Inma Errea Cleix idazlea

"ETBko aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita"

  • Ideien mundua maite du Inma Erreak eta horregatik da kazetaria, itzultzailea eta idazlea. Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko bere bulego berritik euskara aktibatzea da orain esku artean duen lan nagusia.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2017ko azaroaren 19a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Inma Errea Cleix (Iruñea, 1960)

ETBn lan egin zuen kazetari hamaika urtez, eta 1997an Iruñeko Udaleko itzultzaile postua lortu zuen. Joan den martxotik, Iruñeko Udaleko Euskara zerbitzuburua da. Literatura eta harrikoa saiakera feminista argitaratu zuen Pamiela argitaletxearekin, 2003an. Itzultzaile gisa, lau saiakera (Haserretu zaitezte!, Ekonomialari harrituen manifestua, Ez duzu deus ikusi Fukushiman eta Filosofia alabari azaldua) eta hainbat ipuin euskaratu ditu.

Nondik datorkizu Cleix abizena?

Arbaso bat Liejatik (Belgika) etorri omen, eta Alduden kokatu zen. Jatorrizko abizena, hala ere, Glaize zen. Gero, birrapitxiren aita, Eñaut, Pirinioez alde honetara artzain etorri, eta hark eraikitako borda batean bizi izan zen familia Zilbeti herrira etorri arte.

Euskara etxean ikasi zenuen?

Txikitan herrian bizi nintzen, Iruñera ikastera etorri arte. Amak euskara ulertu bai, baina galdu zuen. Osabek bai, Ameriketara joan ziren, eta han euskara gorde zuten. Aita Mezkiritzekoa genuen, hura ere euskalduna. Baina guri ez ziguten irakatsi. Unibertsitateko lehen mailan nengoela hasi nintzen euskara ikasten, eta orduan ohartu nintzen hizkuntzaren oihartzuna eta doinua banituela, apitxi-amitxiak elkarrekin euskaraz mintzatzen baitziren, eta guk gaztelaniaz erabiltzen genituen hitz eta esamolde anitz euskaratik zuzenean itzuliak zirelako. Horregatik esanen zidaten arraro hitz egiten nuela Iruñera 8 urterekin mojetara etorri nintzenean!

Noiz piztu zitzaizun euskaltzaletasuna?

Mojetan ikasi nuen batxilergoa, eta gero UBI zena institutuan egin nuen, eta han ezagutu nituen ikaskide batzuk, Iruñean zegoen giro euskaltzalean mugitzen zirenak. Orduan hasi nintzen horretaz pentsatzen, eta erabaki nuen euskara ikasi behar nuela. Unibertsitateko lehen urtean, izena eman nuen han bertan, Jose Basterretxea Oskillaso gernikarrak ematen zituen klaseetan. Hurrengo urtean, Arturo Kanpion euskaltegira joan nintzen, eta lau urtean ikasi nuen, kazetaritza egin bitartean. Ikasteko askoz dibertigarriagoa zen euskara kazetaritza baino. Euskara ikasteak nire buruaz ulertzen ez nituen gauza asko argitu zizkidan. Nire baitan nituen bi hizkuntzen presentziaz jabetu nintzen, eta haiek bereizten ikasi nuen.

“Emakume jaiotzeagatik zer ikasi behar duzun
eta zer ez, edo zer literatura klase egin behar duzun, mugatzen duten ideiek sormena mendean hartzeko funtzionatzen dute”

Gaztetxo zinela tripetan sentitutako feminismoa ere aurkitu zenuen.

