"Boterea ulertu nahi badugu boteretsuak ere aztertu behar ditugu"

  • Buenos Aireseko euskaltegian izan zuen Gure Esku Dago mugimenduaren berri Julieta Gaztañagak, eta politika aztertzen duen antropologoa denez, tira egin nahi hariari. Tira eta tira, antropologoari dagokion jakin-minak ekarri du Euskal Herrira, erabakitzeko eskubidearen inguruko borroka eta eztabaida pil-pilean dauden sasoiotan.


2017ko abenduaren 24an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Julieta Gaztañaga (1977, Bahía Blanca, Argentina)

Antropologoa. Buenos Aireseko unibertsitatean ikasi zuen eta bertan jardun da ikerlari eta irakasle azken hogei urtean. Peronismoko lan politikoa eta militantzia aztertu ditu, eta, gaur egun, Gure Esku Dago mugimenduari buruzko landa-lana egiten dabil buru-belarri.

Zergatik ikasi zenuen antropologia?

Lotsa apur bat ematen dit hau aitortzeak, baina honezkero konpromiso handia erakutsi dut antropologiarekin eta uste dut esan dezakedala: Julio Cortázarren ondorioz ikasi nuen antropologia. Hura da nire idazle kuttuna, haren ipuin batzuk buruz dakizkit, eta bazeukan ipuin bat, Para una antropología de bolsillo izenekoa, eta, ez dakit, erdizka absurdua erdizka misteriotsua iruditu zitzaidan kontua. Eskolan ez genuen sekula ezer ikasi antropologiaz, nire familiako inor ez zebilen horretan, enigma bat zen, beraz.

Eta Cortázarren ipuinean nolakoa zen ba antropologia?

Egia esan, biguntzeaz hitz egiten du ipuin horretan. Oso testu ona da, ñabardura politiko asko ditu, nahi gabe izanik ere. 15-16 urte nituela irakurri nuen, eta alderdi ludikoa bakarrik harrapatu nion, baina zera azaltzen zuen: den-dena bigun ikusten duen jendeak gauzak bigun ditzakeela, eta alderantziz. Oso ipuin laburra da, Cortázarrek idatzi ohi zituen ohar horietako bat. Edonola ere, antropologiak nola begiratzen dion munduari, horixe erakusten du ipuinak, ez hainbeste zer den antropologia diziplina gisa.

Nola begiratzen dio antropologoak munduari?

Jakin-min handiz eta errespetuz. Oso gustuko dut beste kontzeptu hau: karitate interpretatiboa. Serio hartzea jendeak egiten duena, esaten duena, sentitzen duena: bizipenak errespetatzea alegia. Orain, pentsatzen hasita, uste dut testu hartan horixe agertzen zela hain zuzen, besteren esperientziarekiko jakin-min umila.

Eta antropologoaren begietatik politika aztertzeko jakin-mina, berriz, nondik datorkizu?

Badu zerikusirik nire historia pertsonalarekin. Nire familiak indarkeria politikoa jaso zuen Argentinan, gurasoak bahituta egon ziren azken diktadura militarrean, eta, horren ondorioz, politikaren gaia oso presente zegoen nire inguru estuenean, baina ez zen horretaz hitz egiten, eta ni neu eta anaia-arrebak horren beldurrez bizi izan gara beti, txikitatik. Oso gauza sotila zen, ez zegoen inongo mehatxu espliziturik, baina halako desira bat eta beldur bat sortzen zigun politikak.

Bestalde, ikasketen hasiera aldera eman nuen antropologia politikoko irakasgaia Mauricio Boivinekin: nire mentore bihurtu zen, lizentziaturako eta masterreko tesiak zuzendu zizkidan, eta ikasketak hasi eta bigarren urtean sartu nintzen bere ikerketa-taldean. Talde horretako kideek asko landu zituzten biak, ez soilik antropologia politikoa ezpada politikaren antropologia, aztertzen zituzten alderdiak, mugimenduak, militantzia, buruzagitza… Nire interesek, nire mentoreen grinak eta talde eder-eder bat topatu izanak, horrek denak lotu ninduen.

