baina sistemak jartzen dizkigun muga eta traben aurrean, apurtu ezin baditugu, ikasi behar dugu gutxienez ziria sartzen: pasa behar bada, pasako dugu, baina Selektibitatea hilabete batzuetan prestatu daiteke, eta aurreko denbora guztian beste gauza batzuk emango ditugu. Eskola libreetan aritzen diren asko eta asko gero unibertsitatera joaten dira, edo lehenago institutura egiten dute jauzi; azterketa horretarako prestatzen dira une jakin batean eta kito”, erantzun du Ablanedok.

Zein ikasle dago prestatuago?

Publikoko entzuleak, baina, ez du hain argi. Haren esanetan, Selektibitateko edukiak barneratzeko gaitasun handiagoa izango du hezkuntza tradizionalean formatu den ikasleak, bestelako konpetentzia eta baloreak barneratu dituenak baino. Ablanedo ez dago ados: “Ez nago hain seguru lehenak trebeagoak izango direnik. Benetan sinetsi behar dugu ikasteko beste modu batek emaitzak ematen dituela eta konpetentzietan hazi denak ahalmen handiagoa izan dezakeela, baita etsamina hori bera egiteko ere. Lehenak trebezia handiagoa izango du beharbada azterketa mota horretan, ezaguna zaiolako, baina beste gaitasun batzuk itzaliak izan ditzake, halako probei aurre egiteko ere garrantzitsuak izan daitezkeenak. Eta azken finean, sakonean apustu egin behar da: demagun hezkuntza tradizionala jaso duen ikaslea trebeagoa dela azterketa gainditzeko, baina zein preziotan? Zenbat gauza inportante utzi ditu bidean? Bizitzaren aurrean hartu nahi dugun jarrera erabaki eta horren aldeko hautua egin behar dugu”.

Eskola alternatiboez izan da entzuleen artetik egin duten azken galdera. Bai, bestelako hezkuntza bat dute oinarri, “baina ez dira doakoak, eta ideiekin ados egon arren, elitista bilakatzen dira sarri”. Ablanedok hartu du hitza: “Nik ere nahiko nuke denentzat izatea horrelako eskola eredua, eta uste dut gakoa dela hain juxtu proiektu hauek sortzen dituztenek ere hori bera dutela helburu, borondate publikoa dutelako, ez elite bat sortzeko borondatea; ez dago diru-asmorik eta familientzat garestia den arren, hor lan egiten dutenek oso gutxi irabazten dute”.

Kanal hauetan artxibatua: Hik Hasi  |  pedagogiak

Hik Hasi kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-23 | ARGIA
Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru etikoa

Hezkuntza hobetzeko hamar gako zerrendatzen dituen proposamena egin du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, urtebetez hainbat aditurekin batera burututako gogoetaren ondorio. "Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak" dokumentua da aurkeztu dutena.


"Guztiok izan beharko genuke feminista" saiakera ikastetxe guztietara iritsiko da

Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarraren Guztiok izan beharko genuke feminista saiakera euskaraz argitaratu du Hik Hasik. Lana Euskal Herriko ikastetxe denetara zabalduko dute.


Adimen anitzak eta musika haur hezkuntzan ikasgai, besteak beste, Hik Hasiren topaketetan

Teoria eta praktika pedagogikoetan oinarrituta, hainbat gorputz espresiorekin, arlo emozionalarekin edota psikologia gaiekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran izango dira, Donostian eta Leioan.


2015-04-24
“Mundu horren hazia zeure baitan dago”

Hik Hasik antolatutako “II. Herri Hezitzailea” jardunaldietan, Herri Hezitzaileko oinarriak aurkeztu ostean, gaia bertsotan harilkatu dute.


2015-04-24 | Estitxu Eizagirre
Koldo Saratxaga: “Zer izan nahi duzu 20 urte barru? Zoriontsu? … Eta zer gehiago?”

Hik Hasik antolatuta “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak burutzen ari dira Donostian. Koldo Saratxagak “Parte-hartzearen eta partekatzearen garrantzia hezkuntzan eta jendarte-ereduan” hitzaldia eman du.


2015-04-24 | ARGIA
'Herri hezitzailea, eskola herritarra' jardunaldien zuzeneko jarraipena:

Herritarrek heziketan izan behar duten parte-hartzearen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Hik Hasik Donostiako Kursaalen. ARGIA zuzeneko jarraipena egiten ari da:

 


Herri Hezitzaileen Sarea aurkeztuko dute Hik Hasiren jardunaldietan

Herri Hezitzaileen Sarea martxoan sortu berri dute Euskal Herrian, heztea gizarte osoaren zeregina dela eta herritarrak –herria bera– eragile hezitzaile eta komunitate direla ulertuta. Hilaren 24an egingo dute aurkezpena, Hik Hasi egitasmoak antolaturiko jardunaldien baitan.


2014-12-15 | Malen Aldalur
Euskarak Nafarroan dituen harresiak botatzeko bat egin dute ehunka lagunek Tafallan

Euskararen Legearen 28. urteurrenean ehunka lagunek euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Tafallan, “Berlingo Harresia nola, Vascuencearen Legea hala!” lemapean.


2014-10-26 |
Hogei urte euskal hezkuntzaren topagune

Euskal irakaskuntzako hezitzaile eta eragileak euskaraz informatzea, formatzea eta eztabaidarako elkartzea, helburu horiekin sortu zen Hik Hasi proiektua duela hogei urte. Euskara, euskal curriculuma eta pedagogia ardatz, oraindik ere sorrerako jomuga du egitasmoak: euskal hezkuntza eredu propioa eraikitzea.


Hik Hasi, 20 urte euskal hezkuntzaren topagune

Euskal irakaskuntzako hezitzaile eta eragileak euskaraz informatzea, formatzea eta eztabaidarako elkartzea, helburu horiekin sortu zen Hik Hasi proiektua duela hogei urte. Euskara, euskal curriculuma eta pedagogia ardatz, oraindik ere sorrerako jomuga du egitasmoak: euskal hezkuntza eredu propioa eraikitzea.


ASTEKARIA
Azkenak
Eguneraketa berriak daude