Egia. 15 urte inguru nituela gauza askorekin egin nuen topo. Orduan hiritartu nintzen. Hori baino lehen, hirian bizi nintzen astean zehar, baina asteburuetan herrira itzuli, eta han nintzen zoriontsu. Nerabezaroaren hasiera hartan, beste mundu bat ezagutzen hasi nintzen. Greba gogorrak zeuden, dena oso konplexua zen eta giro hartan euskararen ikuspegi politikoa ezagutu nuen, eta modu berean, feminismoa. Bidegabe jotzen nuen gauza batzuk desberdin egin behar izatea neska nintzelako. Gauza asko ez nituen onartzen. Nire zaletasun asko ez zeuden oso ongi ikusiak neska batengan, denbora asko nire gelan irakurtzen ematea, adibidez, edo idaztea. Ematen zuen zerbait susmagarria egiten ari nintzela. Beste adibide bat: herrian oso normala zen neskak eta mutilak elkarrekin jolastea, baita futbolean ere. Ikastetxean, mojek debekatu egin ziguten futbolean aritzea femeninoa ez zelakoan. Orduan matxinatu eta errugbian hasi ginen. Hasi ginen ostiaka gure artean, eta mojak izutu, eta futbolean jarraitzeko baimena eman ziguten.

Literatura eta harrikoa saiakeran literaturaz eta feminismoaz idatzi zenuen.

Saiakera gustatu izan zait betidanik. Harrikoa egiten, halako lan mekanikoetan, ideiak barra-barra etortzen zaizkit, eta horrela hasi nintzen liburu hori mamitzen. Barnean nituen gauza batzuk atera nahi nituen. Emakume jaio izateagatik bizi izan ditudan gauzen inguruko gogoeta da. Ez naiz feminismoaren intelektual bat, ezta gutxiago ere. Asko irakurritakoa bai, ordea, eta horrela egin nuen topo, esate baterako, Virginia Wolfekin. Gela bat norberarena lanean aurkitu nuen pentsatzen nituen gauza askoren isla.

Argazkia: Dani Blanco.

Zein dira nabarmendu nahi izan zenituen ideiak?

Emakume zein gizon, guztiok dugula eskubidea barnean duguna garatzeko, bat etorri ala ez genero arau hegemonikoekin. Arau horiek, gainera, aldakorrak dira, garaian garaikoak.

Ideia nagusi batekin egin nuen topo: sortzea dela zure baitatik libreki egin behar duzun zerbait, besteei utzi gabe esaten zer zaren edo nor zaren. Ideia horietan aurkitu nituen nire matxinada partikularren arrazoiak. Emakume jaiotzeagatik zer ikasi behar duzun eta zer ez, edo zer literatura egin behar duzun, mugatzen duten ideiek sormena mendean hartzeko funtzionatzen dute.

Emakume literaturaz eta emakumeentzako literaturaz hitz egin daiteke?

Gauza desberdinak dira. Literatura guztiona da, eta guztiontzat. Ematen du generoarena dela, soilik, emakumeen kontua. Literaturan ez ditut bereizi nahi gizonak eta emakumeak, baina, aldi berean, emakume kontzientziatuek idatzitako literaturak erakartzen nau, eta behartuta sentitzen naiz hori bultzatzera, berdintasunaren alde egitearren. Bazterketa positiboa egitea beharrezkoa jotzen dut, baina berez kontraesan bat da.

Ikerketa batzuk daude ideia horren inguruan, eta esaten dute emakumeek gehiago erabiltzen ditugula zenbait metafora, adibidez uraren ingurukoak. Ez dakit. Agian gure bizipenekin lotuta dauden gauzak erabiltzen ditugu, baina, aldi berean, ikaragarria da ikustea zein natural hitz egiten duten gizonek bizi ez dituzten esperientziez, erditzeaz, esate baterako. Gainera, haiek estereotipoak sortu, eta guk, emakumeok, irentsi behar... Horregatik, emakumeok zailagoa izaten dugu askotan nahi dugunaz idaztea, nahi dugun eran: nire esperientziaren ikuspegitik zerbait kontatu nahi badut, eta horretarako dauden kontatzeko moldeak gizonek sortuak badira...