Oker ez banaiz, peronismoa aztertu duzu.

Tira, proiektu politiko zehatzak landu ditut, adibidez, lizentziaturako tesian azpiegitura-lan baten eraikuntza ikertu nuen, handi-handia, Argentinako bi hiriren artean eraiki behar zuten zubi bat, Paraná ibaiaren gainean. Entrerios probintziako peronistek bultzatu zuten proiektu hori. Beste lan batean, berriz, eskualdeak integratzeko prozesu bat aztertu nuen, hura ere hainbat probintziatako peronistek hauspotua.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer eragin dute halako ikerketek?

Sarritan, antropologia lotzen da ahotsik ez dutenei ahotsa emateko lanarekin, eta aurreiritzi horrek kalte egiten dio batzuetan gure alorrari, zeren, kide askok esan duten moduan, boterea ulertze aldera boteretsuak ere aztertu behar ditugu, eta ez soilik joko horrek kaltetzen dituenak. Nik, oro har, boteretsuekin egin dut landa-lana, militanteekin ere bai, baina helburua izan da ikustea nola egiten den politika handia, estatugileen eskalan. Ikerketok balio izan didate antropologiara ekartzeko ustez antropologiari ez zegozkion gaiak. Eta aurreiritziak kentzeko, zeren sarritan halako betaurreko batzuk dira, traba egiten digute prozesuak sakonago ulertzeko bidean.

Nolako aurreiritziak dira ba horiek?

Adibide sinple-sinple bat ipiniko dizut: pentsatu ohi dugu politikariek azpiegiturak egiten dituztela soil-soilik argazki bat ateratzeko gero. Bada, badira beste hamaika arrazoi azpiegitura jakin bat eraikitzeko. Arrazoi hobeak edo okerragoak izan daitezke, baina sarritan ez ditugu ikertzen, zergatik eta aldez aurretik sinetsi dugulako lan horiek egitearen helburu bakarra dela argazkia ateratzea, eta aurreiritzi hori ez da soilik politikoa eta ideologikoa, aurreiritzi kontzeptuala da. Aldez aurretik uste baldin badut zinismo hutsez egin dela dena delako azpiegitura, kalkulu guztiz instrumentalen ondorioz, orduan ez dut aztertuko zer beste arrazoi dauden tartean, adibidez, zergatik egin den azpiegitura hori eta ez beste bat. Izan ere, azpiegitura eraiki aurretik, baliabide ekonomikoak lortzeko borrokak egon dira, eta, nire aurreiritziak direla medio, ez dut horien berririk izango.

Behaketa parte-hartzailea izeneko metodologia erabiltzen duzu. Zer da hori?

Behaketa parte-hartzaileak esan nahi du ez izatea kanpoan dagoen norbait, jendeari begira laborategi bat balitz bezala. Esan nahi du jendea behatzea, bai, baina parte hartuz. Denbora luzean uste izan zen posible zela behatzaile objektibo izatea, baina sinesmen hori aspaldi ezeztatu zen.

Egunerokoak ere garrantzi handia du, ezta?

Bai, dena delako espazioan presente egon behar duzu, egunez egun, izan militantzia-espazioan edo kanpainan… Premiazkoa da besteen konfiantza lortzeko eta zeu ere haiekin fidatzeko, eta hori lortzeko ezinbestekoa da behaketa parte-hartzailea, hori ezin da elkarrizketa batekin lortu, elkarrizketatzaile bikaina izanik ere, badaude hizketaren elementuak, bizipenak, egoerak… eta horiek denak egunerokoak erakusten dizkizu, errutinak, nahiz eta batzuetan aspergarria izan.

Argentinako euskal diasporari buruzko kontuak ere landu dituzu. Zure abizena ikusita gauza logikoa dirudi, baina interesa ez datorkizu etxetik, ezta?

Euskal abizen bakarra daukat, eta Argentinan beti jartzen digute gaizki. Ez da abizen zaila, baina nahasmena sortu ohi du, eta denetik ipini digute, zuzena izan ezik. Orduan, abizenaren inguruko nahasmena dela-eta, aitak azaldu zigun euskal abizen bat zela, baina kito, ez zigun ezer gehiago esan, ez gintuen inoiz eraman euskal etxe batera, ez baitu halakoetan sinesten. Gaztetxoa nintzela izan nuen euskal munduaren berri, lagunen bitartez, eta, gerora, euskara ikasten hasi nintzen interes linguistiko eta antropologikoa neukalako hizkuntza horretan.

Non aritu zara euskara ikasten?

Euskaltzaleak izeneko euskaltegi batean. Euskal etxe bat da Euskaltzaleak, baina ez da euskal etxe folkloriko bat. Berezia da euskaltegi bat delako, eta euskal munduarekiko maitasuna oso loturik dagoelako hizkuntzarekiko maitasunarekin, zentzu politiko batean. Hori dela-eta, okurritu zitzaidan akaso alor guztiz berri hori txertatu nezakeela nire ikerketa antropologikoan, zeren, peronismoaz guztiz bestelakoa izan arren, Euskaltzaleak loturik dago balio politikoekin, konpromisoarekin, nolabaiteko militantziarekin… Halaxe hasi nintzen diasporako ezker abertzaletasun deritzona ikertzen.

Nola sortu zen Euskaltzaleak, eta nolako jendea bildu ohi zarete?

Argentinako euskal etxe nagusiaren barruan sortu zen Euskaltzaleak, Laurak Bat etxearen barruan. Munduan dagoen euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat, 140 urte beteko ditu laster. Edonola ere, Euskaltzaleak instituzio independente bat izan da hasieratik, eta orain bost urte ezarri zuen bere egoitza fisikoa. Euskaltzaleak oso anitza da, generoaren eta maila sozialaren aldetik, eta hautu politiko oso diferenteak dituen jendea dago. Hemengo ezker abertzaletasunarekin bat egin arren, argentinar gisa oso modu diferentean kokatzen dira bazkideak, eta hori oso interesgarria da, bertako ideologia asko bizi direlako han elkarren ondoan. Euskalduntzeari garrantzi handia ematen dionez, badago euskal arbasorik ez duen jendea, baina hizkuntza interesatzen zaiolako hurbildu dena.

Argazkia: Dani Blanco.

Buenos Airesen hasi zinen Gure Esku Dago (GED) mugimendua aztertzen.

Bai. Euskaltegian ikusi genuen Gazta zati bat dokumentala, eta txundituta geratu nintzen, gogora ekarri zidan lan politikoari buruz egin nuen tesia, nahiz eta konparazio guztiz ero eta oso orokorra izan. Lan politikoa egiteko modu artisau hori, pertsonaz pertsona… oihartzunak ekarri zizkidan. Gero, hasi nintzen gaiaz irakurtzen, eta, garaitsu hartan GED mugimenduko kideek parte hartu zuten diaspora osoa elkartzen zen jardueretan, eta iruditu zitzaidan ikertzeko kasu egokia izan zitekeela. Argentinako euskal diasporan espektro politiko osoa biltzen da, eskuinetik ezkerrera, eta harrigarria iruditu zitzaidan nola zetozen denak bat, Argentinako gaiei buruz ari direnean den-denaz eztabaidatzen dute-eta.

Zergatik ote?