Bestalde, esan izan da emakumeok ez garela gauza pentsamendu abstraktua jorratzeko. Hori esaten badizute, behin eta berriz, eta emakume izanda ideien mundua gustuko baduzu, pentsa dezakezu emakume arraroa zarela. Niri saiakera gustatzen zait, eta poesia ere bai. Etiketak oso erraz jartzen dira, eta kalte handia egiten diote jendeari. Nik aitortzen dut horregatik sufritu dudala. Nerabezaroan guztiok sentitzen gara arraro. Nire kasuan, arrarotasun horri aurre egiteko nesken ohiko tresnak, dotore paratzea, makillatu eta diskoteketara joatea ligatzera, ez ziren baliokoak. Dantza egitea izugarri gustatzen zait, baina gaztetan, azienda feria batean nola, hala sentitzen nintzen dantzalekuetan, eta ez dakit gaur egun ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen.

“Iruñean, euskara ez ikusteko ahalegin handiak egin dituzte batzuek, eta horregatik herri txikiago askotan baino okerrago gaude”

Kontu horretan gehiegi ez dugu aurreratu, ezta?

Susmoa dut ezetz. Eta nondik dator hori? Ez dugu ikusi nahi, baina hori gertatzen ari da gizarteak berak eta bertako egiturek pentsamolde horri eusten diotelako. Haserretzen naiz horrekin. Indarkeria matxistarekin asaldatzen gara, baina ezer gutxi egiten dugu eteteko. Gaur, lehen bezala, gizon bati ezetz esaten badio neska batek, azalpenak eman behar dizkio. Gizon askok ez dute ezetza onartzen. Ikaragarria da, eta ez da aldatu, goiko egiturek segitzen dutelako hori elikatzen. Patriarkatua, kapitalismoa… Nahi duzun bezala deitu, baina hor dirau, eta hori aldatzea ez zaie komeni boteretsuenei.

Beste generoak egiten duena ez imitatzea feminismoaren gakoetako bat da?

Bai, baina zaila da. Virginie Despentesek, esate baterako, proposatzen du kontrakoa: emakumeak gizonen antzera egitea, bestela batere kasurik ez digutelako eginen. Adibidez, ez egitea uko gizonek defendatzeko erabiltzen dituzten moduei. Baina feminismo kontziente batetik arituta. Beste alde batetik, badira gizonen pare ibiltzen diren emakumeak, beste emakumeei kalte egiteko beldurrik ez dutenak, emakumeekin gizonak baino zorrotzagoak. Halakoek mespretxatzen dituzte ustez beren mailara iristen ez diren emakumeak. Hori ez da Despentesek proposatzen duena. Batzuendako eskandalagarria da, baina oso interesgarria da idazle horrek kontatzen duena. King Kong teoria liburua izugarria da [euskarara ekarri du Itziar Diez de Ultzurrunek], eta guztiei, eta bereziki gizonei, gomendatzen diet. Probokazioa irudi lezake, baina ez da hori. Despentesek beraren historia kontatzen du: bortxaketa, prostituzioan izandako esperientziak…

Itzuliko zinateke kazetari lanera?

Euskal Telebistan egiten nuen kazetaritza motara ez nintzateke itzuliko. Esperientzia ona izan zen, baina une txarrak ere pasatu nituen. Orduan hasi zen kazetaritza aldatzen. Ikuskizunari gero eta garrantzi handiagoa ematen hasi zitzaion, eta hala da orain ere.

Kazetaritza ikastea hautatu nuen idaztea gustuko nuelako, baina badira gauza asko jasaten ez ditudanak, ikuspegi sexista, esate baterako. Aurkezleak ezkontza batera joanen balira bezala doaz jantzita. Negu gorrian, tirantedun soineko dotoreekin, izugarrizko takoiekin… Eta hori gizartearendako eredua da. Horrek ez ditu emakumeak ahaltsuago bihurtzen, ahulago baizik. Mezua da irudia oso inportantea dela, agian inportanteena. Telebista frantsesean ez da hain muturrekoa, jantziak soilagoak dira, esate baterako, eta Ingalaterran berdin. ETB jarraitzen ari zaio Estatuko beste telebisten ereduari, eta ez zait gustatzen. Azken boladan, TV3 ikusten dut. Telebista konbentzionalen artean, duinena iruditzen zait.

Argazkia: Dani Blanco.

Itzultzaile bokazioz?

Gustatzen zait ahalik eta hobekien ematea hizkuntza batean beste hizkuntza batean sortua izan dena. Ideiak garraiatzea hizkuntza batetik beste batera. Oso gustukoa dut hizkuntzekin jolastea.

Giro eleaniztun batean sortu eta hazi izanak eragina izango zuen horretan, zalantzarik gabe. Herrian, euskararen eta gaztelaniaren presentziaz gain, frantsesaren eragina ere bazegoen, eta txikitatik izan dut izugarrizko jakin-mina gauza berriengatik. Gure etxera maiz etortzen ziren “amerikanoak”, esamolde ingelesak ahoan. Gure aita Idahon ibilia zen artzain, eta amaren aldetiko osabak Kalifornian genituen.

Stéphane Hesselen Haserretu zaitezte! lanaren itzulpenak zer garrantzi izan du zuretzat?

Lan hori, eta urte berean, 2011n, plazaratu ziren beste biak ere, Ekonomialari harrituen manifestua eta Ez duzu deus ikusi Fukushiman, Denonartean argitaletxe orduan hasi berriaren enkarguak izan ziren. Bizi-bizi aritu ginen, hainbat hizkuntzatan aldi berean kaleratu nahi zutelako Hesselen lana. Ekonomialariena eta Fukushimarena ere azkar-azkar joan ziren, errealitateak, krisiak eta istripu nuklearrak premiatuta. 2014an, laugarren bat egin genuen: Filosofia alabari azaldua. Lan lasaiagoa izan zen.

“Azienda ferian nola, hala sentitzen nintzen dantzalekuetan, eta ez dakit gaur egun ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen”

Zein dira Euskara Zerbitzu berrituaren erronka nagusiak?

Hasteko, esan behar da ez dela egia Iruñeko Udalean ez dela ezer egin urte hauetan. Baina normalizazioaren bidea asko murriztu zen UPNk agintean emandako denboran, eta euskara kulturaren esparruan landu zen gehienbat. Gauza asko izoztuta gelditu ziren 1999an. 1997an onetsi zen euskararen ordenantza. Gauza batzuk egin ziren arren, beste asko tiraderetan gorde zituzten.

Ordenantza bera hiru alditan murriztu zen, harik eta 2012an laugarren aldaketa egin arte, kasu horretan, bere ahalmena pitin bat zabaltzeko: euskarazko errotulu eta testuetan euskaraz erabilitako tipografia irakurgarriagoa egiteko proposamena onetsi zen.

Orain Udaleko gobernu-taldeak hasierako ordenantza haren espiritua nahi du berreskuratu, eta hori dela-eta gauza asko abiarazi behar dira. Hori lortze aldera berregituratu da Euskara Zerbitzua, itzultzaileak ere bertan kokatu eta euskara teknikari berri bat kontratatuta.

Hala ere, zaila da denera iristea denbora gutxian eta dauzkagun baliabideekin. Krisi ekonomikoa ez dakit gainditu ote dugun, baina haren ondorio anitz pairatzen ari gara oraindik.

Premiazkoena zer da?

Gauza asko: erabilera plana behar dugu barrura begira, eta euskara plana, hirira begira. Zehaztu behar dugu zer egin dezakegun, ditugun baliabideekin, herritarrei zerbitzua emateko.Gauza asko daude egiteke. Iruñerriko beste herri txikiago batzuetan jada egin diren urratsak eman behar ditugu guk orain. Iruñean euskara ez ikusteko ahalegin handiak egin dituzte batzuek, eta horregatik herri txikiago askotan baino okerrago gaude. Gainerako euskara zerbitzuekin hasi gara orain lankidetzan, sinergiak sortze aldera. Iruñean, Iruñerrian gaude, eta aldi berean gure hiria nafar hiriburua da, eta hori guztia ez dugu bistatik galdu behar.

Kanal hauetan artxibatua: Feminismoa  |  Euskara  |  Literatura  |  Iruñea  |  Sexismoa

Feminismoa kanaletik interesatuko zaizu...
Gizonen pelikulak bakarrik Euskadiko Filmategiaren urteurrenean: zinema-munduko emakumeek emanaldi alternatiboa prestatu dute

Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu aurten; Kimuak katalogoak berriz, 20. Eta bi efemeride horiekin lotuta antolatu dituzten emanaldietan, ez dute emakumeek zuzendutako lan bat bera ere programatu. Horren aurrean, zinema-munduko hainbat emakumek emanaldi alternatiboa prestatu dute apirilaren 26an.