Hau nik diot, nire izen-abizenez, baina esango nuke denak alde agertu direla oraindik ez dagoelako hautu loteslerik, ikusi nahi nuke ea zer gertatuko litzatekeen, adibidez, kontsulta bat antolatuko balitz. Edonola ere, oso esanguratsua iruditzen zait, eta horregatik azpimarratu nahi nuke, inork ez duela errefusatu, edo, behinik behin, inork ez duela errefusik adierazi publikoki. Babes lauso hori bezain esanguratsua iruditzen zait inork ez errefusatu izana. Hemen, adibidez, errefusatu da.

Eta halako batean erabaki zenuen Argentinako mugimendua ez ezik hemengoa ere aztertu nahi zenuela…

Beharrezkoa egin zitzaidan, konturatu nintzen gauza asko falta zitzaizkidala: ez nituen ezagutzen beste herri mugimenduak, nola lotzen diren edo ez diren lotzen GEDrekin, alderdien sare politikoa nolakoa den, ez soilik ezker abertzalea ezpada gobernua, nola bizi den hemen gobernuaren eta estatuaren arteko harremana… Diasporan, komunikabideen bitartez baino ez zaigu iristen hori, eta hasiera-hasieratik interesatzen zitzaidan arren hemengo egoera ezagutzea, momentu batetik aurrera ezinbestekoa egin zitzaidan, ezin nuen ikerketarekin jarraitu tokiko errealitatea ezagutu gabe. Beraz, beka bat eskatu nuen, eman zidaten, eta hementxe nago. Irailaren azken egunean iritsi nintzen, eta martxoaren hasieran itzuliko naiz Argentinara.

Une gori-gorian iritsi zara.

Bai, benetan. Une historikoaren bila ibili izan banintz ez zitzaidakeen tokatuko, eta hara! Kataluniako egoera ispilu bat da, euskal prozesua islatzen duen ispilu bat, bi aldetara. Iritsi eta berehala erabaki behar izan nuen ea Bartzelonara joango ote nintzen, eta azkenean erabaki nuen hemen geratzea eta ikustea nola bizi zen prozesu katalana hemen. Bi mailatan ari naiz prozesua bizitzen: batetik, deialdi eta manifestazio handien planoan, eta, bestetik, egunerokoan, nola hitz egiten den gaiaz tabernan, edo auzoko asanbladan, nola sortzen eta kantatzen diren L’estaca abestiaren bertsioak… Aztertu nahi dut, baita ere, nor eta noiz isiltzen den, jendea noiz ateratzen den kalera, adibidez erreferente kultural eta politikoak modu bidegabean espetxeratzen dituztenean, eta zelako nahasmena dagoen etorkizuneko hauteskundeetarako zerrendekin. Ikusi nahi dut nolakoa izaten ari den procés-aren prozesua, zer ulertzen den eta zer ez, uste dut oso presente dagoela hori hemen, ez dakigu zer gertatuko den Katalunian, eta euskal prozesuarekin ere oso lotuta dago, ez dakigu nolakoa izango den, mesede edo kalte egingo lukeen halako erreferendun handi bat antolatzeak hemen, noiz izango ote den une egokia, jada joan ote den, oraintxe ote den… Iruditzen zait GED oso toki ona dela horretaz guztiaz pentsatzeko ikuspuntu etnografiko batetik.

Azken hitza: Galdera berriak

Bi hilabete egin ditu Gaztañagak Euskal Herrian, eta oraindik egonaldiaren erdia baino gehiago geratzen bazaio ere, egin du aurrerapenik: “Galdera berriak eraikitzen hasi naiz, han ez neuzkanak, eta horixe da lehen urratsa. Espero dut erantzun ahal izango ditudala, baina edonola ere, gauza handia da inoiz okurritu gabeko galderak topatzea edo aurrez uste izandako gauzei buelta ematea. Orain jakin-minez nago, ea zer gertatuko ote den abenduaren 21ean Kataluniako hauteskundeekin eta zer eragin izango duen horrek hemen”.


ASTEKARIA
2017ko abenduaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Eguneraketa berriak daude