2018-04-25 | ARGIA
Chocolate Remixen reggaetoi lesbo-feminista iritsiko da Zarautzera ostiral honetan

Apirilaren 27an, ostirala, Chocolate Remix artista argentinarrak kontzertua emango du Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, gaueko 21:30ean. Kontzertua Zarauzko LGTBIQ+ sareak antolatu du.


2018-04-25 | Zebrabidea
Marina Sagastizabal
"Feminismotik asko dago esateko independentziaren inguruan"

Terra de Ningú. Perspectives feministes sobre la independència liburua kaleratu berri dute Gatamaula kolektibo feministak eta Pol·len argitaletxeak. 47 pertsonak hartu dute parte sorkuntza honetan.


Bangladesheko Rana Plaza eraikineko 1.130 emakumeen heriotza salatzeko mobilizazioak deitu dituzte

Euskal Herriko Emakumeen Martxak asteartean mobilizatzera deitu du Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Bangladesheko Rana Plaza eraikina erori zenetik bost urte bete direla eta. Bertan hildako 1.130 emakumeak kapitalismoak hil zituela salatuko dute.


Zuriñe Rodriguez
"Mugimendu feministak bake prozesuan parte hartu behar du"

Zuriñe Rodriguez kazetariari beti interesatu zaio ea emakumeek zer rol bete dituzten gatazka armatuetan, baina konturatua zegoen beti dela errazago urrutiko korapiloak aztertzea norberarenak baino. Hara non, ordea, masterreko lanean zer gai landuko zuen erabaki behar zuen astean, orduantxe iragarri zuen ETAk behin betiko utziko zuela jardun armatua. Eta hala ekin zion Rodriguezek hura aztertzeari, gure hau.


2018-04-22 | Ane Labaka Mayoz
Hilekoari beha
Bizitza ez baita lineala, biribila baizik

Emakume gorputz ezezagunak, estu hartuak, minduak, aurreiritziz estaliak. Ione F. Zabaleta eta Enara I. Dominguez irundarrak kritikoak dira ginekologia molde hegemonikoarekin. Norbere gorputzak ezagutu, behatu, eta jakintza elkarren artean trukatzea lehenesten dute. Helburua errealitate samurragoa eraikitzea da. Hilekoaren nondik norakoak azalduz autoginekologian pausoak emateko bidea erakutsi digute.


One Orti printzesa baskoia
Dinastiak batzeko tresna

Iruñea, c. 848. Oneka Orti jaio zen, Iruñeko Orti I.a Gartzez Begibakarra erregearen eta Auria erreginaren alaba, Aritza leinukoa. Haren berri Rodako Kodexak eta Al-Andaluseko historialarien kronikek jaso zuten, bain a ezer gutxi adierazten dute bere izaeraz eta, hala, Oneka bere ezkontzek izan zuten eragin politikoarengatik da nagusiki ezaguna.

 


2018-04-22 | Saioa Baleztena
Leticia Dolera. Sororitatea aldarri
"Feminismoa ez dago gizonezkoen kontra, baizik eta patriarkatuaren kontra"

Bere burua “aktore, zuzendari, feminista eta zonbi-hiltzaile” definitzen du Leticia Dolerak (Bartzelona, 1981). Antzezle gisa ibilbide luzea egin ondotik, 2015ean zuzendu zuen bere lehendabiziko filma eta otsailaren hondarrean publikatu zuen Morder la manzana (Sagarra hozkatu), liburua.


2018-04-17 | Arabako Alea
Mugimendu feministaren aurkako isunak salatu dituzte

Kartelak jartzeagatik eta grebarako deia zabaltzeagatik Gasteizko Udalak orotara 1.450 euroko zigorrak ezarri dizkiola salatu du Gasteizko Bilgune Feministak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude